KIROLA ETA EUSKARA
Aritz Olagai: «Euskaraz aritzen diren entrenatzaileekin egiten dugu lan»
Argazkiak: ehkirola.eus
«Elkarteei zuzendutako metodologia bat garatu dugu haur eta gazteen artean euskararen erabilera kirolean bultzatzeko»
Aritz Olagai (Zubieta, 1968) Psikologian lizentziatua da eta kirola eta jarduera fisikoaren masterra du egina. Kirolean euskara sustatzeko metodologia du garatua.
Kontaiguzu zer den egiten duzuena, mesedez
Orain lau urte neure kasa jarri nintzen lanean, autonomo gisa, eta proiektu bat ipini nuen martxan, haur eta gazteen artean euskararen erabilera kirolean bultzatzeko helburuarekin. Gure jardueraren eremua kirolean.eus webgunean ikus daiteke. Metodologia bat garatu genuen eta Donostiako udalari eskaini. Gustuko izan zuten, baina esleipen publiko bat atera behar izan zuten. Aurkeztu eta irabazi egin genuen. Harrez gero horretan dihardugu.
Elkarteei zuzendutako metodologia bat da, zehazki 17 elkarterekin egiten dugu lan. Edonola ere, ez dira elkarte guztiak, 200 kirol elkarte inguru baitaude gutxieneko jarduera batekin Donostian. Hiru baldintza jartzen ditugu gure programan sartzeko: entrenatzaile euskaldun kopuru dezentea izatea, elkartearen garrantzia ere kontuan izaten dugu eta diziplina ezberdinetako elkarteak izatea.
Hasieran gu joaten ginen elkarteengana programan sartzera gonbidatuz, baina iaz informazio publikoa zabaldu zen elkarteetara eta ateak zabaltzen hasi ginen aipatutako baldintzak betez gero.
Baina azpimarratu behar da, elkarteen jarduera osoa ez dela gure egitasmoan sartzen, entrenatzaile euskaldunak eta euskaraz entrenatzen dutenak bakarrik sartzen dira. Alegia, gu ez gara sartzen elkarteen barne funtzionamendua euskaraz egiten den ala ez, edo nola garatzen duten komunikazioa. Gu entrenatzaileek euskaraz egin dezaten eta entrenamenduak euskaraz izan daitezen ahalegintzen gara.
Ze ekintza egiten dituzue?
Esan bezala, gu entrenatzaileekin aritzen gara, gazte eta haur entrenatzaileekin (gehienak haurren entrenatzaileak dira). Eta hauek euskaraz egin behar dute. Sarritan kontu hau ez da behar bezala ulertzen. Hainbat klubetara joaten gara eta entrenatzaile euskalduna dutela esaten digute, baina euskaraz egiten al du? Hor dago gakoa.
Entrenatzaileak euskaraz aritu behar dira, haur edo gazte kirolariek aldiz, nahi duten hizkuntzan jardun daitezke. Inportantea iruditzen zaigu ere, gazte eta umeak ez behartzera euskaraz egitera.
Ikasturtearen hasieran formakuntza ematen diegu entrenatzaileei. Gu geu joaten gara elkarteetara eta bakarka edo talde txikietan formatzen ditugu.
Gero urtean zehar jarraipena egin eta aholkularitza ematen diegu. Urtean zehar 3 edo 4 bisita egiten ditugu entrenamenduetara.
Argi uzten diegu, gu aholkulariak garela ez ikuskatzaileak .
Ze arazorekin topatzen zarete?
Ez da egoera orokorra, baina batzuetan ohartzen gara haur edo gazteek ez dutela ondo ulertzen euskara. Nahiz eta eskolan B edo D ereduan egon, hainbati kosta egiten zaiola entrenamendua euskaraz jarraitzea. Ez da orokorra baina gertaera honi jarraipena egin behar zaio. Haurrek ulertu egin behar du. Bestela, nola egingo du euskaraz ulertzea ere kosta egiten bazaio?
Eta ze indargune ikusten dituzu?
Orokorrean gero eta kontzientzia handiago hartzen ari direla iruditzen zait. Entrenatzaileek badakite eurak erreferenteak direla eta haur eta gazteak jokabide egokietan hezitzearen barruan euskaraz aritzea ere inportantea dela. Uste dut gero eta kontzienteago direla ze eragin duten euskararen erabileran.
Eta klubetan ze jarrera izaten duzue?
Denetik dago, gainera klubak oso ezberdinak dira euren artean ere. Batzuk oso txikiak dira, beste batzuk handiak, langileak dituzte eta abar. Orokorrean jarrera ona izaten dugu baina denetik dago.
Txikiek bere jarduera betetzeko zailtasun handiak dituzte eta lan zama handitzearen beldur dira. Baina egia esan, guk ez diegu lan handirik eskatzen. Hasieran zerbait, entrenatzaileen ezaugarriak eta abar, baina gutxi. Eta gero bat ere ez, entrenatzaileekin zuzenean aritzen baikara.
Ze esperientzia on eta txar izan dituzue?
Bi elkarte aipatzekotan Añorga eta Egiako eskubaloi klubak aipatuko nituzke. Entrenatzaile guztiak euskaldunak dituzte haur eta gazte mailetan. Eta ezaugarri berezi bat ere badute: biak kirol instalazioak publikoak erabili arren esklusiban erabiltzen dituzte. Beraz, espazio horretan euskara da nagusi.
Añorga hasieratik dago proiektu honetan. Eta gu hasi aurretik ere lantzen zuten euskararen gaia, baina halere eskertzen dute programan sartu izana. Esan ohi digute, lehenagotik ere euskaraz egiten bazuten ere orain gehiago egiten dutela.
Aldiz, esperientzia txarrik ez dut oroitzen. Nik uste gizartean badagoela kontsentsu oso handia euskararen alde, eta arazo larririk ez dugu izan. Bitxikeri gisa, aipatuko dut, behin entrenamendu batera joan eta erdaraz ari ziren kirolariek ikusi gintuzten eta, «mira, mira que están los del vasco», esan eta euskaraz hasi ziren…
KIROLA ETA EUSKARA
Realeko Fundazioa, euskararen bidelagun
Andoni Iraola: «Reala erreferentzia garrantzitsua da eta ezinbestean euskararen bidelagun izan behar dugu»
Athletic Club Fundazioa, euskara sendotze bidean
Jon Vazquez Eguskiza: «Euskara gure nortasunaren ikurrik kuttunena da eta merezi duen lekua izango du Fundazioan»
Marka eta Erronka, Euskaraldiari begira
Euskararen erabilera kirol-arloan sustatzeko ekimena, aurtengo Euskaraldiaren edizioa nola jorratu ari da hausnartzen