EUSKAL PILOTA
Endikak 30-23 irabazi dio Barrenetxeari ligaxkako laugarren jardunaldian
Barrenetxea IV.ak eta Endikak Kutxabank Txapelketaren finalerdietako ligaxkan jokatu zuten aurreneko partida galdua zuten (Barrenetxearen porrota Juanenearen aurka izan zen, aldiz Endikarena Urrizaren aurka), eta pasa den ostegunean elkarren aurka aritu ziren ligaxkako laugarren jardunaldian, bientzako garaipena eskuratzea ezinbestekoa zelarik.
Biak ala biak punturik ez zutela ailegatu ziren partida honetara eta irabazi beharra zuten kanporatzetik gertu ez geratzeko. Bien arteko partiduak beti izan dira parekatuak, duela bi urtera arte Endikak lortu ditu emaitzarik onenak, baina 2019tik Barrenetxeak irabazi ditu bien arteko lehiak.
Lehia garrantzitsua zen beraz, eta azkenean garaipena Endikak erdietsi zuen, Barrenetxeari 23-30 irabazita.
Emaitza honekin, Urriza ia finalean da eta Juanenea eta Endikak jarraitzeko nahikoa dute puntua ez galtzea beraien arteko partiduan. Urrizak zortzi puntu ditu eta azken jardunaldian 16an edo tanto gutxiagoan geratu behar du finalera zuzenean ez sartzeko. Juanenea eta Endikak lau dituzte eta aukera asko dituzte biak finalerdira pasatzeko.
Pasa den urtean, txapeldun geratu zen Endika Barrenetxeak berriz, ia ezinezkoa du hurrengo fasera sailkatzea, zero punturekin baitago eta emaitza desberdinen zain egon behar du aukerak izateko. Juanenea eta Endikaren arteko partiduan bietako batek 16an edo tanto gutxiagoan geratu beharko luke eta berak Urriza gainditu bien arteko partiduan.
Ligaxkako laugarren partida honetan, Barrenetxeari bere armarik onenak huts egin zion, sakea, eta aldiz Endikak bai asmatu zuela sakearekin eta min haundia egin zion Barrenetxeari. 11 tanto egin zituen sakez eta bi falta. Atzelari hernaniarrak lau tanto egin zituen sakez eta lau falta. Hor egon zen aldea.
Ez zen partidu peloteatua izan. Errestoan ere Endika fin aritu zen eta sakez lorturiko tantuekin partidaren hasieratik amaiera arte nagusi izan zen markagailuan. 19-29tik 23-29ra pasa ziren eta hor aukera izan zuen hernaniarrak puntua lortzeko, baina azken sakean falta egin eta Endikaren alde erori zen garaipen garrantzitsu hau (23-30).
Irailaren 3ko partiden emaitzak:
- Zaldua II.a-Larrañaga 34 / Urrutia II.a-Aizpuru III.a 40
- Barrenetxea IV.a 23 / Endika 30
- Ansa II.a-Zaldua 40 / Goikoetxea V.a-Zubiri 21
Hurrengo partiduak, irailaren 5ean:
- Goikoetxea V.a-Arruarte vs Urrutia II.a-Zubiri
- Endika vs Juanenea
- Ansa II.a-Barrenetxea IV.a vs Urriza-Larrañaga
Buruz Buruko Txapelketa
Finalaurdenetako fasea, Juanenea, Ansa II.ak eta Goikoetxea V.ak jokatuko dute. Hiruen arteko ligaxka izango da eta abuztuaren 13an, ostegunean, hasiko da. Beste bi jardunaldiak abuztuaren 15ean eta 20an jokatuko dira. Puntuazio onena ateratzen duen erremontistak hurrengo fasera pasako da eta gainontzekoak kanporatuak izango dira.
Hurrengo fase hori finalaurretako fasea izango da eta lau pelotarik jokatuko dute: finalaurdenetako irabazleak, Endikak, Urrizak eta Barrenetxeak. Lehen postuan geratzen den pelotaria, zuzenean finala jokatzeko sailkatuko da. Bigarren eta hirugarren postuetan geratzen direnak, finalerdietarako sailkatuko dira, eta laugarren geratzen dena txapelketatik at geratuko da. Abuztuaren 22, 27, 29 eta irailaren 3, 5 eta 12an jokatuko dira fase honetako sei partiduak.
Finalerako bidean aurreneko sailkatua zuzenean sartuko da irailaren 26an jokatuko den finalean. Finalerdia, ligaxkako bigarren eta hirugarren sailkatuen artean irailaren 19an jokatuko da.
Partida guztiak osteguna eta larunbatean jokatuko dira eta puntuaketa ere azken urteetan bezala eramango da ligaxketan. Irabazleak lau puntu eskuratuko ditu, 27 eta 29 tanto bitartean geratzen denak bi puntu batuko ditu. 24-26 tanto artean puntu bakarra lortuko da, 17-23 puntu artean eginez gero ez da punturik batuko eta 17tik behera puntu bat kenduko da sailkapenean.
Urriza-Zaldua eta Ansa II-Labakak jokatuko dute sagardoaren finala
Finalerdietan Segurola-Larrañaga eta Goikoetxea-Aizpuru gainditu dituzte, hurrenez hurren, 30-29 eta 30-22
Nafarroako Foru Erkidegoa Txapelketako eskuzko kanporaketak jokatu dira
Mendabian eta Lodosan jokatu zituzten asteburuan lehen kanporaketak
Loitegi eta Goikoetxea nagusi Oriamendi Eskolako txapelketan
Finalean 40-31 garaitu zituzten Irazu eta Murgiondo eta merezimendu osoz irabazi dute txapela