HERRI KIROLAK/SEGA
Euskal Herriko lehenengo Sega Sail Txapelketa jokatuko da igandean
Euskal Herriko I. Sega Sail Lehiaketa antolatu du Almitza sega elkarteak
COVID-19ak baldintzatutako egoeran segalaritzak oso egoera zaila bizi duela nabarmendu du Almitza sega elkarteak. Hala ere, aukera desberdinak aztertu eta segurtasun neurriak kontuan hartuta, emakumeen eta gizonen Euskal Herriko I. Sega Sail Lehiaketa antolatzea erabaki dute, datorren igandean, hilak 25, Hernanin.
Bertan 1.000 eta 400 metro karratuko sailak ebaki beharko dituzte, lau gizon segalarik eta lau emakumezko segalarik. Belarra ez da pisatuko eta azkarren mozten duenak irabaziko du lehenengo txapela hau.
Urte gogorra izan da honakoa, herri kirolei dagokienez orokorrean eta, segalaritzak bereziki, oso egoera zaila bizi du. Almitza Sega Elkartetik, aurtengoan bi ekitaldi antolatu dituzte nazioarteko moduan, Usurbil eta Zaldibian. Bestalde, herri kirol federazioak urtero antolatu ohi dituen sega txapelketak, bertan behera geratu dira.
Orain, hainbat segalarirekin eta sega munduko hainbat eragilerekin bildu ondoren, txapelketa berri bat antolatzea erabaki du elkarteak, nahiz eta txapelketa ofiziala izan ez arren: emakumeen eta gizonen Euskal Herriko I. Sega Sail Lehiaketa. Urriaren 25ean, igandea, 12:00etan hasita jokatuko da Hernaniko (Gipuzkoa) Jauregiko belardian.
Lehiaketa horretan parte hartuko duten segalarien izenak ere jakinarazi ditu Almitzak: iaz Euskal Herriko Sega Txapelketako txapela lortu zuen Ibai Pardo, Julen Gabirondo iazko txapeldunordea, Iñigo Merkader eta Mikel Lizartza. Iazko lau finalistei egin zitzaien gonbidapena baina Jon Otegi ezingo da bertan egon. Emakumeetan, berriz, Irati Astondoa, Alaitz Imaz, Malou Henriksen eta Ainara Otamendi arituko dira lehian.
Euskal Herriko I.Sega Sail Lehiaketak, ohiko sega txapelketekin alderatuta, berrikuntzak izango ditu: orain arte ez bezala, emaitza belar saila bukatu ahala jakingo da. Horrez gain, ez da belarrik pisatuko eta iraupeneko lana izango da.
COVID-19ak eragindako egoeraren aurrean babes eta segurtasun neurriak ere hartuko dituzte segalariek eta lehiaketako antolatzaileek, hala nola segalari bakoitzak laguntzaile-zorroztaile bakarra izango du, segalariko bi biltzaile bakarrik ariko dira eta epaile bakarra segalariko. Neurri horiez gain, lehiak dirauen bitartean segalariek elkarren artean 3 metroko segurtasun tartea gorde beharko dute.
Lehiaketa jokatuko duten belardia eremua itxi batean dago eta harako sarbideak erabat kontrolatuta egongo direla jakinarazi du Almitza sega elkarteak. Era berean, aforoa (400 ikuslerentzat egongo da lekua Hernaniko Jauregiko belardian) eta segurtasun distantziak kontrolpean izatea bermatuko da.
Beñat Zarrabeitia: “Despachos y competitividad, claves hacia la oficialidad”
Beñat Zarrabeitiaren erreportajea [GARA 2018.09.02], Euskal Selekzioaren auziaren norabidean urrats kualitatiboak emateko beharraz
Euskal Herria munduko mailarik gorenean sokatiran
SOKATIRA Euskal Herriak ordiezkaritza ofiziala izan du Txinako Xuzhou herrian jokatu den Goma gaineko Munduko Sokatira Txapelketan: sei talde eta euskal selekzio bat aritu dira euskal banderapean. Emaitza, halakoa. Hamasei domina ekarri dituzte: urrezko bi,...