HERRI KIROLAK/SOKATIRA
Euskal Herriko 4×4 Sokatira Txapelketako lehen saioa lehiatu da
Gizonezkoen 320 kiloko kategorian Beti Gazte nagusitu da eta emakumezkoen 260 kilokoan Ibarrak irabazi du
Covid19 gaitzak eragindako pandemiak sorturiko egoeraren ondorioz lehiaketa guztiak bertan behera utzi eta gero, hainbeste hilabete pasa ondoren tiralariak berriz ere lehian aritu ziren pasa den larunbatean, izan ere, Euskal Herriko 4×4 sokatira Txapelketa jokatu zuten, gizonezkoek 320 kilo kategorian eta emakumezkoek 260 kilokoan.
Otsailean Irlandan Munduko txapelketan parte hartu zutenetik lehiatu gabe zeuden sokatiran aritzen diren kirolari gehienak. Azken hilabete hauetan, entrenatzeko ere nahiko lan izan dute, Covid-19ak sortutako egoeragatik. Azkenean, pixkanaka bada ere hasi dira berriro martxan jartzen eta asteburu honetan izan dute lehiara itzultzeko aukera. Hain zuzen ere, Euskal Herriko 4×4 sokatira txapelketako lehenengo txapelak erabaki baitziren Getxoko Fadura pilotalekuan, arratsaldeko 17:00etatik aurrera.
Kontutan izan behar da aurtengo Euskal Herriko 4×4 sokatira txapelketa ohikoa baino laburragoa izango dela eta soilik bi jardunaldi egingo direla, biak ala biak Getxon. Iragan larunbatean aurreneko saioa egin zuten, emakumezkoak 260 kiloko kategorian lehiatu ziren (Beti Gazte, Txantrea, Ibarra eta Berriozar taldeak) eta gizonezkoak, berriz, 320 kiloko kategorian aritu ziren (Beti Gazte, Txantrea, Ibarra eta Antsoain).
Gizonezkoen lehian, Beti Gaztek eraman zuen txapela etxera, guztira 9 puntu erdietsita. Bigarren Ibarra izan zen 6 punturekin, hirugarren Txantrea 3 puntu pilatuta eta laugarren postuan Antsoain sailkatu zen punturik lortu gabe.
Emakumezkoen norgehiagokan aldiz, Ibarra nagusitu zen 12 puntu lortuta. Bigarren Beti Gazte 9 punturekin, hirugarren Txantrea 6 puntu pilatuta, laugarren Antsoain puntu bakarrarekin eta bosgarren postuan Berriozar sailkatu zen, puntu bakarra lortuta ere.
Bigarren eta azkeneko jardunaldia abenduaren 19an jokatuko dute leku berean, arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Kasu honetan, emakumeak 240 kiloko kategorian arituko dira (Beti Gazte, Txantrea, Ibarra, Antsoain eta Berriozar) eta gizonezkoak, aldiz, 300 kilotan arituko dira goma gainean, Beti Gazte, Txantrea, Ibarra, Antsoain eta Berriozar taldeak hain zuzen ere.
Euskal Herriko taldeak eta selekzioa Goma Gaineko Munduko Sokatira Txapelketan
Emaitza ikusgarriak lortu ditu Euskal Herriak Ipar Irlandan jokatutako munduko txapelketan
Nerea Arruti eta Amalur Arbelaitz nagusitu dira emakumezkoen Binakako Euskal Pentlatoian
Lanak 24.01ko denboran amaituta, bost minutuan ondu dute iaz Garazi Arruti eta Lucia Orbek lortutako marka
Euskal Herriko XIII. Bakarkako Sega Ligako azken jardunaldia lehiatu da Oiartzunen
Nagusien mailan, Alaitz Imaz hernialdetarra eta Mikel Lizartza tolosarra izan dira txapeldunak