HERRI KIROLAK/AIZKORA/HARRIA

Egur Sport Txapelketen jardunaldia Larraulen

by | 2020/07/07

Argazkiak: egursport.com

Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketako final laurdenak jokatu zituzten asteburuan Larraulen, non Ugaitz Mugertza eta Ruben Saralegi aritu ziren nor baino nor gehiago. Harrijasotzaileen saioa ere izan zen jaialdian, gizon zein emakumeen mailan.

Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketa

45 ontzako enborrarekin hasi ziren lanean bi aizkolariak, erlojuaren kontra, Mugertza II.ak 43 segundu behar izan zituelarik enborra ebakitzeko eta Saralegik aldiz, 50 segundu.

65 ontzako enborra mozteko, gipuzkoarrak 3 minutu eta 23 segundo baliatu zituen eta nafarrak 4 minutu eta 22 segundu.

Sei enborren gainean, Mugertza II.ak 21´58´´tako denbora behar iza zuen lana amaitzeko eta Saralegik 27´02´´.

Azkenean beraz, erraz nagusitu zen mutrikuarra, orotara 26 minutu eta 4 segunduko denbora eginda, leitzarrak 32 minutu eta 14 segundukoa eginda txapelketatik kanpo geratu zelarik.

Hiru Hamarreko Harri-jasotzaile Txapelketa

Hiru Hamarreko Harrijasotze Txapelketako bigarren jardunaldia jokatu zen atzo eguerdian Larraulen, eta bertan lehiatu ziren Xabier Peñagarikano Peña aizarnazabaldarra eta Jokin Eizmendi zarauztarra.

Beñat Telleria zen aritzekoa larunbateko ekitaldian baina mina hartuta dagoenez, Jokin Eizmendi izan zen Peñaren aurkaria.

125 kiloko hiru harrirekin (zilindrikoa, kubikoa eta bola) aritu ziren lanean harri-jasotzaileak, 2 minutuko txandetan.

Xabi Peñak maila bikaina erakutsi zuen Larraulgo ekitaldian, eta guztira 45 jasoaldi eman zizkien harriei (17 zilindrikoari, 13 kubikoari eta 15 bolari). Eizmendi, ondo ibili zen ere, baina bolarekin ez zuen asmatu eta azkenean 41 altxaldi egin zituen (17 zilindrikoari, 14 kubikoari, eta 10 jasoaldi bolari).

Emakumezkoen Harri-jasotze Txapelketa

Emakumezkoen harrijasotze txapelketako bigarren jardunaldia ere lehiatu zen, eta honakoan Karmele Gisasola Zelai III.aren txanda izan zen.  63 kiloko hiru harrirekin aritu zen lanean, guztira 48 altxaldi egin zituelarik (19 zilindroari, 11 kubikoari eta 18 bolari).

XXIII. Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketa “Eusko Label Saria”:

Honako edizioan, bederatzi aizkolarik hartuko dute parte: Iker Vicente, Mikel Larrañaga, Julen Alberdi ‘Txikia IV.a’, Jon Rekondo, Ugaitz Mugertza II.a, Eneko Otaño, Ruben Saralegi, Iñaki Azurmendi eta Jexux Mª Mujika. Egin beharreko lana, sei enbor ebakitzea hiru modalitate hauetan: erlojuaren aurkakoa, abiadurakoa eta azken proba.

Hiru Hamarreko Harrijasotze Txapelketa:

Sei harri-jasotzailek parte hartuko dute lehenengo edizioan: Xabier Peña, Mikel Lopetegi ‘Urra’, Imanol Albizu ‘Goikoetxe’, Beñat Telleria, Inhar Urruzuno eta Urdax Magunazelaia. Txapelketa hiru harri ezberdinekin jokatuko da bi minutuko denboran, zilindro zaharra, kubikoa eta bola, hain zuzen ere, guztiak 125 kilokoak (berez 10 arroba direnak, hortik baitator “Hiru hamarreko” izendapena).

Emakumezkoen Harrijasotze Txapelketa “Kirolbet Saria”:

Parte hartuko duten harri-jasotzaileak honakoak izango dira: Virginia Finol eta Karmele Gisasola (63 kiloko harri zilindriko, kubiko eta esferikoarekin arituko dira) eta Udane Ostolaza, 50 kiloko harri berdinekin arituko dena.

Share This