LASTERKETAK
Elgoibarko Mugertza Krosaren 78. edizioa bertan behera geratu da
Elgoibarko Mintxeta Atletismo Taldeak prentsa oharra atera zuen pasa den asteartean, non jakitera eman zuen 2021eko urtarrilaren 24an egitekoa zen Nazioarteko Juan Mugertza Krosaren 78. ekitaldia bertan behera uzteko erabakia hartu duela, COVID19aren pandemia dela eta. Arduradunek gaineratu zutenez, Elgoibarko Udalak bat egin du erabaki honekin, eta erabateko babesa eta adostasuna erakutsi dio atletismo taldeari.
Mintxeta atletismo taldeak hausnarketa prozesu baten ondoren hartu du datorren urteko Mugertza Krosa bertan behera uzteko erabakia. Beraien asmoa krosaren 78. edizioa antolatzea zen, baina horretarako lau baldintza jarri zituzten, eta pandemiaren ondorioz, baldintza horietatik bi ezin direla bete nabarmendu dute.
Lasterketa antolatu ahal izateko dirua bazuten eta horren barruan Udalaren eta babesleen laguntza, eta gainera proba telebistaz ematea ere ziurtatua zegoen, beraz oinarri sendoak bazeuden 2021eko krosa egin ahal izateko. Baina ezingo lukete 20 urtez azpiko atleten parte-hartzea bermatu, eta kategoria absolutuetako bi probak bakarrik antolatu ahal izango lituzkete. Eta horrez gain, une honetan indarrean dagoen araudiak ez du baimentzen kirol proba publikoarekin jokatu ahal izatea.
Antolakuntzan parte hartzen dutenentzat Elgoibarko krosa herriarena eta zaleena da, eta mundo guztian ezaguna izanik, ikuskizunik handiena ematera behartuta daude. Hartara, arestian aipaturiko bi aldagai hoiek kontutan hartuta, haien ustez ez du zentzurik lasterketa bat antolatzeak.
Argi dago Elgoibarko krosa desberdina dela, Euskal Herriko ekitaldirik esanguratsuena da, nazio mailako egutegiko probarik zaharrena, eta atletismoaren mundua murgilduta dauden pertsona gehienentzat, munduko probarik onena.
Guzti hau kontutan hartuta, antolakuntzak ondorioztatu du inguruko osasun neurriak ez direla Elgoibarrek merezi duen moduko krosa bermatu ahal izateko bezainbeste hobetu, eta ondorioz Krosaren 78. edizioa ez egiteko deliberoa hartu du.
Amaitzeko, eskerrak eman nahi izan dizkiete erakundeei, Elgoibarko herriari, babesleei, atletei, boluntarioei, federazioei eta hedabideei eman dieten laguntza leialagatik, eta 2022ko urtarrilean berriz elkar ikusteko desioa helarazi dizkiete guztioi.
Iazko edizioa
Pasa den urtarrilaren 12an, Elgoibarren Juan Mugerza Nazioarteko Krosaren 77. edizioa lehiatu zuten eta aurreikusten zen bezala afrikarrak izan ziren nagusi.
Gizonezkoetan, alde handiz irabazi zuen Tadese Worku etiopiarrak, eta emakumezkoetan, txikiagoak izan ziren tarteak Hellen Obiri keniarraren alde.
Eguraldiak lagunduta ospatu zen elgoibarko kros ospetsua, goiz eguzkitsu zein hotz batean ikusle ugari bertaratu zirelarik lasterketa ikustera.
Obiri zen faborito argia lasterketa irabazteko, 5.000 metroetako munduko txapelduna, eta ez zuen hutsik egin. Bigarren Beatrice Chebet herrikidea helmugaratu zen, sei segundora, eta hirugarrena ere keniarra izan zen, Eva Cherono, 30 segundora.
Gizonezkoetan, ezustekoa eman zuen Tadese Worku korrikalari ezin gazteagoak, estutasun gutxi pasata aise menderatu baitzuen lasterketa 17 urteko gazteak. Bete beharreko hamar kilometroak osatzeko hiru itzuliren faltan, bakar bakarrik geratu zen Tadese Worku lasterketaren buruan eta handik aurrera aurkariei distantzia irabazten joan zen etengabean iazko azpitxapelduna Munduko Kros Txapelketan. Atzetik helmugaratu ziren Richard Yator keniatarra 24 segundutara eta Eritreako Aaron Kifle 27 segundora.
Bestalde, 20 urte azpiko “Mamo Wolde Saria” lasterketetan, korrikalari portulgadarrak nagusi izan ziren, emakumezkoetan Lia Lemosesk irabazi zuen 16 minutu eta 26 segundutako denborarekin, eta gizonezkoetan berriz Etson Barrosek erdietsi zuen garaipena 21 minutu eta 21 segundutan helmugaratuta.
EMAKUMEZKOAK –
- Hellen Obiri (Kenia)25:10
- Beatrice Chebet (Kenia) 25:16
- Eva Cherono (Kenia)25:40
GIZONEZKOAK –
- Tadese Worku (Etiopia) 31:37
- Richard Yator (Kenia)32:01
- Aaron Kifle (Eritrea)32:04
Krosaren emaitzak ikusteko sakatu HEMEN
2021ra arte atzeratu da Gasteizeko Ironmana
Antolatzaileek 2021eko uztailaren 11rako iragarrita dagoen hurrengo edizioan parte hartzeko deia egin dute
II. Tabirako Mendi Lasterketa lehiatu zen iragan asteburuan
Oihana Azkorbebeitia eta Joxe Mari Errasti nagusitu ziren Tabirako mendi lasterketan
Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituaren egutegia zehaztu da
Lehenengo proba irailaren 5ean izango da Igantzin, eta azkenekoa azaroan Adunan oraindik zehaztu gabeko datan