EUSKAL PILOTA

Donibane Lohizuneko lehenengo bi masterrak lehiatu dira

2020/08/06

Argazkiak: Jai Alai News ​

Covid19 gaitzak sorturiko egoerak gauzak asko zaildu baditu ere azkenean lehiatzen ari dira zesta puntako txapelketak Donibane Lohizuneko pilotalekuan, momentuko puntistarik onenak bertan direla.

Dena ondo bidean, aurtengo denboraldia uztailaren 16an hasi eta abuztuaren 27an bukatuko da, eta jaialdiak astearte eta ostegunero jokatuko dira.

Donibane Lohizunen jokatzen den Internationaux txapelketako lehen masterraren finala jokatu zen pasa den astean Campos Berri frontoian. Imanol Lopezek Olharanekin osatzen zuen bikotea master honetan, eta finalerdian erakutsitako nagusitasuna berretsi zuten finalean ere. Erkiaga eta Ihitsagueren aurka lehiatu zuten finala eta bi set nahikoa izan ziren txapelketa Olharan eta Lopezen aldera erortzeko (15-8, 15-9).

Astearte honetan berriz, partida ederra jokatu zuten Erkiaga-Aimar eta Barandika-Lopez bikoteek, Donibane Lohizuneko bigarren masterreko finalean.

Lehen setean urdinak (Barandika eta Lopez) joan ziren aurretik uneoro (2-6, 4-7, 9-13) baina gorriak suspertu ziren eta 13na eta 14na berdintzea lortu zuten. Azkeneko tantoa, hamabosgarrena, gorrientzako izan zen (15-14), hartara partidako lehenengo setaren garaipena eskuratu zutelarik.

Bigarren seta urdinen aldekoa izan zen hasi eta buka. Maila bikaina erakutsi zuten Barandika eta Lopezek eta erraz nagusitu ziren, 15-9 emaitzarekin. Azken setean, set laburrean, erabaki zen txapela beraz. Berdinketaz berdinketa joan ziren partidan zehar (1-1, 3-3, 4-4) eta azken seteko azken tantuan erabaki zen mastersa. Tantoa Barandikak egin zuen, zazpigarren koadroan errebote bat hartu eta zabalera botata. Jokalariek leher eginda amaitu zuten, kantxan botata eta ikusleak, berriz, zutik txaloka.

Orain arte jokatutako bi mastersak irabazi ditu Imanol Lopez zumaiarrak, lehena Olharanekin, eta bigarrena Barandikarekin , eta horri esker ziurtatu du Donibane Lohizuneko Grand Slamean egotea.

Gaur, abuztuak 6, hasiko da hirugarren masterra, eta Iñaki Osa eta Ibon Aldazabalek Beaskoetxea eta Basqueren aurka jokatuko dute lehen finalerdia. Bigarrengoan Barandika-Aimar eta Olha-Lekerika bikoteek neurtuko dituzte indarrak. Jaialdia 21:00etan hasiko da Campos Berri frontoian.

Partida guztiak Frantziako Canal+ telebistak ematen ditu zuzenean antolakuntzarekin lorturiko hitzarmena sinatu eta gero, eta youtube bidez ere ikusteko aukera dago.

Aurtengo denboraldiko txapelketak:

Nazioarteko SERIES Txapelketa: uztailaren 16tik 21era (bi finalerdiak uztailaren 16an izango dira eta finala uztailaren 21ean).

MASTER 1 Txapelketa: uztailaren 23tik 28ra (finalerdiak uztailaren 23an eta finala uztailaren 28an).

MASTER 2 Txapelketa: uztailaren 30tik abuztuaren 4ra (finalerdiak uztailaren 30ean eta finala abuztuaren 4ean).

MASTER 3 Txapelketa: abuztuaren 6tik 11ra (finalerdiak abuztuaren 6an eta finala abuztuaren 11an).

MASTER 4 Txapelketa: abuztuaren 13tik 18ra (finalerdiak abuztuaren 13an eta finala abuztuaren 18an).

Lehiaketa hauetan emaitza onenak lortzen dituzten bikoteek azken torneo batetan (Gran Slam izenekoa) neurtuko dituzte indarrak haien artean.

SLAM Txapelketa: abuztuaren 20tik 27ra (lehenengo finalerdia abuztuaren 20an, bigarren finalerdia abuztuaren 25ean eta finala abuztuaren 27an).