BOXEOA
Euskal Herria-Ingalaterra nazioarteko boxeo ekitaldiari begira
Euskal Selekzioak Ingalaterraren aurka zuen hitzordua jarrita ekainaren 6rako Bizkaia Arenan. Orain urrian edo azaroan jokatzekotan ari dira, gauzak ondo atera ezkero urtero egiteko asmoarekin
Txutxi del Vallek (Bilbo, 1972) jaiotzetik dakar boxeoarekiko lotura. Bera, aita eta aitona boxeolariak izan dira, eta osaba-aitona Bizkaiko Boxeo Federazioko presidentea. Deustuko Ramon y Cajal kalean gimnasio txiki bat ireki zuen hasieran beste bazkide batzuekin, eta gerora handiago bat zabaldu dute Zorrotzaurren. Boxeoa sustatzeko MGZ (Mampogym Zorrotzaurre) promotora sortu dute. Eta ekainaren 6rako Bizkaia Arenan Euskal Selekzioa eta Inglaterraren arteko lehia antolatua zuten, koronabirusak sortutako egoerak bertan behera uztera behartu dituen arte. Halere buru-belarri dihardute, eta urrian edo azaroan joka dadin lanean ari dira. Itxialdiak behartuta, telefonoz hitz egin dugu berarekin
Nola sortu zen ideia?
Zorrotzaurren MGZ gimnasio bat dugu. Horretan oinarrizko boxeoa lantzen dugu, baina profesionaletara iristen direnekin saioak antolatzen ditugu. Eta promotore lanak egiten ditugu ere.
Andoni Gago boxeolaria Europako txapelduna da egun, luma pisuan. Eta Nazioarteko Federazioen aginduz, bere txapela Gavin McDonnell ingelesaren aurka defenditzera behartuta dago.
Nik harreman estua daukat Koikili, Athletic-eko jokalari ohiarekin, eta bururatu zitzaigun, zergatik ez dugu hitz egiten Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendari Jon Redondorekin, eta Euskal Selekzioa – Ingalaterra gisako boxeo ekitaldi bat antolatu Europako txapelketako borroka hori egiteko? Hortik hasi eta, aldi berean, Iñigo nire bazkidea ingelesekin harremanetan jarri zen, eta dena borobiltzea lortu genuen.
Euskal Selekzioa izena jarri genion, gai horrekiko dauden iritzien artean, adostasun zabalena duen izena delako. Eguna, eta lekua ere aukeratu genituen, ekainaren 6an Bizkaia Arenan, eta aurrera.
Kirol ikuspegitik ze garrantzi du?
Oso, oso inportantea da. Boxeo munduan erreferentzia nagusienetako BoxRec agerkariak adibidez, 3 edo 4 izarreko borroka gisa sailkatzen du. Hau da, maila goreneko saio gisa. Ingalaterrako telebistak eta munduko beste hainbatek ere jarraipena egingo diote.
Gainera, Kerman Lejarraga, egun dugun boxeolari mediatikoenak ere borroka egingo du. Guztira sei borroka izango dira. Espero dugu kirol ikuskizun aparta izatea eta Bizkaia Arena beteta ikustea.
Kirolariek nola hartzen dute Euskal Selekzioa izenean aritzea?
Oso gustura. Hemengoak dira eta euskal boxeolariak direla agertzeak asko pozten ditu. Ibon Larrinaga da horrelako gaietan gehien nabarmentzen dena. Eta bera ere egongo da. Guztiek oso gustura hartzen dute parte.
Gainera kirol ikuskizun gisa oso erakargarria izango da. Borroka bakoitzak puntu bat izango du jokoan eta gehien lortzen dituen taldeak irabaziko du norgehiagoka.
Halaber, kontuan izan behar da, gauzak ondo ateratzen badira, agian urtero errepikatu ahal izango dela.
Nola dago boxeoan euskal selekzioaren ofizialtasunaren gaia?
Egun Euskal Selekzioa modu ofizialean Euskal Autonomia Erkidegoko gisa aritzen da, lurralde autonomikoen arteko borrokaldietan. Baina badira aipatu beharreko beste kontu batzuk ere.
Batetik, boxeoan borroka asko enpresa pribatuek antolatzen dituzte, eta beraz aukera batzuk zabaltzen dira.
Bestaldetik, guk Espainiako Federazioarekin harreman ona dugu. Zentzuzko jendea dago hartan eta begirunez hartzen gaituzte.
Gauzak gogoz eta ondo egiten badira, badago urratsak ematea boxeo munduan, marko legalaren barruan beti ere.
Euskal boxeolarien garaipenak Iruñeko larunbateko jaialdian
David Soria eta Cesar Nuñez nafarrek zein Andoni Gago bizkaitarrak bigarren roundean, eta Kerman Lejarragak puntuetan
Kerman Lejarraga, Europako Super Welter titulurako hautagaia
Isaac Real katalanaren aurkako borrokaldia iragarri dute oraindik zehaztu gabeko datan
Kerman Lejarragak garaipena lortu du bere berragerpenean
Bartzelonan bi minututan azpiratu du Anderson Clayton brasildarra