HERRI KIROLAK/SOKATIRA/EUSKAL SELEKZIOA
Euskal Herriko selekzioak bi urre irabazi ditu Munduko Txapelketan
Emakumezkoen 500 kilokoan eta gizonezkoen 560 kilokoan nagusitu dira euskal tiratzaileak. Sei domina irabazi dituzte jada. Igandean jokatuko da selekzioen arteko txapelketaren bigarren jardunaldia
Euskal Herriko talde nazionalak urrezko bi domina bereganatu zituen Lur Gaineko Sokatirako Munduko Txapelketako selekzioen arteko lehiako lehen jardunaldian.
Lau txapelketa lehiatu dira larunbat honetan, goizean gizonezkoen 680 kilokoa zein 580 kiloko mistoa eta arratsaldean emakumezkoen 500 kiloko mailakoa eta gizonezkoen 560 kilokoa.
Goizean jokaturiko lehietan euskal selezkioa ez zen gai izan finalerdietara sailkatzeko ere. Gizonezkoen 680 kiloko proban urrea Alemaniarentzat izan da, zilarra Herbeheretako selekzioarentzat eta brontzea Suitzarentzat. Selekzio mistoen 580koan, garaipena Suediak eskuratu du, Suitza eta Ingalaterraren aurretik.
Arratsaldeko ekitaldian iritsi dira euskal tiratzaileen dominak, onenak izan baitira emakumezkoen 500 kilotan eta gizonezkoen 560 kilokoan, bi kasuetan finalean Suitza mendean hartuta.
Emakumezkoen lehian, Euskal Herriak Ingalaterra menderatu du finalerdietan, eta finalean Suitzaren aurka aritu da. Finaleko lehen tiraldia zinez gogorra izan da, euskal zortzikoteak asko sufritu zuelarik lehen zatian. Baina euskal tiratzaileek Suitzaren erasoei eutsi zieten eta azkenean irabazle suertatu ziren.
Bigarren tiraldia askoz ere motzagoa izan da, eta euskaldunek eroso lortu dute garaipena eta horrenebestez urrezko domina. Brontzezko domina Herbeheretako selekzioak eraman du.
Jarraian etorri zen gizonezkoen txanda. Hauen kasuan ere, finala suitzarren aurka jokatu dute eta aurrekoan bezala lehia orekatua joan da. Aurreneko tiraldian, bi taldeak bina faltarekin heldu ziren amaierara eta azkenean suitzarrek amore eman behar izan zuten. Bigarren tiraldia motzagoa izan da baina honetan ere suitzarrek lanak eman dizkiete euskaldunei. Azkenean, lau minutu betetzear zirela, euskal selekzioak arratsaldeko bigarren urrea eskuratzea lortu zuen.
Selekzioarekin irabazitako biekin, euskal ordezkariek sei domina irabazi dituzte jada Munduko Txapelketan: urrezko lau eta brontzezko bi.
Txapelketa igandean amaituko da selekzioen arteko lehiaren bigarren jardunaldiarekin. Goizean gizonezkoen 720 kiloko proba eta 23 urtez azpiko gizonezkoen 600 kilokoa jokatuko dira eta arratsaldean, gizonezkoen 640koa eta emakumezkoen 540koa.
Joseba Etxeberria: “Teknikoki jantzia, eta euskal futbolaren ezagupen sakona izan behar du”
Izugarrizko entrenatzaileak ditugula azpimarratu du Etxeberriak
Ainhoa Etxabe da Gipuzkoako Herri Kirol Federazioko presidente berria
Zuzendaritza aldaketa izan da eta aurrenekoz, emakumezko batek hartu du presidente kargua
Euskal Selekzioa 2-1 Costa Rica
Ofizialtasunaren aldarria izan da partidaren ardatz nagusia. Bide horretan UEFAn eta FIFAn sartzeko eskabidea egiteko ordua da orain