EUSKAL PILOTA
Erabakita gelditu dira Emakume Master CUPeko finalerdiak
Emakume Master Cup txapelketaren finalerdiak zehaztuta geratu dira asteburu honetan Getarian eta Pasaian jokatutako kanporaketa partiden ostean
Binakako Emakume Master Cup txapelketa bere unerik interesgarrienera heldu da eta zerrendaburuei iritsi zaie kantxara irteteko garaia, besteak beste egungo txapeldunak diren Leire Etxaniz eta Leire Garai.
Iragan asteburuan bi jardunaldi jokatu ziren, larunbatean Getarian, arratsaldeko bostetan hasita, pilota mistoko final laurdenak eta igandean, Pasai Antxoko pilotalekuan pilota goxokoak, goizeko 11etatik aurrera.
Pilota mistoko kanporaketak Getarian
Esan bezala,larunbatean binakako Emakume Master Cup txapelketako final laurdenak jokatu ziren pilota mistoarekin Getariako Sahatsaga kiroldegian. Jende andana bildu zen harmailetan maila bikaineko pilota partidak ikusteko.
Pilota goxotik mistorako jauzia ematera ausartu diren Olatz Arrizabalaga eta Gentzane Aldaik oso maila ona eman zuten modalitate berrian eta 18-7 irabazi zieten Miriam Arrillaga eta Ainhoa Romerori. Gentzane Aldaik oso ondo eutsi zion aurrean Miriam Arrillagari baina atzealdean Ainhoa Romerok ez zuen bere onena eman, Olatz Arrizabalagak min handia egin ziolarik uneoro, batez ere sakearekin.
Parekatuagoa egon zen Arrate Bergara-Amaia Aldaik bikotea Laia Salsamendi eta Ane Mendibururen kontra jokatutakoa. Ia ordubeteko partida luze eta piloteatuan, markagailuari sekulako buelta emanda lortu zuten azkenean partida irabaztea Bergara eta Aldaik, tanto bakarraren aldeaz (18-17). Izan ere, Uhartearrak oso partida hasiera bikaina egin zuten, pilota ondo mogituz eta ia akatsik egin gabe eta erabakigarria ematen zuen aldea lortu zuten, 8-17 hain zuzen ere. Unerik zail horietan ordea, berpiztu ziren aurkariak eta lortu zuten markagailuan berdindu (17-17) eta azkenean galduta zuten partida irabaztea ere (18-17).
Jarraian, Miren Larrarte eta Olatz Ruiz de Larramendik oso partida erosoa izan zuten Maddi Unanue eta Naroa Agirreren aurka. Kolpean alde handia dago lehenengoen eta bigarrenen artean eta irabazleek ia akatsik egin ez zutenez, 18-4 nagusitu ziren.
Eta azkenik, Leire Garai eta Nora Mendizabalek garaipena eskuratu zuten Ibone Salinas eta Andrea Capellanen aurka 18-13ko markagailuarekin. Andrea Capellan errioxarrak sekulako maila erakutsi zuen baina ez zen nahikoa izan Garai-Mendizabal bikotea garaitzeko.
Getarian jokatutako jardunaldiaren emaitzak:
Olatz Arrizabalaga-Gentzane Aldai 18 / Miriam Arrillaga-Ainhoa Romero 7
Arrate Bergara-Amaia Aldai 18 / Laia Salsamendi-Ane Mendiburu 17
Miren Larrarte-Olatz Ruiz de Larramendi 18 / Maddi Unanue y Naroa Agirre 4
Leire Garai y Nora Mendizabal 18 / Ibone Salinas y Andrea Capellán 13
Finalerdiak martxoaren 8an jokatuko dira Beasaingo Antzizar kiroldegiko frontoian:
-Olatz Arrizabalaga-Gentzane Aldai/ Arrate Bergara-Amaia Aldai
-Miren Larrarte-Olatz Ruiz de Larramendi / Leire Garai-Nora Mendizabal
Pilota goxoko kanporaketak Pasaian
Getariakoaren ondoren, Pasai Antxon jokatu zen final laurdenetako kanporaketa polita igandean, txapelketako beste herri guztietan gertatu bezala, Pasaiako pilotaleku dotorean jende asko bildu zelarik egungo emakume pilotaririk onenen partidak jarraitzeko.
Egungo txapelduna den Leire Etxaniz sasoi onean dagoela erakutsi zuen eta Irantzu Etxebesteren laguntzarekin, Andrea Aldaregia eta Ane Urkizuri 18-8 irabazi zieten. Ia hiru ordu laurdeneko partida gogorra izan zen, emaitzak bestelakorik iradoki dezakeen arren, tanto guztiak lehiatuak izan ziren nahiz eta gehienak gorrien alde erori.
Bestalde, Eneritz Arrietak eta Amaia Jakak ez zuten inolako arazorik izan Uxue Larrea eta Lierni Gartziarenaren aurka finalerdietarako txartela eskuratzeko. Partida oso azkar joan zen eta Arrietak eta Jakak 18-1 erraz irabazi zuten, Eneritz Arrietaren erakustaldiarekin.
Aparteko kasua dugu Nagore eta Eider Galeano gazteena, eskaileraren azpitik hasi zuten txapelketa antzuolarrek eta dagoeneko finalerdietan baitira, Ainhoa Ruiz de Infante eta Oihana Orbegozori 13-18 irabazi ondoren. Partida polita eta orekatua izan zen, markagailuan gora behera handiak izan zirelarik. Galeanotarrak partida hobeto hasi eta 2-7 aurreratu ziren baina Ruiz de Infante eta Orbegozok partida hamahiruna berdintzea lortu zuten. Handik aurrera makalaldia izan zuten ordea eta antzuolarrek partida erabakitzeko baliatu zuten, hemezortzigarren tanturarte zuzeneko bidea eginda.
Amaitzeko, beteranoenen arteko lehian, Iera Agirre eta Maite Ruiz de Larramendi nafarrek 8-18 irabazi zieten Ane Arteaga eta Maider Mendizabal gipuzkoarrei. Lau pilotariek maila polita eskaini zuten baina hasiera orekatua izanik ere partidaren erditik aurrera garaileek erraz nagusitu eta garaipena erdietsi zuten.
Honako hauek izan ziren Pasaiako jardunaldiko emaitza denak:
Leire Etxaniz-Irantzu Etxebeste 18 / 8 Andrea Aldaregia-Ane Urkizu
Eneritz Arrieta-Amaia Jaka 18 / 1 Uxue Larrea-Lierni Gartziarena
Ainhoa Ruiz de Infante-Oihana Orbegozo 13/ 18 Nagore eta Eider Galeano
Ane Arteaga-Maider Mendizabal 8 / 18 Iera Agirre eta Maite Ruiz de Larramendi
Martxoaren 14an, Elgoibarren, jokatuko dira pilota goxoko finalerdiak honako partidak izango direlarik:
Iera Agirre-Maite Ruiz de Larramendi / Irantzu Etxebeste-Leire Etxaniz
Eneritz Arrieta-Amaia Jaka / Nagore Galeano-Leire Galeano.
Aurtengo Txapelketa
Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketak indartsu jarraitzen du eta aurten ia ehun pilotarik, zehatz esanda 94k, –47 bikotek– hartuko dute parte Binakako txapelketan.
2020ko Binakakoa bi kategoriatan jokatuko da: ohiko pilota goxoakoak jarraitzen du jarraitzailerik gehien izaten, (35 bikote izango dira, 70 pilotari), eta geroz eta parte hartzaile gehiago erakartzen ari den pilota mistokoan 12 bikote arituko dira lehen ekitaldi honetan.
Txapelketa osoa Gipuzkoako pilotalekuetan jokatuko da. Ataun, Antzuola, Villabona, Deba eta Berastegik lehen aurrekanporaketak hartuko dituzte. Getarian eta Pasaian, final-laurdenetako jaialdiak izango dira, eta finalerdiak Beasainen, martxoaren 8an eta eta Elgoibarren, martxoaren 14an jokatuko dira. Bi mailetako finalak martxoaren 29an jokatuko dira Irunen.
Astebukaeran hasi da Euskal Herriko Ezker Paretako txapelketa
Euskal Herri osoko 74 klubek jokatuko dute aurtengo txapelketa eta guztira 190 bikote eta 550 pilotari arituko dira lehian
Emakume Master Laboral Kutxa-EiTB torneoa jokatu da igandean Berrizen
Kaiolan Leire Garaik irabazi du eta pilota goxuko binakakoan Agirre-Etxaniz bikoteak jantzi du txapela
Binakako Txapela jantzi dute Urrizak eta Larrañagak
Javi Urrizak eta Iban Larrañagak irabazi dute erremonteko Binakako Txapelketa, finalean Matxin III.a eta Barrenetxea IV.a 37-40 menderatuta