ELKARRIZKETAK
Euskal kirolariak munduan zehar: Mikel Gonzalez
Txipren jokatzen ari da Mikel Gonzalez (Arrasate, 1985). Realeko lehen taldean 10 urte egin ondoren, bigarren mailan aritzen zen Zaragozan egin zuen denboraldi bat eta orduko hartan Andoni Iraolak zuzentzen zuen Txipreko AEK Larnaca taldera joan zen 2018an.
Euskal kirolariak munduan aritzeko eskubidea aldarrikatzen ari garen honetan, munduan dauden euskal kirolarien iritzia eta bizipenak jasotzea interesgarria iruditu zaigu.
Egun on Mikel. Bi urte pasa daramazu Txipren eta oker ez banago beste bi urtetarako kontratua duzu. Nola doakizu bizitza?
Egia esan oso gustura gaude denok. Etxetik kanpo lehenengoz Zaragozan pasatu nuen eta egia esan oso oroimen onak ditut urte hartakoak. Kirol ikuspegitik oso urte ona egin genuen, lehen mailara igotzeko zorian egon ginen eta pertsonalki ere oso gustura egon nintzen. Baina honakoa lehen aldia zen, hizkuntza ezberdina zuen urruneko herrialdera joaten ginena eta oso ondo moldatu gara laurok. Oso ondo gaude. Klubak asko lagundu digu, oso ondo hartu gaitu eta lagun asko ditugu.
Hizkuntzarena aipatu duzu, han grekoa eta turkiera dira hizkuntza ofizialak, ezta? Nola moldatzen zarete?
Txipre bi zatitan banatua dago, Europar Batasunak zatiketa hori ontzat ematen ez badu ere. Gu bizi garen lekuan, Larnacan, grekoa da nagusi eta bestean turkiera. Baina Txipre 1960. urtera arte kolonia ingelesa izan zen, eta ingelesa oso hedatua dago. Normalean aldagelan eta lagunekin ingelesez aritzen gara. Umeak ere ingelesezko eskoletara joaten dira. Hasieran barregarri aritzen ginen baina denborarekin moldatu gara. Grekoa ez dugu menperatzen, baina alfabetoa ikasiz gero, hainbat kontutarako balekoa da.
Txipre bi zatitan banatuta dago. Nola eragiten du horrek kirol jardueran?
Txipre 1960. urtera arte kolonia ingelesa izan zen. Aldegin zutenean komunitate ezberdin dezente zeuden: greziarrak, turkiarrak, armeniarrak eta abar. 1974ean Turkiak inbaditu eta gerra bat egon zen. Ondorioz Txipreren heren bat okupatu zuen. Europar Batasunak onartzen ez badu ere zatiketa hori, errealitate bat da. Nik etxetik bost minutura turkiarren lekura joateko pasaportea erakutsi behar dut, han beste moneta bat erabiltzen da… Zatiketaren tamaina ikusteko esango nizuke taldean jende asko dagoela 30 urte izan eta alde batetik bestera inoiz pasatu gabe dagoena. Nicosia kapitala bera bitan zatituta dago.
Nola eragiten duen kirol jardueran galdetzen didazu; ba, imajina. Txiprek liga bat du, eta beste aldean beste liga bat inolako harremanik gabe. Interes handiak daude Txipren, estrategikoki oso inportantea da eta. Israeletik ordu betera dago, Libanotik, Egiptotik… gertu. Ez da erraza izango zatiketa hori gainditzea.
Nolatan egin zenuen Txipreko hautua?
Realean libre geratu nintzen udara hartan aukera ezberdinak izan nituen, eta azkenean Zaragozakoa gauzatu zen. Lehen esan dudan moduan oso gustura egon nintzen han, oso oroimen politak ditut. Hiru urtetako kontratua nuen, baina banuen aukera bat kontratuan, nahi izanez gero lehen denboraldia amaitutakoan taldez aldatzeko.
Eta orduan AEK Larnacako aukera etorri zen. Andoni Iraola zen entrenatzailea, eta Ander Murillo kirol zuzendaria. Han ibilitako lagun dezenterekin hitz egin nuen eta denak iritzi ona ematen zidaten. Bestalde etxean ere bagenuen esperientzia berri bat bizitzeko gogoa eta Zaragozarekin nuen kontratuak ematen zidan aukera erabili eta onartu nuen eskaintza.
Kirol ikuspegitik nola joan zaizu egindako aukera?
Egian esan, oso ondo. Txipreko futbolak maila ona du. Ez dut esango Espainiako ligak duen maila duenik, baina maila ona bai. Hori bai, ez du Espainiakoak duen erritmoa eta abar. Hala ere, pozik nabil. Superkopa irabazteko aukera izan genuen, nahiz eta sailkapena fasean izan. Europa Ligue-an ere parte hartu dugu.
Beste bi urtetako kontratua duzu. Etorkizunean zer egingo duzun ideiarik bai?
Aurtengo denboraldirako eta hurrengorako kontratua dut. 35 urte ditut dagoeneko eta nire jokalari ibilbidearen azkenetan nagoenaren jabe naiz. Askotan galdetzen didate hau eta egia esan ez dut erantzunik, ez dakit zer egingo dudan; gero gerokoak. Garbi dudana da, daukadan kontratua bukatu egingo dudala.
Imajinatzen dut Realari ere jarraipena egingo diozula? Nola Ikusten duzu?
Nire garaiko jokalari gutxi geratzen dira egun. Baina gustura ikusten ditut partidak, asko disfrutatzen dut. Izugarrizko joko polita egiten dute eta emaitza onak ateratzen. Gainera betiko filosofiari eutsiz, etxeko jokalarien apustua eginez, aukerak emanaz. Hor dago, ondo sailkatua ligan eta Europan lehian.
Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren aldekoak garenez, horri buruzko galdera. Nola ikusten duzu gurearen ofizialtasunaren afera?
Jokalari, zaletu eta euskaldun moduan ofizialtasunaren aldekoa naiz. Jokalari aritu nintzenean ere horren alde aritu ginen.
Irakurri dut UEFA eta FIFAn sartzeko eskaera egin dela. Urrats inportantea da. Ez nago oso jantzia ofizialtasuna lortzeko egin beharreko bideaz, baina eskertzekoa da isilean, eta behetik gora, lanean ari zareten eta ari diren pertsona eta eragile guztien ahalegina. Kriston lana egiten ari zarete.
ELKARRIZKETAK/FUTBOLA/EUSKAL SELEKZIOA
[IX.EHTxapela] Osasuna – Alaves, abenduaren 8an
IX. Euskal Herria Txapela 2024/25 edizioaren laugarren partida izango da
[IX.EHTxapela] Reala 0-2 Osasuna
Osasunak irabazi du aurtengo IX.Euskal Herria Txapela 2024/25 edizioaren bigarren partida
[IX.EHTxapela] Athletic – Reala, azaroaren 24an
IX. Euskal Herria Txapela 2024/25 edizioaren hirugarren partida izango da