«Aldaketa handiak eta sakonak etorriko dira selekziora»

IGOR ALZELAI
Mendiko eskiko Euskal Selekzioko hautatzailea
berria.eus


IGOR ALTZELAI 2019.04.16 • Juan Carlos Ruiz. foku.eus

ELKARRIZKETA

IGOR ALZELAI. MENDIKO ESKIKO EUSKAL SELEKZIOKO HAUTATZAILEA

«Aldaketa handiak eta sakonak etorriko dira selekziora»

Elur gabezia, oinarri sendorik ez, konpromiso falta, belaunaldien arteko etena… Gabeziak gabezia, lan txukuna egiten jarraitzen du selekzioak.

Unai Ugartemendia

Igor Alzelairi (Legazpi, Gipuzkoa, 1978) dagokio elur iraunkorrik gabeko lurralde bateko mendiko eskiko selekzioaren ardura. Haur eta gazteen bilakaerak kezkatzen du.

Denboraldia amaitu berri duzue. Nolako balantzea egiten duzu?

Oso elur gutxi egin du negu honetan, eta horrek elurretan entrenatzeko aukera asko kendu dizkigu. Lasterketa batzuk ere bertan behera gelditu ziren, eta orain, amaieran, martxa hartu dugunean, denboraldia amaitu zaigu. Tartean lasterketa polit batzuk ere jokatu ditugu. Bakarkako lasterketa gehiago jokatzea gustatuko litzaidake, baina, oro har, ondo moldatu gara.

Seniorren maila aztertzen hasita. Nola ikusi dituzu?

Aitor Ajuria bakarrik lehiatu da mutiletan. Iñigo Martinez de Albornoz ia ezin izan da aurten gurekin lehiatu, Munduko Kopan aritu delako Espainiako selekzioarekin. Boi Taullen aritu zen, eta bere maila eman zuen, oso maila ona. Ajuriak bere lehen urtea izan du, eta aldaketa nabaritu du. Ibilbide luzeagoak egitea tokatu zaio, eta lasterketa onak egin ditu. Nahia Quincocesen kasua Martinez de Albornozen parekoa izan da. Munduko Kopan lehiatzen aritu da, eta izugarrizko urtea egin du. Denboraldi oso gogorra izan du. Igone Camposena ere izugarria izan da. Oso motibatuta ibili da urte guztian. Sekulako lana egin du, eta emaitzak oso onak izan dira. Lasterketa guztietan ibili da puntan, eta egindako lanak bere fruitua eman du.

Camposek apustu indartsua egin zuen urte hasieran, lana utzita. Merezi izan du?

Bai. Ameslari bat da, eta bere ametsen alde egin du: alde batera utzi zuen lana, eta bi hilabete pasatu zituen Tignesen entrenatzen [Alpeak, Frantzia]. Oso-oso gogorra da hori! Nik ere, behin, hiru aste igaro nituen han, eta badakit zer den hura. Nekea, altuera, egun askotan bakarrik… Izugarrizko meritua du Igonek.

Gazteek emaitza onak lortu dituzte. Nolako etorkizuna dute?

Aldaketa sakon bat dator. Datorren denboraldian junior asko seniorretara pasatuko dira, eta, agian ez dut asmatuko, baina ikusten dut askoren motibazioa ez dela erabatekoa. Urte zailak dituzte, 18-20 urte beteko dituzte, gauza asko dituzte, eta, azkenean, oso kirol gogorra da. Asko bidaiatu behar da; kirol teknikoa da, eta ez ditut oso sartuta ikusten. Aldaketa handiak datoz selekzioan.

Motibazio falta esaten duzunean, konpromiso falta esan nahi duzu?

Bai. Horrekin ez dut esan nahi urte osorako konpromisoa hartu behar dutenik. Ez dugu eskatzen denboraldi osoa egitea, baina bai hitzemandako lasterketak ondo prestatzea. Aurten izan ditugu eskiatzaileak lasterketetan entrenatzen baino kilometro gehiago egin dituztenak. Hori ez da posible.

Ez da erraza, hala ere, edozein egunetan entrenatzera joatea.

Ez, hori horrela da. Ez da korrika egitera joatea bezala, baina kirol hau geroz eta teknikoagoa da. Munduko Kopako proba batean, esaterako, minutu batean lau sartzen dira. Igo eta jaitsi batera egiten dute, baina aldaketak egiteko garaian alde ikaragarriak daude. Zaila da hori lantzea elurrik gabe.

Aurtengo selekzioari begira jarrita, tarte handia dago gazteen eta beteranoen artean. Hutsune hori nola konpondu daiteke?

Ez dakit. Urte kritikoak izaten dira 20-25 artekoak. Agian beste kirol batzuk probatzen dituzte, nekatu egiten dira… Sailkapenak ikusita, beteranoak eta gazteak bakarrik daude. Jauzi handia dago. Gaia asko landu behar dugu.

Espainiako Kopan lehiatu zarete. Gainerako lehiakideek ere hala egin al dute?

Kirol hau olinpiarra izango da etorkizunean, eta jendea lanean ari da. Dagoeneko ikusten da. Kataluniarrek beti izan dute egitura on bat, eta ereduak ere izan dituzte, Kilian Jornet esaterako. Gure taldean Martinez de Albornoz eta Quincoces dauzkagu. Koska bat egin dute gora, eta horrek gainerakoei ere gora eginarazten die. Baina adibide nagusia andaluziarrena da: ezer ez zuten, eta sekulako maila dute orain. Pentsa andaluziarrek zenbateko bidaiak egin behar dituzten, baina lehiaketetara mugitzen dira, Pirinioetara. Gu Alpeetara joatea bezala da haien ahalegina! Horretarako motibazioa eta indarra behar dira. Haien plangintza eta lanketa ikusi besterik ez dago, jarraipen handia egiten diete, eta helburuak betetzen ez dituena ez dute deialdietan sartzen. Beste muturrean aragoiarrak daude: elurra gertu daukate, baina teknikoki gu baino maila apalagoa dute.

Deialdiak aipatu dituzu. Posible al litzateke Euskal Selekzioak lasterketa bakoitzerako deialdiak egitea?

Oraingoz ez daukagu oinarririk, baina hori da datorren urterako asmoa. Asteburu honetan Candanchun [Aragoi, Espainia] sarrera proba batzuk egingo ditugu, 10:00etan, datorren urteari begira. Helburua da haur kategorian hastea lanean, baita kadeteekin eta juniorrekin ere. Badakit batzuk azaltzekoak direla, baina ez dakit hogei edo lau izango diren.

Nola erakar daiteke jendea mendiko eskira?

Urte horiekin are eta zailagoa da. Lehenik, gurasoek ere eskiatzaileak izan behar dute, bestela ezin baitira joan ere egin. Ezinbestekoa da eskiatzen jakitea, ez da gure garaian bezala. Txiki-txikitatik eskiatu behar da gaur egun, bestela ezinezkoa da lehiatzea. Gehienak eski alpinotik datozenak izango dira. Kirol olinpiarra izango den unetik aurrera, horrela izan beharko du. Euskal Selekzioak hori izan behar du, saltagailu baten antzekoa Espainiako selekziorako; tamalez, Euskal Herriarekin ezin garelako lehiatu. Horretarako adibide ezin hobeak dira Quincoces eta Martinez de Albornoz.

Etorkizuneko Euskal Selekzioa nolakoa izatea gustatuko litzaizuke?

Kanpotik begiratuta, agian talde itxi baten itxura dugu, baina hau ezin da lagun kuadrilla bat izan. Ondo konpontzen bagara, hobe, baina hau selekzio bat da, ezin dugu ahaztu. Diru publikoarekin ari gara lanean, eta Euskal Herriaren irudi gara kanpora begira. Taldeak duen irmotasun fama hori amaitu behar dugu.

Jendea bertan goxo al dago?

Agian bai. Oso gaztetan hasi izanak ez dizu leku finko bat bermatzen. Pentsaera hori aldatu beharra dago. Bakoitzak bere entrenamenduak eta bere maila zaintzen baditu, hurrengo lasterketarako hautatua izango da; baina, bestela, ez. Oinarri handiago bat izango bagenu, dena errazagoa izango litzateke, eta hori da arazoa, oraingoz ez daukagula oinarri sendorik.

Iruditzen zaizu kirol olinpiarra izanda jendea gehiago gerturatu daitekeela mendiko eskira?

Bai. Gaur egun ez da oraindik oso kirol ezaguna. Olinpiarra bilakatzean, askoz ere ezagunagoa egingo da: telebistan eskainiko dute, jendeak ikusiko du, probak oso ikusgarriak izango dira…

Jendearen espezializazioa ekarriko dute Olinpiar Jokoek?

Mendiko eskiaren barruan esprintak izango dira etorkizuneko diziplina. Suitzarrak asko ari dira lantzen. Autobus bat antolatu dute, eta herriz herri dabiltza umeei probak egiten. Eta suitzarrek zerbait badakite! Esprintak denetarik duten probak dira: hiru minutuko lasterketak, emaitzaren ziurgabetasuna… Edozein oker txiki nahikoa izango da proba ez irabazteko, eta hori erakargarria izango da ikuslearentzat.

Urte batzuk badaramatzazu mendiko eskian. Hainbeste aldatu al da?

Hamar bat urte daramatzat mendiko eskian, eta bai, gauzak ikaragarri aldatu dira denbora gutxian. Lehen, gehienok oso txarrak ginen jaisten, baina, iraupen luzeko kiroletatik gentozenez, fisikoki nahiko indartsuak ginen. Gaur egun, eskitik datorren jendea da. Oso denbora gutxigatik maila eman ez dutenak, baina sufritzen dakitenak. Gaur egun izugarria da nola jaisten diren ikustea. Beste maila bat daukate.

Zein izan dira aldaketarik esanguratsuenak?

Lehen, esaterako, esprintak ez genituen ezagutzen. Gaur egun lasterketak ikusgarriagoak dira, markak sartu dira, babesleak… Uste nuen babesleek dirua ekarriko zutela, baina zera, ez dute ekarri! Gaur egun oso merkea da gazte bati eskiak prezio erdian uztea, gero bere sare sozialetan egingo dien publizitatea aintzat hartuta.

Gertutik bizitzea tokatu al zaizu?

Bai, Iñigo Martinez de Albornozen kasua, esaterako. Berak duen mailarekin, oso zaila egiten zait ikustea babesleek ez diotela nahikoa ordaintzen negua pasatzeko ere. Hori ez da normala! Ez da edozein, Munduko Kopan seigarren postuan ibiltzen den norbaiti buruz hitz egiten ari gara.

SELEKZIOKIDEAK HITZ BATEAN

Nahia Quincoces: Indarra.

Lide Leibar: Teknika.

Igone Campos: Motibazioa.

Maite Maiora: Kronozalea.

Ane Iturria: Eskalatzaile petoa.

Iñigo Martinez de Albornoz: Eredu bat.

Aitor Ajuria: Diamantea.

Txomin Ortiz de Zarate: Estilo librekoa.

Rafa Urbizu: Saiatua.

Ibai Otaegi: Jaisten abila.

Ander Gaviña: Indartsua.

Aitor Ugarte: Etorkizuna.

Panama 0-0 Euskal Selekzioa

Panama 0-0 Euskal Selekzioa

Panamak eta Euskal Selekzioak hutsean berdindu dute. Bero eta hezetasun handia egon da partida osoan, eta horren ondorioz, lehiak ia ez du izan erritmorik