HERRI KIROLAK/SOKATIRA
Euskal Herriko 4×4 Sokatira Txapelketa bueltan da
Covid19 gaitzak eragindako pandemiak sorturiko egoeraren ondorioz lehiaketa guztiak bertan behera utzi eta gero, hainbeste hilabete pasa ondoren berriz ere lehian arituko dira tiralariak hurrengo egunetan. Izan ere, Euskal Herriko 4×4 sokatira txapelketako lehenbiziko txapelak larunbat honetan jokatuko dituzte Getxon eta azkenak abenduaren 19an, Getxon ere.
Otsailean Irlandan Munduko txapelketan parte hartu zutenetik lehiatu gabe zeuden sokatiran aritzen diren kirolari gehienak. Azken hilabete hauetan, entrenatzeko ere nahiko lan izan dute, Covid-19ak sortutako egoeragatik. Azkenean, pixkanaka bada ere hasiko dira berriro martxan jartzen eta asteburu honetan bertan izango dute lehiara itzultzeko aukera. Hain zuzen ere, Euskal Herriko 4×4 sokatira txapelketako lehen txapelak erabakiko baitira Getxoko Fadura pilotalekuan azaroaren 28an, larunbatean 17:00etan.
Azpimarratzekoa da aurtengo Euskal Herriko 4×4 sokatira txapelketa ohikoa baino laburragoa izango dela eta soilik bi jardunaldi egingo direla, biak ala biak Getxon.
Aipatu bezala, lehen txapelak larunbat honetan izango dituzte jokoan. Emakumezkoak 260 kiloko kategorian lehiatuko dira (Beti Gazte, Txantrea, Ibarra eta Berriozar taldeak) eta gizonezkoak, berriz, 320 kiloko kategorian arituko dira (Beti Gazte, Txantrea, Ibarra eta Antsoain).
Bigarren eta azkeneko jardunaldia abenduaren 19an jokatuko dute leku berean, arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Kasu honetan, emakumeak 240 kiloko kategorian arituko dira (Beti Gazte, Txantrea, Ibarra, Antsoain eta Berriozar) eta gizonezkoak, aldiz, 300 kilotan arituko dira goma gainean, Beti Gazte, Txantrea, Ibarra, Antsoain eta Berriozar taldeak hain zuzen ere.
Beraz, bi jardunalditan lau txapel banatuko dituzte. Orain ikusi beharko da ia bederatzi hilabeteko geldialdiak zer eragin duen tiralariengan, baina berriz ere goma gainean lehiatzeko gogotsu daude.
Beti Gazte, sokatiran jaun eta jabe, bihar berriro lehian Idiazabalen
Orainarte erakutsitako nagusitasunari segida emanez lesakarrek beste bi txapela janzteko aukera izango dute
Zortzinakako Sokatira Txapelketa Busturian
640 kiloko gizonezkoak aritu ziren igandean eta Beti Gaztek bere erabateko nagusitasunari eutsi zion
Iraetan jokatu da Binakako Aizkolari Txapelketako laugarren jardunaldia
Iker Vicente- Jesus Maria Mujika bikotea nagusitu da Mikel Larrañaga eta Jon Rekondoren aurka