FUTBOLA/EUSKAL HERRIA KOPA
Finalerdiak: Athletic-Eibar, uztailaren 2an
→ uztarria.eus: Garmendipen jokatuko da Athletic-Eibar emakumeen Euskal Herriko Koparen finalaurrekoa
Leunda, Peña, Alonso, Elduaien, Diaz Zirauki eta Zurutuza, Sanagustinen.
Garmendipen jokatuko da Athletic-Eibar emakumeen Euskal Herriko Koparen finalaurrekoa
Uztarria.eus
Zapatuan izango da partida, 17:00etan, eta sarrera doan izango da. Txapelketaren zortzigarren edizioa da jokoan dagoena. Bigarren finalaurrekoan Realaren kontra zein ariko den gaur erabakiko da, Mulier eta San Ignazio taldeen arteko partidan. Finala, berriz, abuztuaren 25ean izango da.
Azpeitian jokatuko dute futboleko emakumeen VIII. Euskal Herriko Koparen lehen finalaurrekoa. Zapatuan, 17:00etan hasita, neurtuko dituzte indarrak Garmendipen Athleticek eta Eibarrek, eta partida hori aurkeztu dute gaur Sanagustin kulturgunean antolatzaileek, laguntzaileek eta lehian izangon diren kirolariek. Euskal Herria Kirola erakundeko Kike Zurutuza azpeitiarrak, Lagun Onakeko zuzendaritzako Iñaki Leundak, Ainhoa Alonso eta Maria Diaz Zirauki Eibarko eta Athleticeko jokalariek, Xuban Peña Eibarren entrenatzaile azpeitiarrak, eta Estitxu Elduaien Udaleko Kirol batzordeburuak parte hartu dute aurkezpenean.
Euskal Herria Kirola da Euskal Herriko Kopa antolatzen duena. Hego eta Ipar Euskal Herriko hamahiru taldek parte hartu dute zortzigarren edizio honetan; Reala eta Athletic finalaurrekoetan sartuko dira lehian. Beste hamaika taldeek, berriz, sailkapen fasea jokatu dute; hortik iritsi da finalaurrekoetara Eibar, eta Realaren kontrako finalerdia zeinek jokatuko duen gaur bertan erabakiko da, Nafarroako Mulier eta Bizkaiko San Ignazio taldeek Etxaurin (Nafarroa) jokatuko duten neurketan.
“Goi mailako kirol ekitaldia”
Zapatuan Garmendipen ikusi ahal izango dena “goi mailako kirol ekitaldia” dela nabarmendu du Zurutuzak, eta Euskal Herria Kirolaren “filosofia eta oinarriak” ekarri ditu gogora: “Euskal Herri osoa kontuan hartzen duten txapelketak antolatzea eta Euskal Herri osoko kirol egiturak bultzatzea”.
Athleticeko eta Eibarko ordezkariek Garmendipeko partida jokatzeko duten “ilusioa” aipatu dute. “Athletic beti iritsi izan da finalera eta finalak irabazi ere egin ditu, eta oraingoan ere horrela izatea espero dugu”, esan du Diaz Ziraukik. Izan ere, orain arte jokatu diren zazpi edizioek izan dute final bera, Realaren eta Athleticen artekoa; seitan jaso dute kopa Bilbokoek, eta behin Donostiakoek. Eibarrek, aldiz, bigarren parte-hartzea du aurtengo Euskal Herriko Kopan. “Athleticen kontra jokatzeak beti egiten du ilusioa. Saiatuko gara finalera iristen eta espero dugu partida polita izatea, bai guretzat, bai ikusleentzat”, adierazi Alonsok.
Elduaienek, bere aldetik, Euskal Herriko Koparen finalaurrekoa Azpeitian jokatzea “ohore bat” dela azpimarratu du, “txapelketaren filosofiarekin guztiz bat egiten dugulako, kirolean ere naziotasun ikuspegia bultzatzen duen aldetik, eta emakumeen kirola delako eta emakumeen futbolak behar duelako horrelako plaza bat”.
Aurkezpenean parte hartu duten guztiek dei egin nahi izan diete zaleei, zapatuan Garmendipera joan daitezen. Sarrera doan izango da eta “zozketa interesgarriak” egongo direla esan du Zurutuzak.