EUSKAL PILOTA
Emakumezko eskuzko pilotarien lehen klub profesionala eratu da
Eskuzko emakume pilotari profesionalen aurreneko klubaren aurkezpena egin zuten pasa den astelehenean Leitzan, Maite Ruiz de Larramendi pilotariaren ideiari jarraiki.
Aurkezpenean izan ziren klubeko hamahiru pilotari profesionalak: Maite Ruiz de Larramendi, Iera Agirre, Amaia Aldaregia, Olatz Ruiz de Larramendi, Irantzu Etxebeste, Naroa Elizalde, Eneritz Arrieta, Oihana Orbegozo, Naroa Agirre, Ainhoa Ruiz de Infante, Olatz Arrizabalaga, Amaia Aldai eta Gentzane Aldai.
Juan Martinez de Irujo, Patxi Eugi, Fernando Goñi eta Unai Arrizabalaga pilotari ohiak prestatu dira entrenamenduak zuzentzeko, baita Aritz Altadill fisioterapeuta ere, pilotarien zainketarako.
Pilotari gazteak ere trebatuko dituzte, formazio arloko hiru pilotari arituko direlarik profesionalekin estreinako txapelketan: Laia Salsamendi, Ane Mendiburu eta Uxue Oses. Halaber, 12-13 urte bitarteko nesketan jarriko dute arreta, adin horretatik aurrera pilotan aritzen jarraitzeko zailtasunak ugaritzen zaizkielako emakumezko pilotariei.
Emakumezko eskuzko pilotariek aurrerapauso bat eman dute beraz, eman beharreko urratsa inondik inora, izan ere, txapelketa gehiago jokatu nahi dituzte, lan baldintzak hobetu, eta, guztiaren gainetik, euren buruaren jabe izan nahi dute, inoren menpe egon behar izan gabe.
Lehen txapelketa hau, Plazaz Plaza izenekoa, binaka jokatuko dute. Ekainaren 4an emango zaio hasiera lehiaketari Leitzan eta toki berean amaituko da, abuztuaren 14an. Euskal Herrian jokatuko da ia osorik, baina Katalunian ere arituko dira pilotariak, Bartzelonan hain zuzen ere. Orotara hamazazpi partida jokatuko dituzte, hamahiru jardunalditan banatuta.
Nafarroako eta Euskadiko pilota federazioekin hitz egin dute, eta azken urteetan txapelketa gehienak antolatu dituen Emakume Master Cupekoen ere harremana izango dutela iragarri dute, baina betiere euren buruaren jabe izanda, inoren menpe egon gabe.
Plazandreak Torneoko laugarren jardunaldia lehiatu berri da
Reyes Azkoitiaren taldeak hartu du lidertza jardunaldi ikusgarri baten ostean
Laudio eta Amurriok jokatuko dute Arabako Herriartekoaren finala
Laudio eta Amurrio Gasteiz eta Aramaioren aurka nagusitu ziren, 2-1eko emaitzarekin finalerdi bietan
Ainhoa Lakuntza-Irati Tolosa bikoteak irabazi du XII.Paleta Txapelketa
Ainhoa Lakuntza zarauztarrak eta Irati Tolosa zizurkildarrak 30-13 irabazi zieten Saioa Iraola zarauztarra eta Maialen Manterola aiarrari