EUSKAL PILOTA
Elordi Bigarren Mailako lau eta erdiko txapeldun
Argazkia: euskalpilota.org
Aitor Elordi da lau eta erdiko Bigarren Mailako txapeldun berria, Julen Egigurenen aurka jokatutako finalean 22-5 irabazita
Pasa den azaroaren 28an, Axier Arteagaren kontra Bigarren mailako buruz buruko finala galtzetik zetorren Elordi (22-12) baina oraingoan, kaiolako partida erabakigarrian, faboritoa zen eta ez zuen hutsik egin.
Ordu erdi pasatxo baino ez zuen iraun Tolosako Beotibar pilotalekuan jokatutako partidak. Txapeldun berriak erritmo bizia jarri zuen hasieratik, uneoro ondo kokatuta eta aurrealdean tantoak amaitzen asmatuz. Egiguren, berriz, ezinean aritu zen partida guztian, ta ez zuen inoiz txapela etxera eramateko aukerarik izan. Dohaiak erakutsi ditu honezkero pilotari gazte azpeitiarrak baina oraindik eskarmentua falta zaio holako erronka zailetan garaile ateratzeko.
Banakako berdinketaren ostean, 5-3 aurretik jarri zen Elordi eta handik aurrera bere nagusitasuna erabatekoa izan zen. 13 tanto erreskadan eginda, 18-3koa jarri zuen markagailuan eta partidua erabakita utzi zuen. Egiguren V.ak hurrengo bi tantoak erdietsi zituen baina orohar ahazteko moduko eguna izan zuen eta ez zen izan ezusterako zirrikiturik, azkenean garaipen argia lortu zuelarik Aitor Elordik (22-5).
Partidaren iraupena: 33:18 minuto
Sakez egindako tantoak: Elordik 2 (10. eta 22. tantoak) eta Egigurenek 1 (5. tantoa)
Sakez egindako faltak: Bat ere ez
Pilotakadak: 181
Piloteoan egindako tantoak: Elordik 13 eta Egigurenek 3
Hutsegiteak: Elordik 1 eta Egigurenek 7
Markagailuko gorabeherak: 1-0, 1-1, 2-1, 3-2, 4-2, 5-3, 6-3, 18-4, 19-5 eta 22-5
Jaialdiko aurreneko partiduan, Artola-Imaz bikoteak mendean hartu zituen Dario eta Zabaleta (22-17), eta hirugarren norgehiagokan aldiz, Zabala eta Etxeberria nagusitu ziren, Larrazabal-Uriondoren aurka (22-14).
Ansa II.ak bigarren bukatu du ligaxka Barrenetxea IV.ari irabazita
Lehiakide berdinen artean jokatu dute datorren larunbatean finalerdietako bat
Oihana Orbegozok eta Laia Salsamendik irabazi dute Plazaz Plaza txapelketa
Andrea Aldaregia eta Maite Ruiz de Larramendiri 22-12 irabazita
Urriza da Buruz Burukoaren lehen finalista
Juaneneak berriz, nahiz eta partidua galdu sailkatzeko aukerak mantentzen ditu