EUSKAL PILOTA/XAREA

Borteyru anaiek bere lehenengo San Migel Xare Irekia lortu dute

by | 2021/10/04

Argazkiak: Ametsa pilota elkartea

San Migel eta Gazteak Xare Irekien finalak jokatu ziren pasa den larunbatean, urriak 2, Irurako Ametsa trinketean, non nagusien mailan Borteyru anaiek 40-33 irabazi zioten Larronde-Etxebest bikoari eta gazteetan Halsouet-Vila bikoak 40-31 Zabalegi-Mujika bikoari.

Xareko jaialdi bikainaren lehen finala, 17:00etan, I. Gazteak Xare Irekikoa izan zen, Urruñako Halsouet-Vila bikoak, Zabalegi-Mujika irurar bikoaren kontra jokatu zuelarik. Urruñarrak ziren faborito txapelketa osoan erakutsi duten nagusitasunagatik eta ez zuten hutsik egin, 40-31 irabazi ziotelarik etxeko bikoteari. Hala ere, hasiera oso ona eman zioten lehiari irurarrek, eta bost-sei tantoko aldea ireki zuten markagailuan, baina partidaren erdira iritsitakoan, Iparraldeko bikoak aurrea hartu eta azkenean garaipena beraiena izan zen.

Final nagusian berriz,  III. San Migel Xare Irekian, Larronde-Etxebest bikoak Borteyru anaien kontra jokatu zuen, faborito argirik gabeko norgehiagokan. Bikote biek nahiko maila antzekoa emana zuten txapelketan zehar eta finala ere horren islada izan zen.

Partida parekatua izan zen eta azken hamarkada bitartean pilotariek oso ondo jokatu zuten, baina bukaeran Borteyru anaiek ihes egin zuten markagailuan eta partida beraien alde erori zen. Lehenengo aldia zen elkarrekin parte hartzen zutela Irurako torneoan eta emaitza ezin hobea eskuratu zuten, txapela etxera eramanda.  

Antolatzaileek oso balorazio positiboa agertu zuten aurtengo ekitaldiaren inguruan, izan ere, aurten gazte mailako txapelketa berreskuratu dute, eta hor ahalegin handia egiten ari dira xarearen alde, bai elkartetik eta baita Irurako Udalaren aldetik ere. Irura xarean jokatzen den Hegoaldeko herri bakarrenetakoa dela kontuan izanda, nagusien mailan jokalari onenak etortzen dira Irurara San Migel Irekian parte hartzera eta hori ere azpimarratzekoa da.

Erremontearen Eguna ospatu da Galarretan

Erremontearen Eguna ospatu da Galarretan

Endika Barrenetxeak lortu zuen Urrezko Erremontea Saria aurrenekoz eta Estelarrean Juanenea-Ezkurra-Ion hirukoteak 40-35 irabazi zion Urriza eta Barrenetxeak osaturiko bikoari