EUSKAL PILOTA
Eusko Label Binakako Pilota Txapelketaren finalerdiak jokatu dira
Azken txanpan dago Ados Pilota klub profesionalak antolatutako Eusko Label Binakako Txapelketa, asteburu honetan argitu delarik zein lau bikote arituko diren Lehen eta Promozio mailetako finaletan, hilaren 27an, Azkoitiko Gurea pilotalekuan.
Abenduaren 26an eman genion hasiera Eusko Label binakako txapelketari eta larunbat honetan finalerdiak jokatu ziren Amurrion. Tentsio handia nabaritu zen kantxan jokatu ziren hiru finalerdietan. Jaialdiari hasiera emateko promozio mailako pilotariak aritu ziren lehian. Santosek eta Urrizak ez zuten hutsik egin eta nagusitasunez irabazi zuten partida, 22-10 Mondragon eta Zaldainen kontra. Hala eta guztiz ere tanto lehiatu eta onak ikusteko aukera izan zen lau pilotarien eskutik. Honela, Santos eta Urriza, aurretik finalerako txartela lortua zuten Rodriguez eta Mondragon II.aren kontra jokatuko dute finala .
Lehen mailako lehen finalerdian berriz, Iturriaga-Egaña eta Kortazar-Iraetaren arteko partida markagailuak erakusten duena baina gogorragoa izan zen. 50 minutu iraun zuen norgehiagokan urdinak bikain ekin zioten partidari, atzean Oihana nagusituz eta aurrean berriz Ainhoa errematean bikain. Gorriek erdira arte defentsa lan handia egin behar izan zuten partiduari eusteko. Erditik aurrera, ordea, partida aldatu egin zen. Iturriagak eta Egañak pilota aldatzea erabaki zuen eta ateratako pilota horrekin min egiten hasi ziren. Uxue atzean sendo eta Iturriaga aurrean asko asmatzen hasi zen. 11-12 galtzen joatetik ia 22rainoko bidea egitea igaro ziren, txapelketa guztian eman duten maila berretsiz. Azkenean 22-12 irabazi zuten Iturriagak eta Egañak.
Bigarren finalerdia ere bete betekoa izan zen. Bikote indartsua osatzen dute Zelaiak eta Lopezek. Biek ikaragarri astintzen dute pilota eta horrelaxe ekin zioten partidari. Mujikak oso atzetik erantzun behar izan zien haien pilotakadei eta aurrean Zelaiak aukerako pilota hartzen zuen. Dena den Etxekolonea zubietarrak defentsan lan handia eginez eta gorrien huts batzuk tarteko, markagailuan alde handirik gabe segitu zuten. Alde handiena 17-12koarekin lortu zuten baina urdinek ez zuten amore eman, Mujikaren bolea ikusgarri bati esker 18-17 ere hurbildu baitziren. Azken txanpan, aldiz, gorriek hobe jokatu zuten eta garaipena lortu zuten.
Gauzak horrela, datorren igandean, otsailaren 27an, 12:00etan hasita jokatuko dituzte finalak Azkoitiako Gurea pilotalekuan, EITBk zuzenean emango duen jaialdian. Promozio mailako finalean Rodriguez leitzarra eta Mondragon, Santos eta Urrizaren kontra arituko dira. Lehen mailako finalean, berriz, Iturriaga leitzarra eta Egaña, Zelaia eta Lopezen kontra ariko dira.
Arraioz nagusitu da promozioko laxoa txapelketan
Finalean Irurita eta Arraioz neurtu ziren eta lehia estu eta ikusgarri baten ondoren, arraioztarrak nagusitu ziren, 8-9
Xabier Azpirozek irabazi zuen Eguberrietako erremonte txapelketa
Lekunberriko atzelariak hiruko finalean Xanti Uterga doneztebarra eta Ion Etxeberria azpeitiarra gainditu zituen
Zabalik da Binakako Master txapelketarako izen emate epea
Nahi duten emakume guztiek har dezakete parte eta azken urteetan ohitura den bezala, txapelketa bi mailatan jokatuko da: pilota mistoa eta pilota goxoa