MENDIA
Everesterako lehen fasea burutu du Alex Txikonek, Ama Dablam igota
Everesterako hirugarren saiaikera helburu, Ama Dablamen gailurra egin du Alex Txikonek gidaturiko taldeak
Bizkaitarrak gidatutako taldeak, Jonatan Garcia ere tartean zela, Ama Dablam (6.858 metro) igo du. Horrela, Ama Dablam mendirako zuen asmoa bete egin du Alex Txikonek, seimilakoa igotzeko egindako lana prestaketa ona izan delako Everestera begira.
Izan ere, lemoarraren helburu nagusia hurrengo asteetan munduko mendi garaiena lehen aldiz neguan eta oxigeno artifizialik gabe igotzea baita.
“Amaren lepokoa” (nepaleraz) ibilbidearen lehen urratsa izan da. Berez, bi bizkaitar hauek, Garcia eta Txikon, gailur hori neguan zapaltzen lehen euskal mendizaleak izan dira. Baina aurretik mundu zabaleko ia 50 alpinistak sasoi berean igo dute mendi hori. Bitxia bada ere, seimilako hori lehen aldiz neguan eskalatu zen. 1961. urteko martxoaren 13a zen. Protagonistak: Mike Gill eta Wally Romanes zeelandaberritarrak, Barry Bishop estatubatuarra eta Mike Ward ingelesa.
Txikonen taldeak hego-mendebaldeko ertza aukeratu zuen igoera egiteko, seimilakoaren ohiko bidea alegia. Alpinistarekin batera, beste lau hauek osatu dute taldea: Jonatan Garcia bizkaitarra eta Cheppal, Pasang eta Kalden nepaldarrak. Hasieratik haizete gogorrak eta hotz handia jasan behar izan dituzte.
Nepalgo lau eta erdiak zirenean azken 500 metroei ekin zieten. Sei ordu beranduago (Euskal Herrian goizeko 4.30 zirenean) gailurra zapaldu zuten. Lau alpinistok jaitsiera oso azkarra egin zuten. Bost ordutan kanpaleku nagusian ziren.
Igoeran zein jaitsieran egin dituzten bost egun horiek oso gogorrak izan dira. Esate baterako, gailur egunean haizearen indarra 40 kilometro ordukoa izan zen. Sentsazio termikoa, berriz, -35°koa.
Txikonen taldeak esku artean duen egitasmo gorenerako lehen urratsa egin du beraz. Everesteko bigarren saiakeran aklimatazio fase hori Pumorin gauzatu zuen; orain, berriz, Ama Dablamen. Gogoratu behar dugu Everesten egingo duen hirugarren saiakera honetan seimilakoaren gailurrean izan direnek hartuko dutela parte. Horietako bat Jonatan Garcia barakaldarra dugu.
Oihana Azkorbebeitia: “Euskal ikurrekin eta euskal herritar gisa joaten naiz leku guztietara”
Munduko Kopan hirugarren izan berritan kalakan aritu gara Abadiñoko korrikalariarekin
Javier Goitia eta Zutoia Odriozola, Urduñako mendi lasterketako garaileak
Aurtengo proban, 33 kilometro eta 1.750 metroko desnibel positibokoa, Txolope eta Bedarbide mendiak igo zituzten
Eneko Gurrutxagak eta Maddi Mujikak irabazi dute Adunako mendi duatloia
2021eko Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituko irabazleak Enara Oronoz eta Eneko Gurrutxaga izan dira