HERRI KIROLAK/AIZKORA/HARRIA
Euskal Herriko emakumezkoen aizkora eta harri-jasotze txapelketak jokatu dira
Pasa den igandean, Urriaren 24an, lehiatu ziren emakumezkoen Euskal Herriko harri-jasotze zein aizkora txapelketak Mungian, Euskadiko Herri Kirol Federazioak antolatuta.
Azpimarratzekoa da aurtengo edizioan inoiz baino emakume gehiago ikusteko aukera izan zela bakarkako lehian, Euskal Herriko aizkolari eta harri-jasotzaile txapelketan. Denera hamabi emakume, seina modalitate bakoitzean.
Euskal Herriko harri-jasotze txapelketan sei lehiakidek hartu zuten parte, Matxin Plazan, 12:00etatik aurrera: Udane Ostolaza, Aroa Sanchez eta Naiara Zumeta gipuzkoarrak, eta Karmele Gisasola, Lucia Orbe eta Marina Blanco bizkaitarrak.
Egin beharreko lana, harri hauetako bakoitzarekin hiru minutuko txandetan aritzea: 75 kiloko zilindroa, 62,5 kiloko kuboa eta 62,5 kiloko bola. Bi parte hartzaile aritu ziren lehian aldi berean.
Azkenean Karmele Gisasola nagusitu zen, guztira 4.475 kilo altxatuta (zilindroari 23 jasoaldi eman zizkion, kubikoari 17 eta bolari 27). Lucia Orbe izan zen bigarren, 3.575 kilo altxatuta (16-14-24 jasoaldi) eta Marina Blancok osatu zuen podioa 2.100 kilorekin (8-6-18). Atzetik, Udane Ostolaza sailkatu zen laugarren (1.725 kilo), Naiara Zumeta gipuzkoarra bosgarren (1.662,5 kilo) eta Aroa Sanchez gipuzkoarra seigarren (1.600 kilo).
Aizkorari dagokionez berriz, lehian aritu ziren sei emakumeek bosna enbor moztu behar izan zituzten: 36 ontzako bi enbor, 45 ontzako bi enbor eta kanaerdiko bat (54 ontza). Nerea Sorondok garaipen erosoa erdietsi zuen, 15 minutu eta 41 segundotan bere lanak amaituta. Txapeldunorde izan zen Laiene Pikabea gipuzkoarrak ia lau minutu gehiago behar izan zituen (19.24) eta podioa osatu zuen Uxue Ansorregi bizkaitarrak ia zazpi minutu gehiago (22.32). Laugarren sailkatu zen Maika Ariztegi iturendarra (22.57), bosgarren izan zen Xanta Sousa lesakarra (26.09) eta seigarren Beatriz Tanco (29.31).
Sokatira Mundiala. Sokatiraren Historia (II)
Sokatiraren garapena kirol arautua bilakatzeko
Sokatira Mundiala. Sokatiraren Historia (I)
Sokatiraren lehen aztarnak aintzinean ospatzen ziren erritualei lotuta daude
Sokatira Mundiala. Euskal Selekzioa
2014an TWIF erakundeak euskal talde nazionala eskubide osoko kide modura onartu zuen