XAKEA

Euskal Herria finalaren atarian gelditu da

2012/06/07

Partidu bakar bat bera ere galdu gabe Euskal Herria Europako Nazioarteko Talde Gazteen Xake Txapelketaren finalaren ataria gelditu da. Sailkatu ahal izateko multzoko lehen bukatu behar zuen, baina 5 berdinketarekin ezin izan du finalerako txartela eskuratu. Taldeak itxura ona eman du, baina garrantzitsuak ziren uneetan ezin izan du garaipena eskuratu.

Euskal Herria Europako Nazioarteko Talde Gazteen Xake Txapelketa Bastian (Korsikan) jokatzen ari da gaur eta bihar. Euskal Herriko taldea Ivan Iturraldek (Donostia, 10 urte azpikoetan), Jose Luis Muñozek (Donostia, 12 urte azpikoetan), Ramon Elduayenek (Donostia, 14 urte azpikoetan), Javier Marchenak (Gasteiz, 16 urte azpikoetan), Juan Ruiz Abadek (Arrasate, 18 urte azpikoetan) eta Paul Veltenek (Baiona, 20 urte azpikoetan) osatzen dute.

Sailkatze faseko multzo indartsuena tokatu zaie ELOaren edo xake jokalariak sailkatzeko sistemaren arabera. Bertan zeuden Korsika, Sardinia eta Bretainia. Goizeko lehen bi errondetan, Sardiniaren aurka berdindu dute eta Bretainiaren aurka irabazi. Arratsaldean, berriz, berdinketak baizik ez dituzte lortu, bi aldiz Korsikaren kontra, bigarren aldi batez Sardiniaren aurka, baita Bretainiaren aurka ere. Bitartean Korsikak, multzoko lehena bukatu duen taldeak, bi garaipen lortu ditu goizean. Arratsalde hasiera, ordea, kostatu zaie, Euskal Herriaren aurka berdinduz hasi dira, baita ustegabean multzoko azken zihoan Bretainiaren aurka galduz ere. Azkeneko bi partiduetan, ordea, burua berriro altxa, eta Sardinia menean hartuz, eta Euskal Herriaren aurka bigarren aldiz berdinduz, finalerako nahikoa zuten aldeari eustea lortu dute.

Multzoko sailakapena horrela bukatu da. 1. Korsika 4 punturekin, 2. Euskal Herria 3,5 punturekin, 3. Sardinia 2,5 punturekin eta 4. Bretainia 2 punturekin. Bitartean, Alsazia erraz sailkatu da finalerako, Bera, Bulgaria, Korsika II eta Piemonte biltzen zituen bigarren multzoan. Finala bihar eguerdian jokatuko da, aipatu bezala, Korsika eta Alsaziaren artean. Hemen jarraitu daiteke zuzenean.

Share This