«Frantziak Munduko Futbol kopako finala jokatzeak –eta irabazteak– karga politiko handia du. Ez gara kirolaz ari. Politika da, eta politika bakarrik»
ENEKO BIDEGAIN
IRAKASLEA, IDAZLEA, KAZETARIA
enbata.info
Gerlarekin konparatu zuen futbola Ignacio Ramonetek 1990ean: “Nazio pasioen funtsezko hedatzailea da. Partidu batean, “nazioaren bertuteak” dakartzate jokalariek. Bertute horiek dira, besteak beste, “gizontasun” zaharkitu bat, indarrean eta kemenean oinarritzen dena, “leialtasuna”, “sakrifizioa”, “lurraldearen zentzua”, “betebeharraren zentzua”, “komunitate baten parte izatea”… Hilen monumentuek, haien inguruko banderek eta omenaldiek nazio sentimendua errotzeko balio dute, baina, XXI. mendean, bide gaurkotuagoak eta egokiagoak behar ditu estatu batek, atxikimendu hori lortzeko. Horretarako dago futbola. Edo Frantziako Tourra Euskal Herritik pasatzea…
Frantziak Munduko Futbol kopako finala jokatzeak –eta irabazteak– karga politiko handia du. Ez gara kirolaz ari. Politika da, eta politika bakarrik. Kirolaren mozorro azpian eta jokoaren aitzakian, Frantziak sekulako gola sartu digu euskaldunoi.
Uholde zuri-gorriurdin batek estali zituen Ipar Euskal Herriko herriak. Eta gogoeta etsitua: non dago “Hau ez da Frantzia” aldarrikapenaren indarra? Zer lortuko dugu horrelako nazio ikuspegi frantsesa duen jendearen erdian itorik?
Kostaldeko herri batzuetako Herriko Etxeek pantaila handiak jarri zituzten herriko plazetan, jendeak finala ikus zezan. Pantaila handi horiek dira, orain, hilen oroitarrien funtzioa betetzen dutenak. Pantailak jarri dituzten Herriko Etxe horietako batzuetako gobernu taldean daude abertzaleak. Nola onartu dute diru publikoa erabiltzea frantses nazionalismoaren –kolonialismoaren– agerraldi lotsagabea erakusteko? Ez ote da sortuko krisi politikorik herri horietako kontseiluan? A ez… ez gara politikaz ari, kirola “baizik” ez da…
Beste hiri bateko auzapeza Euskal Elkargoko presidentea da, eta haren Herriko Etxe handia Frantziako banderaren kolorez apaindurik agertu zen zenbait egunez.
Berriki mintzatua da Max Brisson, oraindik paparrean daramana Euskararen Erakunde Publikoko lehendakari ohiaren medaila eta Aieteko konferentzian izan zena. Ahoa irekitzen duenean beti mintzo da euskararekiko eta abertzaleekiko errespetuz, baina garbi azpimarratuz frantsesa dela eta Ipar Euskal Herria “Frantzia” dela. Onartzen omen du Frantziak euskarari egin dion kaltea, eta keinu batzuk egin nahi ditu konpontze aldera, baina ez du sekula dudan jarriko frantsesaren nagusitasuna. Max Brisson da “polizia gisakoa”. Ohituak gintuzten “polizia gaiztoekin”, eta oraingo politikariek jarrera irekia agertzen dutenean, biribilketan goaz elkarrekin.
Literaturak, zinemak eta atxiloturik egon direnek badakite polizia gisakoak direla arriskutsuenak. “Aberri handia” eta “aberri txikia”-ren zabaltzaile berriak dira. XIX. mendean hori behar zuen Frantziak, euskaldunek pentsa zezaten euskalduna izateagatik frantses zirela. XX. mendean lelo horren behar gutxiago sentitu zuten, buru-garbiketa eta asimilazioa ia lortua zutelako. Abertzaletasunak indar pixka bat hartu duenean, itzuli behar izan dute planteamendu horretara. Orain, neurria hartua digute. Badakite ez dutela arrisku handirik hartzen zenbait porroska emanez; porroska horiek, elkarlanak eta tarteka TF1k euskarari buruz zabaltzen dituen erreportajeek liluraturik, franko indargabetua dute diskurtso abertzale erradikala (erradikaltasuna ez dagokio bortizkeriari, baizik eta azterketa politikoari), euskara peko errekan dago eta nekez salba daiteke, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako frantses sentimendua ez dago arriskuan, uztailaren 14aren biharamuneko finalak erakutsi zuen bezala.
Plazaz Plazaren jardunaldi bikoitza jokatu zen asteburuan
Emaitzak: Salsamendi-Orbegozo 22 A.Aldai-Oses 13 eta R.Infante 22 O.Ruiz de Larramendi 17
Urrezko Aizkolarien Kopako kanporaketa jokatu zen Donostian
Mikel Larrañaga, Eneko Otaño, Iker Vicente, Aitzol Atutxa eta Jon Rekondo sailkatu dira finalerako
San Fermin Torneoaren finala zehaztu da
Ansa II.a-Larrañaga izango dira Urriza-Aizpuru III.aren aurkariak uztailaren 14ko partida erabakiorrean