EUSKAL PILOTA
Eusko Label Binakako Pilota Txapelketaren finalak jokatu dira Azkoitian
Madalen Etxegarai Zelaia eta Olatz Ruiz de Larramendi Lopez izan dira irabazleak emakumezkoen Eusko Label Binakako Txapelketako lehen mailako finalean. Azkoitiko pilotalekua bete egin zen finalistek eskainitako ikuskizunaz gozatzeko. Promozioan, garaipena Rodriguezek eta Mondragon II.ak osatutako bikotearentzat izan da.
Abenduaren 26an eman zitzaion hasiera Eusko Label binakako txapelketari eta igande honetan jokatu jokatu ziren Azkoitiko Gurea pilotalekuan bi mailetako finalak, 300 pilotazale ingururen aurrean. Pilotariek eta antolatzaileek nabarmendu dutenez, txapelketa beste pauso bat izan da urte osoko egutegi bat izateko.
Frontoiak emakumeenak ere badirela erakusteko jaio zen Ados Pilota eta Emakumezkoen binakako Eusko Label txapelketa izan da emakume pilotari profesionalen klubak antolatu duen lehen txapelketa handia. Amak ere lehen lerroan jarri nahi izan ditu Ados Pilotak txapelketa honetan eta horrela, pilotari guztiek beren amen abizenarekin jokatu dute txapelketa berria.
Lehen Mailan, Madalen Etxegarai Zelaia eta Olatz Ruiz de Larramendi Lopez nagusitu ziren, Iera Agirre Iturriaga eta Uxue Oses Egaña 22-11 mendean hartuta. Irabazleek txapelketa biribila osatu dute, oso gustura aritu dira elkarrekin, eta jokaturiko zortzi partidetatik bakarra galdu dute, Iturriaga-Egañaren aurkakoa, ligaxkan (22-14).
Bikote finalistak ligaxkako lehen bi postuetan geratu ziren eta zuzenean sailkatu ziren finalerdietarako. Finalerdietan, ligaxkan hasitako lan onari segida eman zioten: Iturriaga-Egañak 22-12 hartu zituzten mendean Ainhoa Ruiz de Infante Kortazar-Oihana Orbegozo Iraeta, eta Zelaia-Lopezek, 22-17 Naroa Elizalde Etxekolonea eta Maite Ruiz de Larramendi Mujika.
Finalaren azken emaitzan alde nabarmena izan bazen ere (22-11), lehia estua egon zen une askotan eta orohar partida gogorra izan zen. Orekatua hasi zen lehia baina 4-5ekoarekin amaitu zen parekotasuna, 13-1eko partziala lortu zutelarik irabazleek, partida hautsiz (16-7).
Promozio Mailan berriz, Goiuri Zabaleta Rodrigezek eta Leire Galeano Mondragonek jantzi zuten txapela. 22-16 irabazi zieten Maddi Berrocal Santosi eta Irati Zabala Urrizari.
Aurrera begira, martxo-apirilean beste txapelketa bat antolatzeko asmoa dute antolatzaileek, Upel pilota enpresarekin eta udan, Plazaz Plazaren bigarren ekitaldia egin nahi dute ere.
Enrique Abril Errebote Txapelketaren aurreneko partidak jokatu dira
Eguraldiak baimentzen badu, lehenengo faseko ligaxka irailak 20-urriak 18 bitartean egingo da
Urrizak zazpigarrenez irabazi du buruz buruko txapela
Iruindarrak zazpigarren txapela eraman zuen etxera, Kutxabank Torneoko finalean Endika Urrutiari 30 eta 27 irabazi ondoren
II. San Migel Xare Irekiko finalerdiak erabakita
Finalerdiak irailaren 26an: Lopetegi-Karrikaburu vs Borteyru III-Sistiage eta Etxeberri-Funosas vs Driolet-Moncada