MENDI LASTERKETAK
Datorren urterarte atzeratu dute XIV Orduak mendi martxa
Olinpiar Jokoak urtebete atzeratu dira, eta gauza bera gertatu da XIV Orduak mendi martxarekin
Maiatzaren 31n egitekoa zen XIV Orduak mendi martxa, koronabirusaren pandemiaren eraginez ez da aurten egingo, proba antolatzen duen Aralarko Adiskideak elkarteak datorren urtera arte atzeratzeko erabakia hartu baitu.
Konfinamendua ezarri osteko ostegunean elkartu ziren zuzendaritzakoak eta hartu zuten lehen erabakia, apirilean irekitzekoa zen izen ematea ez zabaltzea izan zen. Gerora, egoera luzatzen joan da eta Mendi Federaziotik komunikatu bat atera zuen mendi proba guztiak bertan behera geratzen zirela esanez.
Azkenik, Tokioko Joko Olinpikoak 2021era pasatzeko erabakia etorri zen, eta Olinpiar Jokoak izaten diren urte berean egiten denez proba, mendi martxa ere hurrengo urterako utzi da.
Hala ere, 2021ean zer gertatuko den ikusteke dago oraindik, pandemiaren bilakaeraren nondik norakoak aztertu beharko dira eta bertan behera geratu diren gainerako ekitaldi guztiak noiz egingo diren jakin beharko da ere. Hartara, momentuz ez da zehaztu datorren urteko zein egunetan egingo den XIV Orduak mendi martxa, 2021eko egutegiaren xehetasunak jakiten diren heinean hartuko delarik azken erabakia.
XIV orduko Ibilaldia, lau urtez behin eta Olinpiadetako urteetan burutzen den proba da. Tolosatik irten eta Ibarra, Leaburu, Gaztelu, Berastegi, Orexa, Lizartza, Areso, Gorriti, Azpiroz, Lekunberri, Baraibar, Iribas, Uharte Arakil, Amezketa, Alegia eta Altzo zeharkatu ondoren Tolosan bertan amaitzen da 70 km.-ko mendi martxa hau 17 herritatik pasatu ondoren (10 Gipuzkoan eta 7 Nafarroan).
Ibilaldi honek 1925 urtean 14 lagunek egindako ibilbidea gogorarazten du. Berriro ere 1926an eta 1943an egin zen mendi martxa. Eta 1967tik aurrera lau urtean behin egin izan da, joko olinpikoak ospatu direnetan.
Ibilbidea anitza eta konpletoa da: igoera eta jaitsiera gogorrak ditu, lautadak, belarrezko bideak, lokatza, harria eta errepidea; ibaiak gurutzatzen ditu, basoak, zabalguneak.
68.529 metroko luzera du ibilbideak, 1.946 metroko desnibel positiboa, 30.375 metro errepide asfaltatuetan igarotzen dira, 17.816 metro pistaz, 15.338 mendi-bideetan eta 5.000 jaitsiera oso maldatsuetan. Ibilbidea osatzen duten mendizaleen kopurua, % 80 eta 90 bitartekoa da, edizioen arabera.
FITXA TEKNIKOA
Data: 2020ko maiatzak 31 (2021era atzeratua)
Irteera eta helmuga: Tolosa [Gipuzkoa]
Irteera ordua: 05:00
Distantzia: 68,529 kilometro
Desnibel positiboa: 1.946 metro
Pasagune kontrolak: 7
Edari-postuak: 7
Gehieneko altuera: 1.237 metro [San Migel]
Gutxieneko altuera: 76 metro [Tolosa]
Gutxieneko denbora: 12 ordu
Gehieneko denbora: 16 ordu
Mendi Lasterketako Lineako 2019 Euskal Herriko Txapelketa
Hassan Ait Chaouk eta Amaia Amantegik irabazi dute Mendi Lasterketen Euskal Herriko Txapelketa
.
Maila handia erakutsi zuen Euskal Selekzioak Mendi Lasterketako Munduko Kopako hirugarren proban
TransVulcaniaren ostean, igandean bertan izango dute hurrengo hitzordua Saint-Honorén (Frantzia)
[BIDEOA] Oihana Azkorbebeitiak irabazi du Japonian
Abadinoarrak Munduko Kopako aurreneko kilometro bertikala irabazi du Euskal Selekzioarekin