MENDI LASTERKETAK
Euskal korrikalarien garaipenak Canfranc-Canfranc proban
Jaione Sasieta, Silvia Trigueros eta Oihana Kortazar nagusitu dira, 100, 75 eta 42 kilometroko lasterketetan, hurrenez hurren
Jacetanian (Huesca) “Canfranc-Canfranc” izeneko proba ezagunaren 14. edizioa jokatu zen pasa den asteburuan, ostiralean hasi eta igandean amaituta.
Canfranc-Canfranc probako antolatzaileek, distantzia ezberdineko lau lasterketa antolatzen dituzte, guztira 900 korrikalari aritu zirelarik: 100 kilometro dituen ultra proba nagusia, eta 75, 42 eta 16 kilometroko lasterketak.
Orohar, euskal lasterkarien lana bikaina izan zen, batez ere, emakumeek eginikoa, hiru garaipen lortuta: Jaione Sasietarena (100 km), Silvia Triguerosena (75 km) eta Oihana Kortazarrena (42 km). Hiru horiek dira txapela jantzi duten euskal ordezkariak, baina lasterketa guztiak kontutan hartuta, euskal korrikalari askok lortu dute ohorezko postuetan sartzea, bai neskak zein mutilak.
100 kilometroko ultra mendi txapelketan Jaione Sasieta itsasoarrak eskuratu zuen garaipena, 28 ordu eta 53 minutuko denboran helmugaratuz (iaz bigarren postuan sailkatu zen). Canfranc herriari buelta bat ematean zetzan ibilbidea, bailarako hainbat gain igoz, besteak beste: Tortiellas, Peña Collarada, La Moleta, Vértice de Anayet, Aspe eta 2.000 metroko altitudean kokatzen diren beste hamar tontor (guztira 8.848 metroko goranzko desnibela). Nahiz eta Marta Corahua perutarra ia ibilbide osoan lasterketaren buruan joan, Aspeko jaitsieran Sasietak hura gainditu eta azkenean 10 minutuko aldea atera zion helmugan.
75 kilometroko lasterketan (“ultra txikia” deitua eta 6.500 metroko goranzko desnibela duena), Silvia Triguerosek lortu zuen garaipena. Azken jaitsieran egindako ahaleginari esker, bakarrik iritsi zen helmugara, 15 ordu eta 17 minutuko denbora eginda. Atzetik, bigarren postuan iritsi zen Leticia Bullido, 15 ordu eta 24 minutuko denborarekin.
42 kilometroko maratoian (4.000 metroko goranzko desnibela) aldiz, Oihana Kortazar nagusitu zen, lasterketa goitik behera menderatuta, 6 ordu eta 37 minutuko denbora egin zuelarik. Bigarren María Ordoñez izan zen (7 ordu eta 37 minutu) eta hirugarren Eva Mesado (7 ordu eta 53minutu).
Maiatzaren 24an izango da Zegama-Aizkorri Mendi Maratoia
Maiatzaren 24an izango da Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren proba nagusia eta Junior Traila. Kilometro bertikala, aldiz, maiatzaren 22an.
Worku eta Obiri irabazle Elgoibarko krosean
Afrikarrak nagusi, gizonezkoetan Worku etiopiarrak ezustekoa emanda eta emakumezkoetan Obiri keniarrak espero zen garaipena erdietsita
Urte hasierarekin batera lasterketa ugari Euskal Herrian zehar
Juan Muguerza Nazioarteko Krosa abiapuntua izanda, bestelako lasterketa ugari lehiatuko dira hurrengo datetan Euskal Herrian