EUSKAL PILOTA
Erabakita dago Master LABORAL KUTXAren azken fasearen bide orria
Hotzari aurre egiteko jardunaldi beroaren ostean, erabakita dago Master LABORAL KUTXAren azken fasearen bide orria
Kaleko hotz eta eguraldi makurrari aurre eginez, Lau eta Erdiko Master LABORAL KUTXAREn jardunaldi bikoitz eta beroa jokatu da asteburu honetan Urduña eta Arratzun. Bizkaiko bi herri hauetako pilotazaleen babes eta goxotasunean, txapelketaren azken faseko bide orria finkatuta geratu da, pilota goxoko lau finalistak eta mistoko hastapeneko biak erabaki direlarik –abenduaren 4an jokatuko dira hiru finalak Abadiñon–. Pilota mistoko elitean, bere aldetik, Muskizen abenduaren 5ean jokatuko diren finalerdiak dira argitu direnak.
Egun hauetako giroari aurre egiteko pilotalekua baino toki egokiagorik ez dago eta giro bikaina bizi ahal izan zen ostiralean Urduñan. Gauza asko eta garrantzitsuak ziren han erabaki beharrekoak eta pilotazale mordoa bildu zen neskak animatzeko. Esaterako hastapen mailako pilota goxoko bigarren finalerdia jokatu zen bertan eta Lide Lopezek 9-18 irabazi zion Alba Xioaquiri. Honenbestez, zaldibiarrak Zubizarretaren aurka jokatuko du Abadiñoko finala.
Pilota goxoko lehen mailako finala ere Urduñan erabaki zen eta Iparraldeko Ania Oronoz izango da Leire Etxanizen aurkaria, Nagore Aramendiri 18-11 gailenduta. Pilotari indartsua da Ania, postura askoren jabea eta sarri pilota valentziarrean ohikoak diren posturekin astintzen du pilota, aurkariak nahastuz.
Pilota mistoko promesen mailako finalak ere erabakita geratu ziren Urduñan eta Ainhoa Romero eta Maddi Barrokal izango dira txapelen lehian arituko diren bi pilotariak, hurrenez hurren Ana Belmonteri (9-18) eta Irati Zabalari (7-18) gailenduta. Galdu arren, Ana Belmonte errioxarraren maila ere nabarmentzekoa da, izan ere oso ondo moldatu da pilota mistoarekin jokatzera. Orain arte goxoarekin aritu da eta etorkizunean oso kontuan hartzeko pilotaria izango da, dohain handiak ikusten zaizkio eta.
Eta amaitzeko, elite mailako finalerdiak ere erabakita geratu dira Urduña eta Arratzun jokatutako bi kanporaketen ostean. Urduñan Olatz Arrizabalagak egin zuen aurrera, Miren Larrarteri inolako aukerarik eman gabe. 3-17 aurreratu zen gernikarra eta azkenerako Larrartek markagailua zertxobait atondu bazuen ere, aukerarik ez zuen izan. Amaia Aldai izango da Arrizabalagaren aurkaria Muskizen jokatuko den lehen finalerdian.
Muskizen bertan, finalerako beste txartela Miren Arrillaga eta Enara Gamindek jokatuko dute. Arratzun lortu zuen azken txapeldunak finalerdietarako txartela Uxue Osesi 10-18 irabazita. Hori bai, markagailuak irudika dezakeena baina partida gogorragoa izan zen, nahiko piloteatua, nahiz eta azkenerako tantoak sendoago aritu zen Arrillagaren aldera erori.
Goxoa hastapena, finalerdia
Alba Xioaqui 9 / Lide Lopez 18
Goxoa, lehen maila, finalerdia
Ania Oronoz 18 / Nagore Aramendi 11
Mistoa hastapena, finalerdiak
Ana Belmonte 9 / Ainhoa Romero 18
Irati Zabala 7 /Maddi Barrokal 18
Mistoa elitea, final laurdenak
Miren Larrarte 7 / Olatz Arrizabalaga 18
Uxue Oses 10 / Miriam Arrillaga 18
[Prentsa Oharra] Nazioarteko Pilota Federazioaren araudiaz
Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak Euskal Selekzioa onesteko bideari ekiteko asmoa dugu
.
Bixintxo Bilbao zigortuta, Munduko Txapelketan ikurrina ateratzeagatik
Nazioarteko Pilota Federazioko Diziplina Batzordearen arabera, «arau hauste larria da baimendu gabeko bandera bat atera izana»