TXIRRINDULARITZA
Euskadi Fundazioa 2020. urteari begira
Argazkia: LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Ziklistak, taldearen bideratzaile
Euskadi Fundazioko arduradunek esan dute ahalegina egingo dutela Itzulian parte hartzeko
June Prieto
Erronka berriei aurre egiteko prest da Euskadi Fundazioa txirrindularitza taldea. Datorren denboraldian, gainera, Kontinental Profesional mailan ariko da, Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak (UCI) eskatutako baldintzak bete eta gero.
Zaleen «berotasuna» nahi du taldeak orain. Jesus Ezkurdia marketin eta komunikazio arduradunak prozesuan izandako zailtasunak azaldu zituen atzo, Bilbon egindako aurkezpenean: «Esfortzu ekonomiko handia egin da koska bat gora egiteko, baina hori izan da lortzen errazena. Orain, lehen geneukan babes soziala berreskuratu nahiko genuke».
Itzulian ere egon nahi dute, baina, Mikel Landa Euskadi Fundazioko lehendakariak esan zuenez, «txirrindulariak nola aritzen diren» izango da gakoa. «Orain ziklistek egin behar dute guztia; haien esku geratuko da Euskal Herriko Itzulian parte hartu ahal izatea edo ez». Hogei ziklistako taldea izango dute, eta, hori baliatuta, batzuetan taldea bi lasterketetan ariko da aldi berean.
Jorge Azanza taldeko kirol zuzendaria oso harro azaldu zen hautatutako txirrindulariekin. «Ilusio handiz hartuko dugu erronka hau; uste dut talde polit eta trinko bat sortu dugula».
Hurrengo urteko sasoiaren lehenengo zatia emaitza onak lortzeko diseinatuta dagoela azaldu zuen Landak. Argentinan, San Luisko Itzulian emango diote hasiera sasoiari, urtarril amaieran. Mallorcan, Valentzian (Herrialde Katalanak) eta Murtzian ere (Espainia) arituko dira, besteak beste. Nazioartean ere ibiliko dira, Frantzian eta Italian gehienbat.
Espainiako Vueltarekin eta Frantziako Tourrarekin «amesten» dute, baina hori ere txirrindularien ahaleginaren araberakoa izango dela esan zuten arduradunek. Hala ere, indar berezia jarriko dute Itzulian eta Donostiako Klasikoan, eta, horretarako, emaitza onak lortu beharko dituzte aurretik egingo dituzten probetan. «Etxean beti eman behar dugu daukagun onena, eta ilusio bereziz bizi ditugu bi lasterketa horiek; bertan egoteko beharra sentitzen dugu», aitortu zuen Landak.
1.300 bazkide
Eskerrak eman zizkieten kolaboratzaile guztiei, eta bereziki 1.300 bazkideei. «Gaur egun egiten ditugun proiektuak ezinezkoak izango lirateke kanpotik datorkigun babesik gabe. Bost urterako sortzen ditugu proiektuak; beraz, aurkezten dugunaren helburua luzerako da», esan zuen Ezkurdiak.
Taldeari dagokionez, aurtengo bederatzi ziklista daude, hamar berri, eta Iker Ballarin, 23 urtez azpiko taldetik datorrena. «Guretzat oinarrizkoa da harrobia maila onean mantentzea», azaldu zuen, eta gehitu hori «akuilu» izan daitekeela Kontinental Profesional mailako talde batentzat. Halaber, emakumezko taldea ere indartu nahi dutela esan zuten.
Landa «ilusioz beteta» dago. «Euskaltel-Euskadik eduki zuena edukitzea gustatuko litzaiguke, baina badakigu orain zailagoa dela; aurrekontu handiak behar dira, eta taldeetan gero eta maila hobea eskatzen dute. Gutxinaka helburu horretara goaz. Gure zaleen ametsak eta gureak berberak dira».
2020 denboraldirako proiektua aurkeztu diegu komunikabideei. Honaino heltzeko ezinbestekoa izan da taldea osatzen duten guztien babesa,eta baita kideen, kolaboratzaileen eta Euskadin txirrindularitza sustatzen duten erakunde publikoen baldintzarik gabeko laguntza ere. Mila esker! pic.twitter.com/Vft3WcXnPo
— FundaCiclistaEuskadi (@FundaCiclisEusk) November 7, 2019
EUSKADI FUNDAZIOAREN TXIRRINDULARIAK
Gotzon Martin. Euskal Herria, 23 urte.
Ibai Azurmendi. Euskal Herria, 23.
Jokin Aranburu. Euskal Herria, 22.
Mikel Alonso. Euskal Herria, 23.
Peio Goikoetxea. E. Herria, 27.
Txomin Juaristi. Euskal Herria, 24.
Unai Cuadrado. Euskal Herria, 22.
Iker Ballarin. Euskal Herria, 22.
Diego Lopez. Euskal Herria, 21.
Gari Bravo. Euskal Herria, 30.
Julen Irizar. Euskal Herria, 24.
Mikel Aristi. Euskal Herria, 26.
Mikel Bizkarra. Euskal Herria, 30.
Mikel Iturria. Euskal Herria, 27.
Ruben Fernandez. Espainia, 28.
Juanjo Lobato. Espainia, 30.
Antonio Jesus Soto. Espainia, 24.
Antonio Angulo. Espainia, 27.
Joan Bou. Herrialde Katalanak, 22.
Dmitri Zigunov. Bielorrusia, 23.
Txirrindularitza
Carusok lortu du garaipena Getxoko Zirkuituan
Segundo bateko aldea atera dio atzetik helmugaratutako taldeari, non Giacomo Nizzolo bigarren izan den, Edu Prades hirugarren eta Jon Aberasturi laugarrena
Zierbena eta Donostiarra, Euskadiko Txapeldunak
Emakumezkoetan Donostiarra eta gizonezkoetan Zierbena nagusitu dira aurrenekoz Lekeition lehiatutako Euskadiko Txapelketan
Getxoko zirkuitua, “zero ikusleko” ekitaldia
Igande honetan lehiatuko den edizioa publikorik gabeko ekitaldia izateko beharrezko prebentzio-neurriak iragarri dituzte