HERRI KIROLAK/SOKATIRA
Euskal Herriko 4×4 Sokatira Txapelketa bueltan da
Covid19 gaitzak eragindako pandemiak sorturiko egoeraren ondorioz lehiaketa guztiak bertan behera utzi eta gero, hainbeste hilabete pasa ondoren berriz ere lehian arituko dira tiralariak hurrengo egunetan. Izan ere, Euskal Herriko 4×4 sokatira txapelketako lehenbiziko txapelak larunbat honetan jokatuko dituzte Getxon eta azkenak abenduaren 19an, Getxon ere.
Otsailean Irlandan Munduko txapelketan parte hartu zutenetik lehiatu gabe zeuden sokatiran aritzen diren kirolari gehienak. Azken hilabete hauetan, entrenatzeko ere nahiko lan izan dute, Covid-19ak sortutako egoeragatik. Azkenean, pixkanaka bada ere hasiko dira berriro martxan jartzen eta asteburu honetan bertan izango dute lehiara itzultzeko aukera. Hain zuzen ere, Euskal Herriko 4×4 sokatira txapelketako lehen txapelak erabakiko baitira Getxoko Fadura pilotalekuan azaroaren 28an, larunbatean 17:00etan.
Azpimarratzekoa da aurtengo Euskal Herriko 4×4 sokatira txapelketa ohikoa baino laburragoa izango dela eta soilik bi jardunaldi egingo direla, biak ala biak Getxon.
Aipatu bezala, lehen txapelak larunbat honetan izango dituzte jokoan. Emakumezkoak 260 kiloko kategorian lehiatuko dira (Beti Gazte, Txantrea, Ibarra eta Berriozar taldeak) eta gizonezkoak, berriz, 320 kiloko kategorian arituko dira (Beti Gazte, Txantrea, Ibarra eta Antsoain).
Bigarren eta azkeneko jardunaldia abenduaren 19an jokatuko dute leku berean, arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Kasu honetan, emakumeak 240 kiloko kategorian arituko dira (Beti Gazte, Txantrea, Ibarra, Antsoain eta Berriozar) eta gizonezkoak, aldiz, 300 kilotan arituko dira goma gainean, Beti Gazte, Txantrea, Ibarra, Antsoain eta Berriozar taldeak hain zuzen ere.
Beraz, bi jardunalditan lau txapel banatuko dituzte. Orain ikusi beharko da ia bederatzi hilabeteko geldialdiak zer eragin duen tiralariengan, baina berriz ere goma gainean lehiatzeko gogotsu daude.
Euskal Herriko XIII. Bakarkako Sega Liga abiatu da
Lehenengo saioa Basaburuan lehiatu zen, non Alaitz Imaz eta Jon Otegi nagusitu ziren
Nafarroako 4×4 sokatira txapelketa Betelun izan da
Emakumezkoen 235 kiloko eta gizonezkoen 300 kiloko lehen jardunaldia lehiatu zuten larunbatean
Gaztedi A taldea, Euskadiko Sokatira txapeldun
680 kiloko kategoriako lehiaketa hiru jardunalditan burutu dute, Azkoitian, Berriatuan eta Deban