EUSKAL PILOTA
Erkiaga eta Lopezek irabazi dute Miarritzeko Urrezko Eskularrua
Argazkiak: Jai Alai News
Miarritzeko Urrezko Eskularrua zesta punta txapelketako finala jokatu zen asteburuan Euskal Jai frontoian, bertan 1.200 lagun bildu zirelarik pilotalekuko harmailetan partida eder bat ikusteko asmoz.
Olharanek eta Basquek jokatu behar zuten Erkiaga eta Lopezen aurka, baina Jean Olharanek (aurtengo Iparraldeko zesta denboraldiko aurrelaririk onena) positibo eman zuen COVID-19aren proban, eta Ithurria ziburutarrak bete behar izan zuen haren lekua. Nahiz eta azkeneko hiru urteotan elkarrekin jokatu ez, 2009an txapelketa hau irabazi zuten Erkiaga eta Lopez ziren faboritoak eta ez zuten hutsik egin, hamabi urteren ondoren bigarren txapel bat irabazi zutelarik Miarritzeko frontoian.
Hala ere ez zen garaipen erraza izan, eta aurreneko jokoan batez ere asko sufrituta atera zuten partidua aurrera. Erkiaga eta Lopez 0 eta 3 irabazten jarri ziren lehen setaren hasieran, baina Ithurriak eta Basquek erreakzioa izan zuten, eta aurretik ere jarri ziren (5-3). Gerora berdindua joan zen markagailua (6-6, 7-7) baina orduan zuloa irekitzea lortu zuten Lopez eta Erkiagak (7-10). Hala ere, azken ahalegina eginda aurkariek partidua berriro orekatzea lortu zuten (14-14) baina azken tantoa Erkiagaren eskutik erdietsi zuten urdinek eta ondorioz beraiek irabazi zuten lehen seta 14-15 emaitzarekin.
Bigarren jokoaren hasieran ere ondo eutsi zuen Iparraldeko bikoteak (2-2, 3-4, 4-5) baina handik aurrera nekea somatzen hasi ziren eta pilota biziarekin nagusi izan ziren Erkiaga eta Lopez. Bigarren set bikaina egin zuen zumaiarrak, azkenean 9-15 emaitzarekin irabazi zutelarik seta, partida eta txapelketa.
Aritz Erkiagak iazko garaipena berretsi zuen beraz (Minviellerekin batera arituta) eta bere hirugarren txapela jantzi zuen, denboraldiko bere bigarren Grand Slamean nagusituta (aurretik Gernikakoa irabazita zuen ispasterrekoak). Aldiz, Lopezek irabazten duen bosgarren Urrezko Eskularrua izan da hau. Lau jarraian irabazi zituen 2007tik 2010era bitartean, eta 11 urte ondoren bosgarrena poltsikoratu du oraingoan.
Eskuz Binakako Master 2021 Txapelketa larunbatean hasi zen
Irantzu Etxebeste-O.Ruiz de Larramendi, Iera Agirre-M.Ruiz de Larramendi, Leire Garai-Oihana Orbegozo eta Olatz Arrizabalaga-Naroa Agirre sailkatu ziren finalerdietarako
Goikoetxea eta Labakak bostik bost partida irabazi dituzte
Oriamendi Torneoko azken jardunaldian Goikoetxea V.a eta Labakak 40-36 irabazi zieten Etxarri eta Zubiriri
Gaubeka eta Ibai Perezek jokatuko dute Pala Banakakoaren finala
Ligaxkako azken jardunaldiaren emaitzak: Fusto 2 Gordon 3 eta Gaubeka 3 Ibai Perez 2