KIROLA
Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoak bertan behera geratu dira
Eusko Jaurlaritzak bertan behera utzi ditu maiatzaren 30etik ekainaren 7ra bitartean Gasteizen egitekoak ziren Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoak
Eskola Kirola ikasleek nahitaezko eskolatze aldian irakastorduetatik kanpo egiten duten kirol jarduera antolatua da.
Ikasturtean zehar ikasle gazteek burututako kirol ekintzak azken ekitaldi honetan amaitzen dira, kirol helburuaz gain, partehartzaileen adinerako egokia den lehiaketan ondo pasa eta euskara sustatzea ere helburu direlarik.
Baina tamalez, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak bertan behera utzi behar izan ditu Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoen 39. edizioa. Txapelketa hauek maiatzaren 30ean eta 31n, eta ekainaren 6an eta 7an antolatu behar ziren, Gasteizen, baina Covid 19aren hedapenak sorturiko egoerak ezinezkoa bihurtu du aurtengo edizioa lehiatzea.
Eskolarteko Kirol Jokoek, EAE mailan lehiatzen dira eta 12 eta 14 urte bitarteko 2.500 neska-mutil inguru bildu behar zituzten, guztiak ere euren lurraldeetako eskola-kiroleko txapelketen irabazleak. Hala, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleek lehiatu behar zuten Euskadiko txapeldun izateko honako modalitateetan: aerobic, xakea, atletismoa, saskibaloia, eskubaloia, txirrindularitza, futbol 11, futbol 7, areto futbola, gimnasia erritmikoa, judoa, karatea, euskal pilota, tenisa, errugbia, boleibola, hondartza-boleibola, padela eta igeriketa. Alabaina, Osasun Larrialdiaren eta Alarma Egoeraren ondorioz indarrean jarritako osasun eta segurtasun neurriek ez dute horiek egiteko betarik utzi.
Eskola-kirola lurralde historikoetako foru aldundien eskumena den arren (toki-administrazioekin lankidetzan sustatzen dituzte lehiaketa horiek), Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoak Eusko Jaurlaritzak antolatzen ditu. Txapelketa hauek amaiera ezin hobea ematen diete ikasturte osoan zehar Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jokatzen diren eskola-kiroleko probei.
Iragan ostiralean, Euskal Mendizaletasunaren Gala izan zen Amurrion
Euskal Mendizale Federazioak eta Pyrenaica aldizkariak 2019. urteko euren sariak banatu zituzten
Eibar-Reala, martxoaren 10ean
Otsailaren 16an jokatzeko zen Eibar-Reala partida bertan-behera gelditu zen Zaldibarko zabortegiak eragindako kutsadura maila oso handia zegoelako
Abian da goma gaineko Sokatira mundiala
Nazioen arteko txapelketan Euskal Selekzioa hamar pisutan lehiatuko da eta Kluben arteko txapelketara 39 euskal talde aurkeztu dira