EUSKAL PILOTA
Emakumezkoen Nafarroako txapelketako jardunaldia lehiatu da Elizondon
Argazkiak: emakumemastercup.eus
Pasa den larunbatean Elizondoko frontoira hurbildu ziren pilotazaleek emakumezkoen esku-pilotako jaialdi bikaina ikusi ahal izan zuten, zeinaren amaieran elite mailako bi partida handi jokatu zituzten pilota mistoarekin.
Lehenengoan, Amaia Aldai-Mendiburu bikoak 22-20 irabazi zion Garai-Osesi, ordubete baino gehiagoko lehian. Partida ikusgarria izan zen, tanto oso piloteatu eta lehiatuekin eta emozioa azken unera arte luzatu zen. Amaia Aldaik, atzean Mendiburuk lagunduta, errezitaldia eskaini zuen, baina Leire Garai eta Uxue Oses ez ziren atzean geratu, nahiz eta amaiera estu batean azkenean amore eman behar izan zuten.
Maila honetako beste partidan atzelariak izan ziren protagonista, Enara Gaminde Laboral Kutxako Masterreko Binakako txapeldunak partida ederra jokatu zuelarik. Arraiza eta Gaminde 16-8 aurreratu ziren, baina Larrarte-Erasunek bi tantora hurbiltzea lortu zuten (16-14). Baina hor gelditu ziren eta azkenean ezin izan zuten markagailua irauli. Hala ere, porrota gorabehera, Erasunek ere oso kontuan hartzeko bilakaera erakusten ari da.
Baina Nafarroako Foru Komunitateko Torneoa txapelketa irekia da, eta bertan pilotari guztiek dute euren lehiaketa, eliteko pilotariez gain, beste bederatzi partida jokatu zirelarik, egungo emakumezkoen errealitate guztietarako tartea zabalduta. Esate baterako, pilota goxuko bi triangular jokatu ziren, eta finalerdietarako sailkatu ziren bikoteak Kattin Madariaga-Nahia Beltza eta Alize Sagardui-Araitz Legarreta izan ziren.
Pilota mistoa lantzen ari diren pilotarientzat ere tartea egon zen, besteak beste, Olatz Beitiak jokatutako partida ona azpimarratu behar delarik, Unai Arrizabalagaren gidaritzapean bilakaera handia izaten ari den pilotaria eta joko erakustaldia eskaini zuena.
Nafarroako Foru Komunitatea torneoa
Larunbata, 2022-04-30 Ordua: 15:00 Baztan pilotalekua, Elizondo
Lehenengo partida, eskuz binaka pilota goxua hastapen maila
Maria Crespo – Ana Petri 16 Alize Sagardui – Araitz Legarreta 18
Bigarren partida, eskuz banaka pilota mista gazteak
Olatz Insausti 2 Goiori Zabaleta 18
Hirugarren partida, eskuz banaka pilota mista gazteak
Olatz Beitia 18 Janire Sotil 3
Laugarren partida, eskuz binaka pilota mista elite
Miriam Arraiza – Enara Gaminde 22 Miren Larrarte – Itxaso Erasun 14
Bosgarren partida, eskuz binaka pilota mista elite
Amaia Aldai – Ane Mendiburu 22 Leire Garai – Uxue Oses 20
Triangularreko bikote sailkatua, eskuz binaka pilota goxua hastapen maila: Nahia Bertiz eta Kattin Madariaga
Hurrengo jardunaldiak Arbizun (maiatzak 7), Atarrabian (maiatzak 15), Vianan (maiatzak 21) eta Lizarran (maiatzak 25) jokatuko dira eta ekainaren 5ean amaituko da txapelketa Nafarroa Arenan.
Esku-huskako txapelketa bukatu ondoren, paleta gomazko txapelketa hasiko da, ekainaren 11n Lekunberrin finalerdiak lehiatuko direlarik eta ekainaren 19an berriz, Altsasun, finalen txanda izango delarik, Burunda frontoi birmoldatuan.
Donostiako Grand Slam txapelketako finalistak zehaztu dira
Erkiaga eta Lekerika Barandikaren eta Etchetoren kontra arituko dira
Amaia Aldai eta Nora Mendizabal, txapeldun
Gazten lau eta erdiko finalean berriz, Goiuri Zabaleta nagusitu zen
II. Ametsa Xare Irekiaren finalak ostiralean jokatu ziren
Larrarte I- Mujika II, koskortuetan; Larrarte II- Mujika II emakumezkoetan; Yarza-Garmendia gaztetxoetan, eta Zabalegi-Heras gaztetan izan dira irabazleak