PADEL/EUSKAL SELEKZIOA
Euskal selekzioa Europako txapeldunorde geratu da gizonezkoetan zein emakumezkoetan
Txapelketa bikaina jokatu ondoren, azkenean Euskal Selekzioa txapelik gabe geratu da Europako Padel Txapelketan, Portugalen aurkako finalak galduta. World Padel Tourran eskarmentua duten jokalariak aritzen dira selekzio portugaldarrean eta arerio latza izan ziren, emakumezko zein gizonezkoen lehian.
Emakumezkoen norgehiagoka izan zen jokatzen aurrena, lehenengo partidan Nerea Olano eta Adriana Barrena aritu zirelarik Leninha Medeiros eta Sofia Araujo (munduko rankinean 20.a). Euskal jokalariak saiatu ziren jokoa Medeirosengan jartzen baina Araujok duen maila erakutsi zuen eta partidaren erritmoa berak ezarrita, portugaldarren lehen garaipena eskuratu zuen (6-3 eta 6-2).
Bigarren lehian, Cristina Gonzalez eta Juncal Aizpurua Ana Nogueira-Filipa Mendonza bikoaren aurka neurtu ziren. Ia joku guztiak parekatuak izan ziren baina garaipena berriro ere Portugalko selekzioaren alde erori zen (6-1 eta 6-4). Behin bi garaipen hauek erdietsita urrezko domina poltsikoratuta zuten ordurako portugaldarrek eta hirugarren lehian ez zegoen ezer jokoan. Hala ere, Katia Rodrigues eta Margarida Fernandesek mendean hartu zituzten Patricia Lachiondo eta Sara Avila (6-1, 6-2), Portugalen aldeko 3-0koa jarriz finalaren markagailu orokorrean.
Mutiletan, euskal taldea gertuago egon zen garaipenetik baina azkenean urrea Portugalera joan zen. Lehenengo partidan nagusitu ziren euskal selekzioko kideak, Pedro Echarri eta Joseba Diego, Diogo Rocha eta Nuno Deusen aurkako norgehiagokan (6-1, 3-6 eta 6-3) eta ondorioz itxaropenari atea zabaldu zioten. Baina hala ere, portugaldarrak suspertu egin ziren eta ondorengo bi partidak irabazita Europako txapela jantzi zuten. Bigarren lehian Miguel Oliveira eta Vasco Pascual erraz irabazi zieten Borja Nieto eta Gonzalo Francori (6-1, 6-2) eta banakoa jarri zuten markagailu orokorrean. Hirugarren partidan erabaki zen beraz txapela eta bertan Pedro Araujo eta Alfonso Fazendeiro nagusitu ziren Pablo Cuesta eta Joel Rubioren kontra (6-3, 6-4) eta Europako txapeldun bihurtu ziren.
SAILKAPENAK
Gizonezkoak
Urrea PORTUGAL
Zilarra EUSKAL HERRIA
Brontzea POLONIA
Emakumezkoak
Urrea PORTUGAL
Zilarra EUSKAL HERRIA
Brontzea SUITZA
Halaber, Europako Txapelketako bikotekako finalak ere jokatu ziren, non Portugalek bere nagusitasuna berretsi zuen. Emakumezkoen open mailako finalean, Margarida Fernandes eta Katia Rodriguesek Cristina Gonzalez eta Nerea Olanori irabazi zieten eta gizonezkoetan berriz, portugaldarren arteko lehia eman zen, Vasco Pascoal eta Miguel Oliveira nagusitu zirelarik, Pedro Araujo eta Alfonso Fazendeiroren aurka.
Gorka Etxeberria: ‘Euskal Futbol Selekzioko entrenatzaileak ilusioa piztu behar du’
Zehatz eta zorrotz azaldu ditu Euskal Selekzioko entrenatzaileak izan beharreko perfila eta eginkizunak
Iñigo Juaristi: “Aurrera egiteko, urtean bizpahiru partida jokatu beharko lirateke”
Bizkerre eta emakumezko Euskal Selekzioaren entrenatzailea da Iñigo Juaristi
Euskal Herriko Kluben arteko Txapelketa udaberrira atzeratu da
Nazionalaren VI. edizioaren finala azaroaren 8an jokatzekoa zen