FUTBOLA/EUSKAL HERRIA TXAPELA

Denboraldi berriko lehen euskal titulua aurkeztuta

2017/07/16

 

Uztailaren 13an aurkeztu zen Euskal Herriko gizonezkoen Lehen Txapelketako finala. Lasesarre futbol zelaiko berdegunean, abuztuaren 12an, arratsaldeko 19:30tatik aurrera finala jokatuko den tokian bertan izan ziren Jose Angel Iribar, Alfonso Churruca eta Kike Zurutuza, Athletic, Alaves eta Euskal Herria Kirolako ordezkariak hurrenez hurren final honen xehetasunak ematen.

Garaikurra eta txapela aurrean zuela, Kike Zurutuzak esplikatu zuen aurkezten zena “denboraldi berriko lehen tituluaren lehia” zela Euskal Herriko Gizonezkoen lehen txapelketa hau. Partidak ez duela luzapenik izango ere azaldu zuen eta berdinketa emanez gero “zuzenean penaltietara joango ginateke”.

Sarrerak 15 edo 20 eurotan erosi ahal izango dira (16 urtez beherakoek 5 euro bakarrik ordaindu behar dituzte) eta diru etekinik balego “hiru taldeen artean erabakiko da diru horri zer nolako irteera eman, beti ere oinarrizko futbola, emakumezkoen futbola edo Euskal Herriko kirolariak aintzat hartuta”.

Jose Angel Iribarrek, Athleticen ordezkari modura, ere hartu zuen hitza eta beraientzat ohorea zela esan zuen lehen final honetan parte hartzea: “euskal taldeentzat horren denboraldi bikaina izan den honetan Athletic lehen postuan ikustea benetan poztekoa da”.

Euskal Herria Kirolak antolatzen duen txapelketa hau beraz, martxan dago. Emakumezkoen kasuan berriz, zazpigarren finala jokatuko dute aurten, abuztuaren 27an Elgoibarren, Athletic-ek eta Realak.