EUSKAL PILOTA
Bueltan dira Zesta Puntako txapelketak
Etenaldiaren ondoren bueltatu gabe zegoen pilota modalitate bakarra zen zesta punta baina azkenean asteburu honetan jokatuko dira aurreneko partidak Markinan
Hego Euskal Herrian udako zesta punta profesionalaren denboraldia galduko zela espero bazen ere, eta aurretik puntistak Iparraldeko frontoietan lehiatuko zirenaren ustearen aurka (Internationaux txapelketak jokatuko dira uztailaren 16tik aurrera Donibane Lohizunen), azkenean Markina-Xemein Jai Alai Masters Series torneoa lehiatuko da uztailean zehar, Gernika Jai Alai empresak eta Markinako zesta eskolak antolaturikoa.
Txapelketa hau bi finalerdi eta finalaz osatua dago, eta uztailaren 10, 16 eta 19an izango dira hiru ekitaldiak: lehenengo finalerdia uztailaren 10ean, bigarren finalerdia uztailaren 16an eta azkenik, finala uztailaren 19an.
Bertan, momentuko puntistarik onenak bilduko dira eta ostiraleko partidan Diego Beaskoetxea-Unai Lekerika bikoteak Aritz Erkiaga eta Ibon Aldazabalen kontra neurtuko ditu indarrak, Jai Alai Masters Series txapelketako lehenengo finalerdian, gaueko hamarretan hasiko den jaialdian.
Bigarren finalerdia datorren ostegunean jokatuko da, uztailak 16, Iñaki Osa ‘Goikoetxea’ eta Nicolas Etchetok osaturiko bikotea, Alex Hormaetxea eta Imanol Lopezen aurka arituko delarik, arratsaldeko seiretatik aurrera.
Finalerdiak irabazten dituzten bi bikoteek, finala jokatuko dute uztailaren 19an, igandea, 18:00tatik aurrera.
Masters Series txapelketarekin batera, beste torneo bat abian da dagoeneko, non profesionalak eta afizionatuak nahastuta osatuko diren bikoteek hartuko dute parte.
Iragan ostiralean jokatu ziren aurreko faseko partidak, eta hainbat zale elkartu ziren Markina-Xemeingo frontoiko harmailetan Alex-Aimar-Goixerri-Manzi eta Aaron-Salegi-Antxon-Zabala bikoteen arteko norgehiagokak ikusteko.
Goixerri eta Manzi nagusitu ziren lehenengo partidan, Alex Goitia eta Aimar Aldazabali 30-17 irabazita. Bigarren partiduan emozio gehiago egon zen, izan ere, Aaronek eta Salegik 28 egin zuten eta Antxonek eta Zabalak 30.
Bi bikote irabazleek hurrengo kanporaketarako txartela eskuratu zuten eta beraz, uztailaren 10ean Goixerrik eta Manzik Barandika eta Ibarluzearen aurka neurtuko dituzte indarrak, eta Antxonek eta Zabalak, berriz, Karmen Egunean, uztailak 16, jokatuko dute Arbe eta Mandiolaren aurka.
Eusko Label Binakako Pilota Txapelketaren finalerdiak jokatu dira
Datorren igandean, otsailaren 27an, 12:00etan hasita jokatuko dituzte finalak Azkoitiako Gurea pilotalekuan
Eskuz binakako Master Laboral Kutxa txapelketako saioa jokatu da Elduainen
Hainbat partida jokatu ziren pasa den igandean, goizeko 10:30etatik aurrera Udal pilotalekuan
Barrenetxeak jokatuko du 2022ko Iparlur Masterseko finala
Juaneneari gailendu zaio finalerdian, argi eta garbi (30-14)