FUTBOLA
Eibarrek lehen mailan jokatuko du hurrengo denboraldian
Emakumezkoen Ligak bertan behera geratu dira eta Eibarko taldeak maila nagusira igotzea lortu du
Ofizialki ostiralean Espainiako Federazioak duen bileran erabakiko bada ere, dagoeneko jakina da, emakumezkoen maila guztietan denboraldia bertan behera gelditu izanaren ondorioz, Eibar Iberdrola Ligan arituko dela datorren denboraldian, Realarekin eta Athletikekin batera.
Izan ere, Reto Iberdrola izenarekin ezagutzen den txapelketa bi multzotan jokatzen zen: Iparraldeko multzoa (Espainiar Estatuko ipar aldekoa) eta hegoaldeko multzoa.
Lehen multzoan, ipar aldekoan, euskal talde hauek zeuden: Osasuna, Alaves, Eibar eta Athletic B.
Txapelketa bertan behera gelditu zenean, Eibar zen igotzeko aukera zutenen artean lehena zihoana (lidergoan zegoen Athletic B taldea filiala denez ezin baitzen igo), eta beraz, Federazioak hartutako erabakiaren ondorioz Iker Dorronsorok zuzentzen duen taldea hurrengo urtean Athletic eta Realaren maila berdinean jokatuko du.
Osasuna laugarren postua eskuratua zuen eta aurretik zihoazenen artean bi filial zeudenez (Athletic B eta Bartzelona B), azken momentura arte izan du ere mailaz igotzeko aukera.
Atzo arte, Espainiako Federazioak 10 taldetako bi multzo egin nahi zituen maila gorenean, 20 talderi jokatzeko bidea emanez eta asmo hori gauzatu izan balitz Eibar eta Osasuna izango ziren igoko zirenak. Baina antolaketa eredu honek ez zuen kluben oniritzia. Lehenagotik probatutako formatua zelako Federazioak proposatzen zuena eta izandako esperientzia gaizki baloratzen zutelako.
Azkenean, Federazioak aho batez, maila gorenean 18 taldetako multzo bakarrarekin jokatzea erabaki du. Ondorioz Reto Iberdrola ligatik Eibar, ipar multzotik, eta Badajozeko Santa Teresa hegoaldekotik igoko dira.
Bestalde, Añorgak izango du aukera Reto Iberdrola mailara igotzeko eta hurrengo egunetan erabaki beharko du zer egin. Izan ere, bigarren mailara igotzeko prozesua, egoitza neutralean lehiatuko litzatekeen play-off «expres» baten bidez egin nahi baitu RFEFk. Aipatu kanporaketa hau, Añorgak jokatu beharko luke, II. Multzoa ordezkatuz, bera baitzen liderra lehiaketa eten zenean.
Kopari dagokionez, finalerdiak (EDF Logroño-Athletic, Bartzelona-Sevilla) eta finala datorren denboraldian jokatzeko erabakia hartu du Espainiako Federazioak.
Kepa Arrieta da Arabako Futbol Federazioko arduradun berria
Uztailaren 23an izandako bozketan Kepa Arrietak 46 bozka jaso zituen eta Antonio Reguerok 21
Reala lehena, Osasuna bigarrena
IV. Euskal Herria Txapela 2019/20 edizioaren partida guztiak jokatuta, Reala eta Osasuna dira lehen postuetan: bien artean jokatuko da finala
Añorgak, Aldaiaren aurka jokatuko du igoera lortzeko kanporaketa
Uztailaren 25ean, arratsaldez, jokatuko da kanporaketa partida bakarrera, Las Rozasen