EUSKAL KIROLA

Eta kirolean zer? PSEren erantzunak

by | 2020/07/05

Hauteskundeak ate joka ditugula, alderdi politikoei ezinbesteko galdera luzatu diegu… «Eta kirolean zer?»

Hona hemen PSE-EEren erantzunak.

 

Uztailaren 12an Erkidegoko hiritarrok Eusko Legebiltzarrerako biltzarkideak hautatu ahal izango  ditugu. Eta dagoeneko hasia da hauteskunde kanpaina.

Euskal Herria Kirolean garrantzitsua iruditu zaigu aurkezten diren alderdiek jarduera fisikoaz eta kirolaz zer dioten aurrez jakitea.

Eta honen karira, galdetegi bat luzatu diegu alderdi guztiei euren iritzia finkatzeko asmoz, gaurkoan PSE-EEk helarazitako erantzunak zuenganatzen ditugularik.

1.-Legegintzaldi berrian zure alderdiak zein neurri lehenetsiko ditu jarduera fisikoa sustatzeko?

Euskadiko Sozialisten ustez, kirola eta ariketa fisikoa dira gure nortasun kolektiboaren ezaugarri nagusietako bat. Horregatik, kirola kohesio sozialerako elementu bihurtu nahi dugu udalerriz udalerri.

Gure ustez, une egokia da ekipamendu publikoen eta kirol-erakundeen kudeaketa-eredua birpentsatzeko, eta tokiko kirol-talde eta klubei autonomia emango dieten autogestio-sistemak jartzeko.

Familiako zainketak eta lan jarduera helduentzako jarduera fisikoarekin bateratzeko, gazteei laguntzeko eta jarduera fisikoa egiteko zailtasun gehien dituzten adinekoei laguntzeko neurriak proposatzen ditugu.

Herritarren parte-hartzea sustatuko dugu jarduera fisikoa babesteko politiken diseinuan, eta hirigintza-neurriak sustatuko ditugu jarduera fisikoarekin atseginak diren hiri-inguruneak sortzeko.

2-Legegintzaldi berrian zure alderdiak zein neurri lehenetsiko ditu kirol alorrean?

Euskadiko Sozialistek sakonki sinesten dugu kirolaren alderdi integratzailean. Duen garrantziagatik uste dugu Eusko Jaurlaritzak, legegintzaldi berrian, Kultura eta Kirol Sail berezia izan behar duela.

Kirola sustatzeko eta bultzatzeko hainbat neurri biltzen ditu gure programak. Hala, kirol inklusiboa eta kirol egokitua sustatzearen alde egiten dugu; kirolaren bilakaera teknologikoari lagunduko diogu (kirola egiteko ingurune birtualak, izapidetze elektronikoa, gailu mugikorretarako aplikazioak…), eta etorkinekin kirolaren bidez kultura-trukerako ekintzak sustatuko ditugu.

Gainera, kirolaren industriak eskaintzen dituen aukera ekonomikoak aprobetxatu behar direla uste dugu, besteak beste, kirol-materiala fabrikatzea eta ostalaritzaren eta turismoaren sektoreetan eragin handia duten kirol-lehiaketak ugaritzea. Aldundiekin eta udalekin elkarlanean, jarduera turistikoa eta aberastasuna sor dezaketen kirol izaerako txapelketa, lasterketa eta sinposioak lagunduko ditugu.

3.-Legebiltzarraren zeregin nagusienetakoa legeak egitea izanik ze iritzi du zure alderdiak  kirol arloan bai erkidego mailan bai estatukoan indarrean dauden legeei buruz? Aldaketarik proposatuko dituzue?

Goi Mailako Kirolariaren Estatutu bat onartzea proposatzen dugu, gure eliteko kirolariek, bai lanean ari diren bitartean, bai lehiaketa uzten dutenean, izaten dituzten arazoak arautzeko eta horiei erantzuna emateko, arreta berezia jarriko zaielarik helburu olinpikoak dituzten kirolariei.

Legean aurreikusitako kirol-ikuskapenak garatzearen alde gaude. Orain arte, kirol-jarduera betetzen dela zaintzeko ez dira ez artikulatuta ez aurrekontuan jasota egon.

4.-Legegintzaldi berrian zure alderdiak euskal selekzioak nazioarteko txapelketa ofizialetan lehiatzearen aldekoa da? Eta hala balitz zein urrats emateko prest dago?

Euskal Sozialistek errespetatu eta babestu egiten ditugu nazioarteko txapelketa ofizialetan parte hartzeko ekintzak abian jarri dituzten Euskadiko kirol-federazioak, beren borondatez eta autoerregulazioko esparru pribatuaren barruan. Hala, Euskal Ganberan amaitu berri den legegintzaldian onartutako legebiltzar-ekimen baten alde egin dugu.

5.-Zure alderdiak ze iritzi du indarrean dauden kirol egiturei buruz?Federazioak, klubak, bakoitzaren funtzioaz eta harremanaz?

Euskal Sozialisten ustez, beharrezkoa da Euskadiko kirol-egiturak berrantolatzea. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak federazioak berrantolatzeari ekingo dio, baliabide publikoen eraginkortasuna hobetzeko, baina baita gizarte-errealitate berriei erantzuteko eta erakunde horiek klubei eta kirolariei ematen dizkieten zerbitzuak hobetzeko ere. Kirol federazioentzako laguntzak haiekin adostutako programen arabera ematea proposatzen dugu.

Gainera, zuzendari-lanak egiten dituzten klubetako entrenatzaileen estatusa handitu nahi dugu, haiek prestatzeko beken bidez. Gutxiengoen kirol klubei laguntzeko neurriak hartuko ditugu ere.

6.-Zure alderdiak zein politika ezarriko ditu aukera berdintasunetik, kolektibo zaurgarrienei begira?

Emakumeen kirola sustatu nahi dugu eta euskal kirol erakundeek emakumeen partaidetzari arreta egokia eskainiko diotela bermatu, baliabideak berdintasunez banatu daitezen. Kirol erakunde eta entitateen zuzendaritza postuetan emakume gehiago egoteko ere lan egingo dugu. Genero-ikuspegia zeharka sartuko dugu kirol-politika guztietan.

7.- Jaurlaritzako kirol zuzendaritzak 2020an, 8.990.108  euro bideratu ditu jarduera fisiko eta kirol eremura. Ze balorazio egiten duzue honetaz?

Gure ustez, baliabideak eraginkortasunez kudeatzea da kopurua baino garrantzitsuagoa. Hala, gure ustez, kirola eta jarduera fisikoa gizartearen ongizaterako eta talentua sortzeko funtsezko ardatzak aintzat hartzen dituen politika publiko batek baliabideak kirolariengana iristea lortu behar du, eta ez soilik kirolariak kontsumitzeko joera duten erakunde-egituretara.

Share This