HERRI KIROLAK/AIZKORA/HARRIA

Egur Sport-en hiru lehiaketak ekainaren 27an abiatuko dira

by | 2020/06/12

Argazkiak: egursport.com

Aizkora denboraldi ez-ohiko honetan, Egur Sportek antolatutako txapelketek bidea irekiko dute, izan ere, ekainaren 27an, Urrezko banakako aizkolari txapelketa, Hiru hamarreko harrijasotze txapelketa eta emakumezkoen harrijasotze txapelketa hasiko dira.

XXIII. Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketa “Eusko Label Saria”:

Aurten ere, Urrezko Aizkolari Txapelketa lehiatuko da baina indarrean dauden osasun arazoak direla eta, ekainean, uztailean eta abuztuan egingo da aurtengo edizioa.

Honako edizioan, bederatzi aizkolarik hartuko dute parte: Iker Vicente, Mikel Larrañaga, Julen Alberdi ‘Txikia IV.a’, Jon Rekondo, Ugaitz Mugertza II.a, Eneko Otaño, Ruben Saralegi, Iñaki Azurmendi eta Jexux Mª Mujika.

Finalerdietako fasean, 2019ko XXII. edizioko lehen hiru sailkatuak sartuko dira zuzenean. Hauek dira: Iker Vicente, Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi ‘Txikia IV.a’, final-laurdenetako irabazleen aurka lehiatuko direnak, zozketaren aurreko hurrenkerari jarraituz.

Final-laurdenetan hasiko da txapelketa beraz, non Jon Rekondo leitzarra eta Iñaki Azurmendi arituko dira aurrez aurre ekainaren 27an, irabazle suertatzen denak Iker Vicenteren aurka jokatuko duelarik finalerdia.

Bigarren finalerdia, uztailaren 4an izango da, bertan Ruben Saralegi eta Ugaitz Mugertza II.a nor baino nor gehiago ariko direlarik, irabazleak Txikia IV.aren aurka lehiatuko delarik finalerdian.

Hirugarren eta azken finalerdian, uztailaren 11n, Eneko Otaño Jesus Mujikaren kontra neurtuko ditu indarrak eta irabazleak Mikel Larrañagaren kontra jokatuko du finalerdian.

Finalerdietako hiru irabazleek finala jokatuko dute abuztuaren 1 edo 2an.

Egin beharreko lana, sei enbor ebakitzea hiru modalitate hauetan: erlojuaren aurkakoa, abiadurakoa eta azken proba.

Hiru Hamarreko Harrijasotze Txapelketa:

Harri-jasotze modalitatea sustatzeko ildoari jarraituz, harrijasotze txapelketa berri bat jarri du martxan Egur Sportek, zeinean sei harri-jasotzailek parte hartuko duten lehenengo edizioan: Xabier Peña, Mikel Lopetegi ‘Urra’, Imanol Albizu ‘Goikoetxe’, Beñat Telleria, Inhar Urruzuno eta Urdax Magunazelaia.

Emango diren norgehiagokak hurrengoak izango dira: Urdax Magunazelaia Mikel Lopetegiren kontra, Xabi Peñagarikano Beñat Telleriaren aurka eta Imanol Albizu Goikoetxe Inhar Urruzunoren kontra. Harri-jasotzaile bakoitzak bi jardunaldi jokatuko ditu, jasoaldi kopurua gehituta, eta finalerako hiru markarik onenak sailkatuko dira. 

Txapelketa hiru harri ezberdinekin jokatuko da bi minutuko denboran, zilindro zaharra, kubikoa eta bola, hain zuzen ere, guztiak 125 kilokoak (berez 10 arroba direnak, hortik baitator “Hiru hamarreko” izendapena).

Emakumezkoen Harrijasotze Txapelketa “Kirolbet Saria”:

Parte hartuko duten harri-jasotzaileak honakoak izango dira: Virginia Finol eta Karmele Gisasola (63 kiloko harri zilindriko, kubiko eta esferikoarekin arituko dira) eta Udane Ostolaza, 50 kiloko harri berdinekin arituko dena.

Lehiaketaren egutegiak fase bat izango du aurretik, eta harri-jasotzaile bakoitzak bi aldiz jardungo du fase horretan. Finalerako guztiak sailkatuko dira, eta azken markarik onena egina duena hirugarren postuan lehiatuko da egun horretan.

Hiru lehiaketa hauek ekainaren 27an hasiko dira eta abuztuaren 1ean edo 2an izango dute amaiera, eta jardunaldi guztiak, ETBk eta Euskadi Irratiak emango dituzte.

Share This