HERRI KIROLAK/SOKATIRA
Euskadiko Lur Gaineko Sokatira Txapelketako hirugarren jardunaldia jokatu zen larunbatean
Laukizko Gaztedi taldeak Euskal Herriko Lur Gaineko Sokatira lehiaketako txapela jantzi du, 580 kiloko misto mailan (lau neska eta lau mutil aritzen dira talde bakoitzean), pasa den larunbatean Faduran izandako azken tiraldian 2-0 emaitzarekin Erandioko Goiherri taldea mendean hartu ondoren.
Gaztedi zein Goiherri taldeek, haien lehenengo tiraldian 2-0ko emaitza berberarekin irabazi zioten hirugarren aurkariari, Akelarreri, alegia. Beraz, haien arteko tiraldian erabaki zen 580 kiloko kategoria mistoko txapela nork jantziko zuen.
Azkeneko tiraldi-saioan, Gaztedik eskuratu zuen garaipena txanda bietan Goiherriri irabazita (2-0) nahiz eta oso parekatuak izan ziren haien arteko lehiak. Lehenengo tiraldia galdu ondoren, bigarrenean hil ala bizi jokatu zuen Goiherrik berdinketa hausteko tiraldi gehigarria lortu ahal izateko eta hasiera indartsua eman zion saioari, baina Gaztedikoek eustea lortu egin zuten eta zegokion momentuan erasoa jo ondoren bigarren tiraldia irabaztea eta ondorioz txapela janztea lortu zuten.
Euskadiko Lur Gaineko Sokatira Txapelketa abuztuaren 8an hasi zen, orotara bost jardunaldi lehiatuko direlarik irailaren 5era arte, eta astero kategoria bakoitzeko neurketa guztiak egun bakarrean lehiatuko dira Getxon, Covid19 gaitzak eragindako egoera dela eta.
Jardunaldi guztiak, abuztuaren 15ekoa izan ezik, 17.00etan hasiko dira eta abuztuaren 15eko ekitaldia, esan bezala,11.00ean izango da. Jardunaldi bakoitzean puntu gehien lortzen duen taldeak etxeratuko du txapela.
Txapelketako jardunaldiak:
-Lehenengo jardunaldian, abuztuaren 8an jokatu zena, 680 kiloetako kategorian, Getxo, Goiherri, Akelarre, Mutriku eta Gaztedi taldeak aritu ziren nor baino gehiago. Txapelduna Erandioko Goiherri izan zen. Bigarren Mutriku, ondoren Akelarre Erandiokoa, eta laugarren Getxo. Gaztedik parte hartzerik ez zuen izan, taldekide batek koronabirusaren proban positiboa eman zuelako.
-Bigarren jardunaldian, abuztuaren 15koa, 640 kiloetako kategorian, Getxo A-B, Akelarre, Mutriku eta Gaztedi taldeek neurtu zituzten indarrak. Azkenean, Goiherri izan zen irabazlea, bigarren postua Gaztedik eskuratu zuelarik. Mutriku izan zen hirugarrena, Akelarre laugarrena eta Getxo bosgarrena.
-Hirugarren jardunaldian, abuztuak 22koa, 580 kiloko mistoan, Goiherri, Akelarre eta Gaztedi izan dira aurkariak. Arestian esan bezala, Gaztedi izan da txapelduna, Goiherri bigarren, eta Akelarre hirugarren izan direlarik.
-Laugarren jardunaldian, abuztuak 29an, 600 kilokoan, Getxo, Goiherri «A», Goiherri «B», Akelarre, Mutriku eta Gaztedi taldeen txanda izango da
-Bosgarren eta azken jardunaldian, irailaren 5ean jokatuko dena, 560 kiloetako kategorian, Getxo, Goiherri, Akelarre eta Gaztedi taldeak arituko dira.
Goiherrik irabazi du Bizkaiko sokatira txapelketa
Bi jardunaldiak irabazi eta guztira 10 puntu eskuratu zituen. Bigarren Gaztedi geratu zen 8 punturekin eta Akelarre hirugarren 6 puntu pilatuta
2021eko Getxoko lurreko Sokatira Mundialaren Txapelketa
Irailaren 15etik 19ra izango da, eta kluben lehiaz aparte, herrialdeen arteko txapelketan parte hartuko du Euskal Herriko selekzioak
Goiherrik irabazi du Euskadiko Sokatirako Txapelketa 560 kilotan
Bost mailetan jokatu da Euskadiko Txapelketa, eta horietariko lau kategorietan lortu du garaipena Goiherrik: 680, 640, 600 eta 560 kilotan