EUSKAL PILOTA
Eskuz Binakako Master Laboral Kutxa 2021 Txapelketa aurkeztu dute
Astelehen honetan, martxoak 1, emakumezkoen esku pilota lehiaketarik garrantzitsuena den Eskuz Binakako Master Laboral Kutxa txapelketa aurkeztu dute Bilboko Euskal Museoan, arratsaldeko 18.00etatik aurrera.
Ekitaldi honetan 2021 denboraldirako egutegia, web orrialde berria, Eskuz Binakako Master txapelketaren xehetasunak eta bertan parte hartuko duten bikoteen izenak jakinarazi zituzten, pilotariak bertan zirela.
Arazoak arazo eta oztopoak oztopo, emakumezkoen esku pilota txapelketarik garrantzitsuena bueltan da, osasun larrialdi egoerara moldatutako eskaintza paregabe batekin. Azken urteetako ohiturari jarraituz, denboraldia Binakako txapelketarekin hastea zen asmoa eta horretarako abenduan izen ematea zabaldu zen, asmoa txapelketa erabat irekia egitea baitzen. Beti bezala, pilotarien erantzuna sekulakoa izan zen, 80 emakumek eman baitzuten izena pilota goxoan eta beste 28k mistoarekin, pandemiak pandemia, emakumeek pilotan lehiatzen jarraitu nahi dutenaren seinale.
Hala ere, indarrean dauden mugikortasun murrizpenekin ezinezkoa egin da halako txapelketa handi bat osatzea eta Eusko Jaurlaritzarekin formatu murriztu batean goi mailako txapelketa bat antolatzea adostu dute. Horrela jaio da ESKUZ BINAKAKO MASTER LABORAL KUTXA 2021, martxoak 6an Asteasun abiatuko den lehiaketa berria. Denera 16 pilotarik, zortzi bikotek, izango dute pilota mistoarekin jokatuko den txapelketa honetan parte hartzeko aukera.
Martxoaren seian, larunbata, ekingo zaio lehiaketari, final laurdenekin. Jardunaldia bitan banatuko da eta goizez bi partida jokatuko dira A taldeko Irantzu Etxebeste-Olatz Ruiz de Larramendi / Amaia Aldai-Gentzane Aldai eta B multzoko Leire Garai-Oihana Orbegozo / Miren Larrarte-Ane Urkizu. Arratsaldeko jaialdia ETB-k zuzenean emango du, 15.30etatik aurrera eta bertan arituko direnak A multzoko Iera Agirre-Maite Ruiz de Larramendi/ Andrea Aldaregia-Nora Mendizabal eta B taldeko Olatz Arrizabalaga-Naroa Agirre / Ainhoa Ruiz de Infante-Arrate Bergara izango dira.
Kanporaketa hauetan irabazle irteten diren bikoteek finalerdiak jokatuko dituzte bi aste geroago, martxoaren 20an, arratsaldeko 15.30etatik aurrera, hauek ere telebistako kamerak zuzenean direla, Irungo Urantzu pilotalekuan. Iaz bezala, finala ere Bidasoako herrian jokatuko da, apirilaren 4an, eguerdian, nola ez, ETBk zuzenean emana.
Baina egungo esku pilotaririk onenak batuko dituen txapelketa hau ez da Bilboko Euskal Museoan aurkeztu zen denboraldi berriak dakarren berrikuntza bakarra. Izan ere, garai berrietara egokitzeko asmoz, Emakume Master Cupeko antolatzaileek erakundearen web orrialde berria (http://www.emakumemastercup.eus) ere erakutsi diete bertan bildutako pilotari eta kazetariei. Beste sorpresarik ere gorde dute, esaterako laster aurkeztuko den denboraldi berrirako diseinatutako arropa teknikoaren aurkezpena.
Berrikuntzekin dator UTS Master erremonte txapelketa
Fnalerdiak igande honetan jokatuko dira eguerdiko 12:00etan eta finala urtarrilaren 30ean, gaueko 23:00etan
Malerrekako eskuz binakako XIX. pilota txapelketa igandean abiatuko da
Benjaminak Legasan, alebinak eta infantilak Lesakan eta kadete eta jubenilak Donezteben arituko dira aurreneko jardunaldi honetan
Bertan behera gelditu da San Anton Pilota txapelketa
Larunbat honetan eta jardunaldi bakarrean jokatzekoa zen baina Jaurlaritzak hartu dituen azken neurrien ondorioz bertan behera utzi dute lehiaketa