HERRI KIROLAK/SEGA
Euskal Herriko XII. Bakarkako Sega Liga hasiko da larunbatean
Almitza Sega Elkarteak, urtero bezala, Euskal Herriko bakarkako sega liga antolatu du, nazioarteko eran
Covid19 gaitzak eragindako pandemiaren bilakaerak antolaketa lanak zaildu baditzake ere, elkarteak ezinbestekotzat jo du aurtengo lehiaketa egitea, segalaritzaren sustapena eta iraupena bermatzeko, nahiz eta egingo diren saioetan ikuslerik ezingo den egon. Dena den, ikuslegoak bertaratu ezin izango badu ere, garrantzitsua deritzote elkartetik zertan ari diren jakinaraztea.
Ohiko moduan, ligak hiru saio izango ditu jardunaldi bakoitza puntuagarria izango delarik ligako sailkapenerako. Ondorengo egun eta lekuetan jokatuko dira saioak:
-Zaldibian, ekainaren 5ean, 16:00etan.
-Altzon, ekainaren 13an, 11:30ean.
-Basaburuan, uztailaren 3an, arratsaldez.
Sega ligaxkan helduek, gaztetxoek eta haurrek hartuko dute parte. Segalariek, dagokien kategorian, azalera jakin bateko belar saila ahalik eta azkarren eta txukunen moztu beharko dute. Epaileek egindako lanaren txukuntasuna aztertuko dute eta honen baitan denbora zigorrak erantsiko dira, guztira denbora gutxien behar izan duen segalariak lehen postua izango du. Hauek dira egin beharreko lanak:
Emakumezkoek: 7 x 5 m (35 m2 )
Gizonezkoek: 10 x 10 (100 m2)
Mutil gaztetxoek: 10 x 5 (50 m2) eta 4 x 5 (20 m2), adinaren arabera.
Neska gaztetxoek: 4 x 5 (20 m2)
Parte hartzaileei dagokienez, guztira 33 segalarik eman dute izena aurtengo hiru saioetan parte hartzeko: emakumezkoetan 11 segalari ariko dira, gizonezkoetan beste horrenbeste, Mutil gaztetxoak 8 izango dira eta neska gaztetxoak 3.
Almitza Sega-elkartea
Almitza Sega-elkartea 1996an hasi zen talde gisa elkartzen. Zaldibia bilgune harturik, sorreran batik bat, Europa aldean antolatu ohi diren sega txapelketetan parte hartu edo lehiatzen hastea izan zuen lehenbiziko jomuga. Gerora, helburu hori garatze aldera, 2001. urtean elkarte ofiziala eratu zen.
Almitzak, era askotako ekitaldiak antolatu ditu urte guzti hauetan zehar: jaialdiak, apustuak, txapelketak… Antolatu izan dituen eta parte hartu izan duen ekitaldi guztietan Euskal Herriaren herri-izaera ezagutarazi nahi izan du; hori dela eta, sega-taldeaz gain beste hainbat kultur eragile (dantzari, musikari…) eta kirolarirekin (harrijasotzaile, aizkolari, trontzalari…) osatu izan ditu ekitaldiak, etxean zein nazioartean.
Urte hauetan zehar, sega munduan eskarmentu handia duen jendea aritu izan da Almitzan lanean, honako helburu hauekin nagusiki:
1.- Sega elkartea den heinean, herri kirola eta segalaritza sustatzea segalari gazteak ere kirol honetan trebatzera bultzatuz.
2.- Bereziki nazioartean baina baita Euskal Herrian bertan ere, gure herri izaeraren ezaugarriak erakustea.
Hemengo sega tradizioa aspaldikoa den arren, nazioartean ere sega txapelketak egiten zirela jakiteak interes eta jakin min handia piztu zuen elkarteko kideengan. Geroztik asko izan dira Europako hainbat herrialdetara egindako bidaiak eta etxera ekarritako sariak.
Goiherrik irabazi du Bizkaiko sokatira txapelketa
Bi jardunaldiak irabazi eta guztira 10 puntu eskuratu zituen. Bigarren Gaztedi geratu zen 8 punturekin eta Akelarre hirugarren 6 puntu pilatuta
Bizkaiko Herri-kirol txapelketak Diman
Txapeldunak: Lasto Botatzean Beñat Obieta, Lasto altxatzean Beñat Amade eta Txinga erutean Nerea Egurrola
2021eko Getxoko lurreko Sokatira Mundialaren Txapelketa
Irailaren 15etik 19ra izango da, eta kluben lehiaz aparte, herrialdeen arteko txapelketan parte hartuko du Euskal Herriko selekzioak