EUSKAL PILOTA
Erkiaga eta Lopezek irabazi dute Miarritzeko Urrezko Eskularrua
Argazkiak: Jai Alai News
Miarritzeko Urrezko Eskularrua zesta punta txapelketako finala jokatu zen asteburuan Euskal Jai frontoian, bertan 1.200 lagun bildu zirelarik pilotalekuko harmailetan partida eder bat ikusteko asmoz.
Olharanek eta Basquek jokatu behar zuten Erkiaga eta Lopezen aurka, baina Jean Olharanek (aurtengo Iparraldeko zesta denboraldiko aurrelaririk onena) positibo eman zuen COVID-19aren proban, eta Ithurria ziburutarrak bete behar izan zuen haren lekua. Nahiz eta azkeneko hiru urteotan elkarrekin jokatu ez, 2009an txapelketa hau irabazi zuten Erkiaga eta Lopez ziren faboritoak eta ez zuten hutsik egin, hamabi urteren ondoren bigarren txapel bat irabazi zutelarik Miarritzeko frontoian.
Hala ere ez zen garaipen erraza izan, eta aurreneko jokoan batez ere asko sufrituta atera zuten partidua aurrera. Erkiaga eta Lopez 0 eta 3 irabazten jarri ziren lehen setaren hasieran, baina Ithurriak eta Basquek erreakzioa izan zuten, eta aurretik ere jarri ziren (5-3). Gerora berdindua joan zen markagailua (6-6, 7-7) baina orduan zuloa irekitzea lortu zuten Lopez eta Erkiagak (7-10). Hala ere, azken ahalegina eginda aurkariek partidua berriro orekatzea lortu zuten (14-14) baina azken tantoa Erkiagaren eskutik erdietsi zuten urdinek eta ondorioz beraiek irabazi zuten lehen seta 14-15 emaitzarekin.
Bigarren jokoaren hasieran ere ondo eutsi zuen Iparraldeko bikoteak (2-2, 3-4, 4-5) baina handik aurrera nekea somatzen hasi ziren eta pilota biziarekin nagusi izan ziren Erkiaga eta Lopez. Bigarren set bikaina egin zuen zumaiarrak, azkenean 9-15 emaitzarekin irabazi zutelarik seta, partida eta txapelketa.
Aritz Erkiagak iazko garaipena berretsi zuen beraz (Minviellerekin batera arituta) eta bere hirugarren txapela jantzi zuen, denboraldiko bere bigarren Grand Slamean nagusituta (aurretik Gernikakoa irabazita zuen ispasterrekoak). Aldiz, Lopezek irabazten duen bosgarren Urrezko Eskularrua izan da hau. Lau jarraian irabazi zituen 2007tik 2010era bitartean, eta 11 urte ondoren bosgarrena poltsikoratu du oraingoan.
Altsasuk amaiera emango dio Nafarroako Foru Komunitateko Txapelketari
Sei bikotek borrokatuko dute txapelaren bila, kadeteen, 22 urtez azpikoen zein elite mailakoen finaletan
Setien eta Larre Gain, Sagardoaren Txapelketaren finalera
Ansa II-Juanenea bikoteak Goikoetxea V eta Barrenetxea IV garaitu zituen 30-25 eta Urriza-Zubirik 30-22 irabazi zuten Segurola-Azpirozen kontra
Uxue Murillo-Irati Igoa eta Amaia Espinal-Laura Saez Arzamendi, paleta gomazko finalera
Nafarroako Foru Erkidegoko Elite Txapelketako finalak jokatuko dituzte, bi finalerdi handiren ondoren