HERRI KIROLAK
Euskal Pentatloiaren bigarren kanporaketa jokatu da
Argazkiak: egursport.com
Irailaren 25ean jokatuko den banakako IV. Euskal Pentatloiaren finalerako txartelak banatu ziren pasa den larunbatean Azpeitiko zezen plazan lehiaturiko bigarren kanporaketan.
Bertan aritu ziren hamabi kirolari nor baino nor gehiago, hirunaka lau txanda ezberdinetan: Joseba Otaegi, Aritz Irazabal eta Aratz Mugertza lehen txandan; Julen Kañamares, Gorka Etxeberria eta Iñaki Errazkin, bigarrenean; Jon Gisasola Zelai V.a, Beñat Amade eta Kepa Peñagarikano, hirugarrenean; eta Izeta VI, Gabirondo eta Jagoba Otaegi, berriz, laugarren eta azken txandan. Hamabi horietatik zortzik iazko edizioan egindako markei esker zuten lekua gordeta gaurko saiorako; beste lau, berriz, joan den asteburuan jokatu zen lehen kanporaketatik zetozen.
Egin beharreko lanak honakoak: 100 kiloko bola hamar aldiz jaso, gizon proban 400 kiloko harriarekin plaza bat osatu, kanaerdiko eta 45 ontzako enbor bana moztu, 50 kiloko bi txingarekin hiru plaza bete, eta korrika kilometro bat egin.
Izeta aiarra izan zen egin beharreko jarduna amaitzen lehena, eta sekulako erakustaldia emanda, alde nabarmenarekin nagusitu zen. 12 minutu eta 29 segundo behar izan zituen lan guztiak burutzeko eta gainera proba guztietan berea izan zen arratsaldeko markarik onena.
Joseba Otaegik lortu zuen bigarren denborarik onena (13’09”), hirugarren sailkatu zen Iñaki Errazkin (14’38), laugarren Aritz Irazabal (14’44”), eta bosgarren Julen Gabirondo (14´51´´). Finalerako azken txartela ematen zuen seigarren postuan Kepa Peñagarikano geratu zen (15´00´´) eta handik aurrera sailkatutakoak txapelketatik at geratu ziren.
Julen Kañamaresek (zazpigarren, 15’02”), Zelai V.ak (zortzigarren, 16’32”), Amadek (bederatzigarren, 16’44”), Jagoba Otaegik (hamargarren, 16’52”), Mugertzak (hamaikagarren, 17’42”) eta Etxeberriak (hamabigarren, 18’31”) osatu zuten bigarren kanporaketaren sailkapena.
Gauzak horrela, Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a, Joseba Otaegi, Iñaki Errazkin, Aritz Irazabal, Julen Gabirondo eta Kepa Peñagarikano lehiatuko dira elkarren aurka hilaren 25ean txapela etxera eramateko asmoz.
640 kiloko kategoriako aurreneko jardunaldia irabazi du Gaztedi Ak
Gaztedi A nagusitu zen 7 puntu bilduta, bigarren Goiherri izan zen 6 punturekin eta hirugarren Mutriku 4 punturekin
Urrezko Aizkolarien jardunaldia lehiatu zen igandean Lekunberrin
Hurrengo faserako txartela lortu zuten aizkolariak, Oier Kañamares IV.a, Hodei Ezpeleta eta Ibai Soroa izan ziren
Geure Sport herri kirol aldizkariaren 27. alea
Maiatzeko ale honek duela hogei urtetik gaurdaino herri kirolak egin duen bilakaeraren inguruko gogoeta dakarkigu