KIROLA
Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoak bertan behera geratu dira
Eusko Jaurlaritzak bertan behera utzi ditu maiatzaren 30etik ekainaren 7ra bitartean Gasteizen egitekoak ziren Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoak
Eskola Kirola ikasleek nahitaezko eskolatze aldian irakastorduetatik kanpo egiten duten kirol jarduera antolatua da.
Ikasturtean zehar ikasle gazteek burututako kirol ekintzak azken ekitaldi honetan amaitzen dira, kirol helburuaz gain, partehartzaileen adinerako egokia den lehiaketan ondo pasa eta euskara sustatzea ere helburu direlarik.
Baina tamalez, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak bertan behera utzi behar izan ditu Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoen 39. edizioa. Txapelketa hauek maiatzaren 30ean eta 31n, eta ekainaren 6an eta 7an antolatu behar ziren, Gasteizen, baina Covid 19aren hedapenak sorturiko egoerak ezinezkoa bihurtu du aurtengo edizioa lehiatzea.
Eskolarteko Kirol Jokoek, EAE mailan lehiatzen dira eta 12 eta 14 urte bitarteko 2.500 neska-mutil inguru bildu behar zituzten, guztiak ere euren lurraldeetako eskola-kiroleko txapelketen irabazleak. Hala, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleek lehiatu behar zuten Euskadiko txapeldun izateko honako modalitateetan: aerobic, xakea, atletismoa, saskibaloia, eskubaloia, txirrindularitza, futbol 11, futbol 7, areto futbola, gimnasia erritmikoa, judoa, karatea, euskal pilota, tenisa, errugbia, boleibola, hondartza-boleibola, padela eta igeriketa. Alabaina, Osasun Larrialdiaren eta Alarma Egoeraren ondorioz indarrean jarritako osasun eta segurtasun neurriek ez dute horiek egiteko betarik utzi.
Eskola-kirola lurralde historikoetako foru aldundien eskumena den arren (toki-administrazioekin lankidetzan sustatzen dituzte lehiaketa horiek), Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoak Eusko Jaurlaritzak antolatzen ditu. Txapelketa hauek amaiera ezin hobea ematen diete ikasturte osoan zehar Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jokatzen diren eskola-kiroleko probei.
Ander Noain eta Inma Pereirok irabazi dute Arbizuko duatloia
Maila absolutoan Ander Noainek eta Inma Pereirok irabazi zuten eta proba motzean berriz, Julen Andueza eta Claudia Martinez nagusitu ziren
Asier Etxeberriak irabazi du Gorlako Igoera
Unai Iribar taldekidearekin batera ihes eginda, elkarri helduta eta besoak jasota, gurutzatu zuen helmugako marra
Ibarra eta Beti Gazterentzat izan dira azken txapelak
580 kiloko txapelketa mistoa irabazi zuen Ibarrak eta gizonezkoen 560 kiloko txapelketan nagusitu zen Beti Gazte