TXIRRINDULARITZA

Euskal Herriko Itzulia atzeratu egin dute

by | 2020/03/18

Argazkiak: itzulia.eus

Koronabirusaren eragina luzatuko dela ikusita, Euskal Herriko Itzulia atzeratzea erabaki dute antolatzaileek

 

Eibarren hasi eta Bilbon amaiera izan behar zuen Euskal Herriko Itzuliko tropela ez da gure herriko errepideetatik arituko momentuz, ez behintzat adostuta zeuden datetan. Izan ere, koronabirusaren pandemiaren eraginez, lasterketa atzeratzea erabaki dute antolatzaileek, Ziklismoaren Nazioarteko Batasunak (UCI) eskatuta.

Koronabirusa zabaltzeko arriskua dagoen tokietan txirrindularitza frogak ez egitea onartu du UCI-k, Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) agindutakoari jarraiki eta beraz apirilaren 6tik 11ra egin beharrekoa zen itzulia bertan behera utzi dute momentuz.

Dena den, 2020an lasterketa egin ahal izatea dute helburu antolatzaileek eta horretarako, Nazioarteko Txirrindulari Batasunarekin (UCI) hitz egin nahi dute, beste data batzuetan egin ahal izateko baimena eskatzeko.

Hala, antolatzaileek zabaldutako oharrean adierazi dute osasun larrialdiko egoera kontuan hartuta, eta Euskal Autonomia Erkidegoko aginteen jarraibideak betez hartutako erabakia izan dela.

Antolakuntzatik zehaztu dutenez, koronabirusaren aurkako osasun protokolo aplikagarria agintari eskudunen aurrean aurkeztu zuten, aipatu protokoloak honako neurriak barnebiltzen zituelarik: antolatzaileei eta txirrindulariei tenperatura kontrolak egitea sarbideetan, zona itxiak ezartzea abiatzeko lekuetan eta helmugetan, zona eta euskarri guztiak desinfektatzea…

Dena den, bizi den egoera latza ikusita, irtenbiderik arduratsuena ekimena atzeratzea izan da antolakuntzaren aburuz, lasterketako lehiakide guztien, zaleen eta, oro har, gizartearen segurtasunari eusteko asmoz.

Hain erabaki zaila hartu ostean, Itzuliko antolatzaileek eskerrak eman dizkiete 2020ko edizioko abiapuntu edo helmugako udal guztiei, babesleei, erakundeei, taldeei, aholkulari medikoei, hedabideei, zaleei, eta abarrei agertutako ulergarritasunagatik.

Bestalde, Itzuliak, UCIk 2020. urterako data berri bat emateko zain dagoen bitartean, jada aurreratu du 2021eko edizioa apirilaren 5etik 10era izango dela.

Beste proba batzuk ere bertan behera

Iragan larunbatean bukatu zen  Paris-Niza lasterketa  izan da oraingoz jokatu den azken ziklismo proba eta aste batzuetan behintzat ez da besterik izango.

Dagoeneko World Tourreko 11 proba gelditu dira bertan behera koronabirusaren ondorioz; besteak beste, Strade Bianche, Tirreno Adriatico, Milan-San Remo, Kataluniako Volta, Flandriako Tourra eta Itzulia bera. Gainera, osasun krisia luzatu egingo balitz, Italiako Giroa ere bertan behera uzteko aukerak handituko lirateke.

TXIRRINDULARITZA

Share This