EUSKAL PILOTA
Eusko Label binakako txapelketako laugarren jardunaldia jokatu da asteburuan
Martxa ederrean doa Eusko Label binakako txapelketa. Asteburu honetan 4.jardunaldia jokatu zuten ostiraletik igandera bitartean hiru jaialdi ederrekin, Oñatin, Aizarnazabalen eta Antzuolan, hurrenez-hurren
Ados emakume pilotarien klub profesionalak antolatuta Eusko Label Binakako Txapelketa hasi zuten urtarrilaren 2an, eta dagoeneko laugarren jardunaldia lehiatu dute.
Ostiralean Oñatin eman zitzaion hasiera asteburuko jardunaldiari, 19:00etan hasi zen jaialdiarekin, non txapelketako bi partida jokatu zituzten: promesen kategorian Zelaiak Lopezekin osatu zuen bikotea eta Etxekolonea eta Mujikaren kontra jokatu zuten. Lehen mailako partiduan, berriz, Iturriaga eta Egañak Kortazarren eta Ezeizaren kontra zuten partidua.
Lehenengo partidan, Etxekolonea eta Mujika izan zituzten arerio Zelaiak eta Lopezek. Hasieratik jarri ziren aurretik gorriak. Markagailuaren bilakaera 7-1, 12-03 eta 22-09 izan zen.
Bigarren partida estuago joan zen, eta ikusteko ere zirraragarriagoa izan zen. Gorriz aritu zen Uxue Oses Egaña, Iturriaga bikote-lagunarekin batera. Aurrez aurre izan zituzten Kortazar eta Arrate Bergara Ezeiza. Urdinak aurreratu ziren markagailuan partidako lehen unean, eta lau tantoko aldea zabaldu eta mantendu zuten hasieran, gorriek atzetik aurrera egin eta 10na berdintzea lortu zuten arte. 11. 14. eta 16. kartoietan ere egin zuten bat bi bikoteek. Urdinak jarri ziren aurretik hurrengo bi tantoetan, baina 18nako berdinketaren ostean gorriak gehiago izan ziren. Hurrengo lau tantoak gorriak izan ziren, eta hala iritsi ziren 22ra.
Larunbatean, Aizarnazabalen ere emozio handiko bi partidu ikusteko aukera egon zen, batez ere promozio mailan azken tantoan erabaki baitzen partidua. Azken emaitza, 22-21 Mondragon eta Zaldainen alde, Peribañez eta Alduntzinen aurka.
Lehen mailako partiduan azken orduko aldaketa izan zen Covidak eraginda, Iantzi-Etxenikeren ordez Etxekolonea-Mujikak jokatu baitzuten. Eta azken hauek nagusitu egin ziren, Iturzaeta eta Azpeitiaren aurkako lehian, 22-16.
Igandean berriz, Antzuolan jokatu ziren honako partiduak, eguerdiko 12:00etan hasita udal pilotalekuan: Promozio mailan, Rodriguez-Mondragon II.a vs. Santos-Urriza eta profesionaletan, Etxeberria-Iraeta vs. Iturzaeta-Azpeitia.
Rodriguez bikote-lagunarekin batera partida bikaina egin zuen Leire Galeano antzuolarrak herriko frontoian. Norgehiagoa estua eta gogorra izan zen, ikustekoa. Hasieratik jarri ziren aurretik gorriak; 17-11 tartea zabaltzeraino. Orduan, behetik gora egin zuten urdinek eta 17na berdintzea lortu zuten. 18ra ere berdinketa egon zen. Hortik aurrera, ordea, gorriak izan ziren nagusi, azken emaitza 22-18 izan zelarik, Rodriguez eta Mondragon II.aren alde.
Promesa gazteen partidaren ostean jokatu zen lehen mailako pilotariena. Aurrez aurre izan ziren Etxeberria-Iraeta eta Iturzaeta-Azpeitia bikoteak. Gorri joan zen norgehiagoka hasieratik., garaipena haien alde erori zelarik (22-12).
Oñatiko emaitzak:
Zelaia-Lopez 22 Etxekolonea-Mujika 09
Iturriaga-Egaña 22 Kortazar-Ezeiza 18
Aizarnazabaleko emaitzak:
Mondragon-Zaldain 22 Peribañez-Alduntzin 21
Etxekolonea-Mujika 22 Iturzaeta-Azpeitia 16
Antzuolako emaitzak:
Rodrigez-Mondragon 22 Santos-Urriza 18
Iturzaeta-Azpeitia 22 Etxeberria-Iraeta 12
Hurrengo jardunaldia datorren asteburuan lehiatuko da:
-Urtarrilak 29, Lizarrako Remontival pilotalekuan, 18:30: Iturzaeta-Azpeitia vs. Iturriaga-Egaña eta Etxeberria-Iraeta vs. Zelaia-Lopez
-Urtarrilak 30, Beasaingo Antzizar pilotalekuan, 12:00: Iantzi-Etxenike vs. Etxeberria-Iraeta eta Etxekolonea-Mujika vs. Kortazar-Eceiza.
Markina-Xemeinen hasi da Jai Alai World Tour zesta-punta zirkuitua
Beaskoetxea-Lekerika eta Erkiaga-Ibon Aldazabalen arteko finalerdiak eman zion hasiera zesta-puntako zirkuituari
Salsamendi-Ruiz de Larramendi eta Arraiza-Gaminde, txapeldun
Nafarroa Foru Erkidegoa lehiaketako txapelak jantzi zituzten Nafarroa Arenako jaialdi historikoan
Ostegunean hasi zen Baztan-Errekako gaztetxoen laxoa txapelketa
Bost talde ariko dira, hiru Doneztebekoak eta bi Iruritakoak eta abuztuaren 6an jokatuko dute finala Arraiozko plazan