HERRI KIROLAK/HARRIA
Euskadiko harri txikien harri-jasotze txapelketa jokatuko da urriaren 3an
Argazkiak: egursport.com
Larunbat honetan, urriak 3, jokatuko da Euskal Herriko Harri txikien txapelketa Aiako probalekuan, 18:00etan hasita
Guztira, zazpi harri-jasotzaile arituko dira nor baino nor gehiago: Josetxo Urrutia Baleztena, Gorka Etxeberria Ikutza, Hodei Iruretagoiena Uria ‘Izeta IV.a’, Mikel Lopetegi Gereka, Iraitz Arruti Artetxe, Jagoba Otaegi Etxeberria eta Manex Aburuza Alduntzin.
Maila absolutuko eta 80 kilo azpikoen txapelketak jokatuko dituzte aipatu kirolariak, zehazki Gorka Etxeberria Ikutza, Hodei Iruretagoiena Uria Izeta IV, Mikel Lopetegi Gereka Urra eta Iraitz Arruti Artetxe arituko dira maila absolutuan eta 80 kiloz azpikoen mailan berriz, Josetxo Urrutia Baleztena, Jagoba Otaegi Etxeberria eta Manex Aburuza Alduntzin.
Txapelketako harriak 100 kiloko bola, 112,5 kiloko kubikoa, 125 kiloko zilindrikoa eta 125 kiloko laukizuzena dira. Harri-jasotzaile bakoitzak harri bakoitzarekin hiru minutuko txanda bat eginen du.
Sarrerak salgai daude dagoeneko Aiako Iturriozena tabernan, Arruti jatetxean eta Aize Berri kafetegian. Agortuko ez balira, Aiako probalekuan bertan ere salgai jarriko lituzkete egunean bertan.
Bizkaiko Harri Txikien txapelketa
Irailaren 13an, Sopelako udaletxeko pareko plazan jokatu zen Bizkaiko Harri Txikien Txapelketa.
Inhar Urruzuno harrijasotzaile ondarrutarrak 70 (32+17+21) jasoaldi eginda, merezimendu osoz jantzi zuen txapela. Haren atzetik sailkatu ziren, hurrenez hurren, Jon Gisasola Zelai V.a 56 jasoaldirekin (23+13+20) eta Julio Jimenez 45 jasoaldirekin (20+11+14).
Aurkariak ondo aritu ziren txapelketan, baina Urruzunok maila bat gorago dagoela erakutsi zuen beste behin ere. Tinko eusten dio garaipenari Bizkaia mailan beraz, azken txapel honekin dagoeneko zortzi txapel jarraian etxeratu baititu. 2013an irabazi zuen aurreneko txapela, eta orduz geroztik, podiumaren gailurrean mantentzeko gai izan da.
Peñagarikanok irabazi du Aizperroren aurka lehiatutako desafioa
Azpeitiarrak sei segundoko aldea atera zion oriotarrari, harria jasotzen, aizkoran eta korrika arituta jokatutako apostuan
Herri Kirol jardunaldia lehiatu zen Leitzan
Aizkoran Vicentek Rekondori irabazi dio, harrian Goikoetxek 35 jasoaldi eta Galarragak 32, eta Virginia Finolek 52 altxaldi egin zituen berriro
Urrezko Aizkolarien eta Harrijasotzaileen jardunaldi berri bat igandean Leitzan
Aizkoran, Iker Vicente eta Jon Rekondo neurtuko dira. Harrijasotzen, Aimar Galarraga Imanol Albizuren aurka eta Virginia Finol bakarkako lanean