EUSKAL PILOTA
Dena prest Binakako Master Laboral Kutxako finalerako
Pasa den asteartean, martxoaren 22, goizeko 11.30etan, 2022ko Binakako Master LABORAL KUTXA txapelketako finalaren aurkezpena egin zuten partida jokatuko den Irungo Uranzu pilotalekuan bertan, finalean arituko diren Aldai-Capellan eta Arrizabalaga-Gaminde pilotariak aurkezpenean izan zirelarik.
Irungo Uranzu pilotalekua plaza berezia da Emakume Master Cup zirkuitoaren barruan, bertan ospatu baitira binakakoaren azken bi finalak, baina igande honetakoa berezia izango da, azken bi urteetan pandemiak eta handik eratorritako osasun neurriek galarazi ondoren, aurtengo Binakako Master LABORAL KUTXAko pilota mistoko elite mailako finalak frontoiko harmailak jendez gainezka jokatuko baitira. Urtez urte, eta arazoak arazo, Irungo Udalak esfortzu handia egin du emakumeen esku pilotarik onena euren herrira ekartzeko eta azkenean, aurten festa erabatekoa izango da, pilotazaleen berotasunak beti ematen diolako beste puntu bat ikuskizunari.
Eta kantxa barruan ere ikuskizunak erabatekoa izateko osagai guztiak ditu, ezbairik gabe, txapelketako bi bikoterik onenak heldu direlako finalera, Amaia Aldai-Andrea Capellan eta Olatz Arrizabalaga-Enara Gaminde, hain zuzen ere. Bi bikoteek ere antzerako izaera dute, esperientzia eta maila handiko bi aurrelari ausart eta azpitik indar handiz heldu diren bi atzelari gazte. Gernikako aurrelariak bere binakako hirugarren finala jokatuko duen bitartean, bi atzelariek lehena izango dute aurtengoa eta presioari aurre egiteko duten gaitasunak zeresan handia izan dezake igandeko finalean. Ohi bezala, Irunen egoterik ez duten pilotazaleentzat jaialdia ETB-1k zuzenean eskainiko du jaialdia eta emanaldia www.eitb.eus ataritik ere jarraitu ahal izango da.
Maila handiko final irekia espero da, lau pilotariek ere pilotan asko jokatzen dutela erakutsi baitute orain arteko bederatzi jardunaldietan. Finaleko partidak berak aurrekari bat ere izan zuen, Astelena bezalako pilotaleku historiko batean eta partidak ere agertokiaren historiari erantzun zion. Lehia ikusgarri baten ostean Olatz Arrizabalaga eta Enara Gaminde 22-16 nagusitu ziren.
Apirilaren 3an gizonezkoen Binakakoaren txapeldunak nortzuk izango diren jakingo badugu, igande honetan emakumezkoen txapelak nortzuk jantziko dituzten erabakiko da.
Eskuz binakako Master Laboral Kutxa txapelketa
Laboral Kutxa Masterreko Binakako txapelketaren VI. edizioan 42 bikote arituko dira lehian, 30 pilota goxoarekin eta 12 mistoarekin. Azken urteetan egin den bezala, txapelketa bi maila nagusitan banatuko da erabili beharreko materialaren arabera: pilota goxua eta pilota mistoa. Eta horien barruan beste bi talde: gazte eta senior mailak pilota goxuan eta promozio eta elite mailak mistoan. Ohi bezala, bikote gehienak pilota goxoarekin arituko dira, 30 bikote, eta 12 pilota mistoarekin
Jaialdirik gehienak Gipuzkoan jokatuko dira: Txorierritik abiatuta, Gabiria, Elduain, Ormaiztegi, Segura, Asteasu, Legazpi, Lezo –bertan jokatuko dira finalerdiak- eta Irun bisitatuko ditu aurtengo Master Laboral Kutxako edizioak, txapelak martxoaren 27an Irungo Uranzu pilotalekuan hirugarren urtez jarraian egingo den final nagusian banatuko direlarik.
Erremonteko Master UTS txapelketaren finalerdiak jokatu dira
Urrizak Endikari 30-28 eta Barrenetxea IV.ak Ansari 30-25 irabazita, otsailak 8an jokatuko den finalerako sailkatu ziren
Emakume Master Cup txapelketa Antzuolan
Larunbatean lau partida jokatu zituzten, bi 16 urtez azpikoak eta bana pilota goxoarekin –promoziokoa– eta mistoarekin.
Emakume Master Cup Txapelketa Antzuolan
Txapelketaren aurre-kanporaketako bigarren jardunaldiko partidak izango dira larunbatean, Antzuolako Udal Pilotalekuan