ARRAUNA
Eusko Label eta Euskotren ligak
Uztailaren 4an hasiko dira Eusko Label eta Euskotren ligak, Coruñan, eta jeitsierak eta igoerak egongo dira
TKE Traineru Kluben Elkarteko hamabi kideek batzarra luzea egin zuten iragan larunbatean eta onartu zituzten aurtengo Eusko Label eta Euskotren ligen egutegiak.
Itzulera ekainaren 28rako aurreikusia bazegoen ere, azkenean osasun egoerak ahalbidetzen badu, uztailaren 4an hasiko da lehia, Coruñan (Galizia), egun horretan jokatuko direlarik bi ligetako lehen estropadak.
Hori hala izateko, baldintza bat bete beharko da, ekainaren 8an, hirugarren fasearen hasieran, arraunlariek aukera izatea taldekako uretako entrenamenduak hasteko. Hori posible ez balitz, astebete atzeratuko zen txapelketen hasiera, eta aurreneko lehia uztailaren 11n izango litzateke, Donostian.
Eusko Label Ligaren kasuan orotara 18 estropada jokatuko dira, eta Euskotren Ligan hamabi, aurreko urteetan bezalaxe. Edozein kasutan, txapelketa baliorik gabe ez geratzeko, gizonezkoen ligan behintzat hamabi estropada lehiatu beharko dira, eta emakumezkoetan zortzi.
TKEk adostu duen egutegian, lehiaketarik gabeko hiru asteburu geratzen dira gordeta, bestelako txapelketak horietan jokatu ahal izateko. Abuztuko lehenengo asteburuan Espainiako Txapelketa lehiatzea aurreikusia dago eta iraileko aurreneko bi igandeetan Kontxako Bandera.
Hartu den bestet erabakietako bat izan da, Eusko Label Liga ez dela txapelketa itxia izango, eta jaitsierak egongo direla aurten ere. Zarautzek luzatu zuen igoerarik eta jaitsierarik ez egoteko asmoa, baina adostasun nahikorik ez du bildu proposamenak eta beraz, azkena jaitsi egingo da KAE 1 ligara, eta bigarren mailako aurrena igo egingo da. Halaber, Eusko Label ligako azken-aurrenak, KAE 1 ligako bigarrenak eta hirugarrenak, eta Galiziako ligako lehen biek kanporaketa jokatuko dute.
Bestalde, itzulerarako hartu beharko diren osasun neurriei dagokionez, egoera honetan estropadak antolatzeko gida bat atera dute eta printzipioz, neurri nagusiena jendetza bildu ez dadin ahaleginak egitea izango da, eta horretarako, fan zone delakoa ez da aurten antolatuko eta estropadarako sarrera eta irteeretan kontrol gehiago egongo da.
Klub guztiek jarraitu beharko duten osasun protokoloaren inguruan ez zen xehetasun handirik eman, momentuz taldeek test serologikoak egin dituzte lehen aste hauetan eta lehiaketa hasteko astebete faltako denean berriro errepikatuko dituzte. Hortik aurrera, klub bakoitzeko medikua izando da arraunlarien osasunaren kontrola eramango duena, eta noizbait positiboren bat ematen bada, protolokoan jasota dago zer egin egoera bideratzeko.
Denboraldi honetarako aurrekontuak ere onartu egin ziren, non kopuruak aurreko urteekin alderatuta dexente murriztu diren, covid19 gaitzak sorturiko egoeraren ondorioz eta aspalditik zetorren babesle berriak lortzearen beharra ez delako gauzatu momentuz.
Arraun Lagunak eta Orio, garaile Lekeition
Donostia Arraun Lagunakek eta Oriok bereganatu dute Lekeitioko 43. bandera, traineru denboraldiaurreko azken probetakoa
Donostiarra nagusitu da Mutrikuko XXI. ikurrinan
20:24.26ko denbora eginda, 11 segundo atera zizkion bigarren sailkatuari, Zierbenari alegia
Euskadiko Trainerilla Txapelketa irabazi du Bermeok
Gazteen mailan, gizonezkoetan urrea Santurtzik eraman zuen eta emakumezkoetan Kaiku nagusitu zen