EUSKAL PILOTA
Emozioak borborka Plazandreak txapelketan
Argazkiak: emakumemastercup.eus
Emozioak gora egiten jarraitzen du Plazandreak txapelketan eta azken jardunaldiko azken partidan erabakiko da zein bi talde diren finalerako sailkatzen direnak, Erlantz Garciaren taldeak 3-0 irabazi baitio sailkapena poltsikoan zuela zirudien Mikel Inuntziagaren taldeari.
Gauzak horrela, partida guztiak jokatuta, Inuntziagaren taldeko neskek 6 puntu dituzte, Erlantz Gartziarenak 5 batu dituzte eta aurre hartu diete hurrengo astean arerio izango dituzten Reyes Azkoitiaren neskei –4 puntu dituzte hauek–. Jokoan hiru puntu egonda, talde guztiek dituzte finalean egoteko aukerak.
Asteleheneko jardunaldiak, gainera, kontuan hartzeko beste detaile bat utzi zuen, Amaia Aldaik 12-7 irabazi baitzion Olatz Arrizabalagari eta hau izan da gernikarrak bi urtetan galdu duen buruz buruko lehen partida. Arrizabalaga 4-1 aurreratu zen eta ematen zuen ondo bideratua zuela finalerako txartela emango zien puntua, baina Amaia Aldaik ez zuen etsi eta, aurreko jardunaldian bezala, atzetik aurrera egin eta garaipen handia eskuratu zuen.
Erlantz Garciak estrategiarekin erabat asmatu zuen, izan ere, binakakoan ere garaipena eskuratu baitzuten oso lehia estuan. Amaia Aldai eta Uxue Oses aukeratu zituen Garciak eta Madalen Etxegarai eta Nora Mendizabal izan ziren Mikel Inuntziagak kantxaratutakoak. Laurek oso maila ona eman zuten, baina nabarmentzekoa izan zen, berriz ere, Madalen Etxegaraik erakutsitako bizitasuna eta heldutasuna, are gehiago parean Amaia Aldai zuela kontuan izanda. Bi atzelariek ere oso partida txukuna jokatu zuten, Uxue Osesek beste aurrera pauso bat eman zuen eta Nora Mendizabalek ere, txapelketa guztian zehar bezala, erregulartasun handia erakutsi zuen. Azkenean, Amaia Aldai eta Uxue Oses nagusitu ziren 12-10.
Oso bestelakoa izan zen jaialdiari amaiera eman zion partida, bertan Leire Garai erraz nagusitu baitzitzaion (12-2) Madalen Etxegarairi. Gasteiztarra fresko irten zen kantxara, erritmo oso bizia ezarriz, eta Etxegarai ez zen eusteko gai izan.
Emaitzak
Amaia Aldai 12 / Olatz Arrizabalaga 7
Amaia Aldai-Uxue Oses 12 / Madalen Etxegarai-Nora Mendizabal 10
Leire Garai 12 / Madalen Etxegarai 2
Bergara Hiria pilota txapelketako finalak asteartean jokatu ziren
Nagusien mailan Ainhoa Ruiz de Infante eta Maite Ruiz de Larramendi izan ziren garaileak, eta Promesen kategorian Laia Salsamendi eta Ane Mendiburuk jantzi zuten txapela
Aldabek eta Ionek irabazi dute Nafarroako XV. Erremonte txapelketa
Zubirin jokatutako finalean 35-30 irabazi zieten Ezkurra II.a eta Barricarti
Euskal pilota egokituko txapelketako finalak igandean jokatu ziren
Leire Esnal-Eneko Sagarmendi, adimen urritasunean, eta Aingeru Senperena-Mikel Merino, urritasun fisikoan, izan dira garaileak