HERRI KIROLAK/SEGA
Euskal Herriko Sega Liga ez da aurten lehiatuko
Maiatzaren 30ean hastekoa zen Euskal Herriko Sega Liga bertan behera uztea erabaki du Almitza sega elkarteak
Nafarroako Basaburua bailaran hastekoa zen Euskal Herriko Sega Liga baina ustekabean bizitzen ari garen ez ohiko egoeraren eragina eta ziurgabetasuna kontuan hartuta, Almitza elkarteak bertan behera uzteko erabakia hartu berri du.
Hala ere, oharrean adierazi dutenez, egoerak baimenduko balu ez dute baztertzen urtea aurrera doan heinean bestelako ekitaldirik antolatzea.
Bestalde, elkartetik azaldu dutenez, nazioarte mailako sega txapelketetan ere eragina izaten ari da osasun krisia. Hori dela eta, Almitza elkartetik baieztatu dute uztailean Eslobenian jokatzekoa zen Munduko Sega Txapelketa ez dela egingo azkenean. Hartara, hurrengo nazioarteko erronka nagusia, 2021 urtean Eslobenian lehiatuko den Europako Txapelketa izango da.
Lehia momentuz etenda dagoen arren, zailtasunak zailtasun, segalaritza babestu, sustatu eta hedatzeko ahaleginean jarraitzeko asmoa agertu du Almitza Elkarteak, eta azken desio batekin amaitu dute adierazpena, laister belardietan elkar ikusiko dugula opa eginez.
Almitza Sega-elkartea 1996an hasi zen talde gisa elkartzen. Zaldibia bilgune harturik, sorreran batik bat, Europa aldean antolatu ohi diren sega txapelketetan parte hartu edo lehiatzen hastea izan zuen lehenbiziko jomuga. Gerora, helburu hori garatze aldera, 2001. urtean elkarte ofiziala eratu zen.
Almitzak, era askotako ekitaldiak antolatu ditu urte guzti hauetan zehar: jaialdiak, apustuak, txapelketak… Antolatu izan dituen eta parte hartu izan duen ekitaldi guztietan Euskal Herriaren herri-izaera ezagutarazi nahi izan du; hori dela eta, sega-taldeaz gain beste hainbat kultur eragile (dantzari, musikari…) eta kirolarirekin (harrijasotzaile, aizkolari, trontzalari…) osatu izan ditu ekitaldiak, etxean zein nazioartean.
Urte hauetan zehar, sega munduan eskarmentu handia duen jendea aritu izan da Almitzan lanean, honako helburu hauekin nagusiki:
1.- Sega elkartea den heinean, herri kirola eta segalaritza sustatzea segalari gazteak ere kirol honetan trebatzera bultzatuz.
2.- Bereziki nazioartean baina baita Euskal Herrian bertan ere, gure herri izaeraren ezaugarriak erakustea.
Hemengo sega tradizioa aspaldikoa den arren, nazioartean ere sega txapelketak egiten zirela jakiteak interes eta jakin min handia piztu zuen elkarteko kideengan. Geroztik asko izan dira Europako hainbat herrialdetara egindako bidaiak eta etxera ekarritako sariak.
Abian da goma gaineko Sokatira mundiala
Nazioen arteko txapelketan Euskal Selekzioa hamar pisutan lehiatuko da eta Kluben arteko txapelketara 39 euskal talde aurkeztu dira
Ezkabarten jokatu da Euskal Herriko sokatira txapelketa mistoa
Euskal Herriko zortzinakako sokatira txapelketak bukatu dira asteburu honetan eta orain Irlandako Mundiala da erronka nagusia
Sokatira jardunaldia Berriozarren
560 kilotan gizonezkoak neurtu ziren egun bakarrera eta 500 kilotan emakumezkoek txapelketako azken jardunaldia izan zuten